Azken asteetan asko eta askomintzatu zaizkio Argentinako selekzioari, edo zuzenean jokalariei, eskatzeko ez zezala joka Israelen aurkako lagun arteko futbol partida. Komunikabide batean baino gehiagotan atera da 70 haur palestinarrek Leo Messi futbolariari idatzitako gutuna ere, ez jokatzeko eskatuz. Eta, hain zuzen ere, jokalari ezagunak jasotako "mehatxuak" hartu ditu argudio gisa Argentinako Futbol Elkarteak partida bertan behera uzteko.
Erabakia ontzat eman du Hugo Moyano presidenteordeak: "Toki horietan gertatzen dena, horrenbeste jende hiltzea, ezin dugu onartu gizaki gisa. Jokalarien familiak mehatxuak pairatzen ari ziren". Ordea, Argentinako Segurtasun ministro Patricia Bullrichek ez zuen partida bertan behera uzteko arrazoi "sendorik" ikusten. Haren iritziz, palestinarrek ez dute zertan irainduak sentitu kirol joko batengatik.
Jokalarien artean Gonzalo Higuain izan da hitz egin duen bakarra. Erabaki "zuzena" izan da aurreralari argentinarraren iritziz. "Lehenengo osasuna eta sen ona dago. Uste dugu zuzenena ez joatea dela".
Hasiera batean, Haifan jokatzekoa zen partida, baina, azken unean, Israelgo Gobernuak Jerusalemen jokatzea erabaki zuen, besteak beste, nazioarteak hiria hiriburutzat onar dezan egiten ari den kanpainaren barnean. Erabakiak Palestinaren aldeko taldeen haserrea eragin zuen. Lagun artekoa bertan behera uzteko erabakia eskertu egin du Palestinako Futbol Elkarteko zuzendari Susan Shalabik. Hark ohartarazi zion Argentinari "tresna politiko" gisa erabili nahi zuela Israelek.
Aldiz, Tel Avivek kritikatu egin du erabakia. Avigdor Lieberman Defentsa ministroak "Israelen etsaien presioari men" egitea egotzi dio Argentinari: "Horien helburu bakarra da bere burua defendatzeko Israelen eskubideari kalte egitea eta estatua suntsitzea". Hurrunago joan da partidaren antolatzaile izan den Comtec Group taldea, zeinak eskatu dion selekzioari ez dezala etsi "terroristen aurrean".