Caja Laboral Baskonia 67. Real Madril 66

Argentinako odola

Caja Laboralek larri irabazi dio Real Madrili, huts askoko partidan; Prigioni eta Nocioni izan dira onenak, gidaritzan eta borrokan15.504 zale bildu dira Buesa Arenara, eta ACB ligako marka berria ezarri dute

Andoni Urbistondo.
2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Caja Laboral Baskonia. Prigioni (6), Nemanja Bjelica (10), Teletovic (8), Nocioni (12), Lampe (10) —hasierako bostekoa—; Heurtel (5), Oleson (8), Milko Bjelica (8) eta Ribas.

Real Madril. Llull (16), Suarez (3), Pocius (6), Mirotic (11), Begic (6) —hasierako bostekoa—; Singler (11), Tomic, Reyes (5), Rodriguez (3) eta Velickovic (5).

Markagailua. 14-7, 34-26 (atsedenaldian); 48-50 eta 67-66.

Epaileak. Arteaga, Garcia Ortiz eta Fernandez. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 15.504 ikusle inguru Buesa Arenan, marka berria ACB ligan.

11 puntu nahi zituen, baina bakarrarekin konformatu behar izan du. Baskoniak puntu bakarragatik menderatu zuen Real Madril, eta sailkapeneko lehen bi postuetako bat lortzeko borrokan jarraituko du liga erregularreko azken bost jardunaldietan. Erronka zaila da, gasteiztarrek Real Madrilek baino bi garaipen gehiago lortu beharko dituelako. Erronka gertuago dago, baina ez sobera, zaila baita Real Madrilek bi dema galtzea hain tarte txikian.

Lastima izan zen, Baskoniaren partida hasiera onak 11 punturen alde hori lortzeko moduko errenta zela erakutsi baitzuen. Madrildarrak ito zituen defentsan Ivanovicen taldeak, eta zazpi puntura mugatu euren erasoko jarduna lehen laurden osoan. Datua esanguratsua da, Pablo Lasoren taldeak 80 puntu pasa saskiratzen dituelako partidako. Baskonia ez zen askoz hobeto ibili erasoan, 14 puntu bakarrik sartu zituelako, baina defentsako lan onak hauspoa eman zion minutu luzez markagailuan aurretik irauteko.

Real Madrilek zortzi minutu eman zituen lehen laurdenean punturik saskiratu gabe, baina Baskoniak ez zuen nahi beste etekin lortu. 11-3 aurreratu zen aurrena, 20-12 gero, 25-15 ere bai. Lasaitasun apur bat izateko unea zen, baina Baskonian lasaitasuna Prigionik ematen du, eta argentinarra aulkian zegoen bi falta egin ondoren. Prigionirekin erritmo geldoan zihoan partida, Baskoniari komeni zitzaion erritmoan, baina Heurtelekin goitik behera aldatu zen egoera. Frantziarra bizia da, azkarra bat-batekoan, eta jaurtiketa ona du, baina gidaritzan dena du ikasteko. Jubenil mailan ere egiten ez diren opariak egin zituen, eta Real Madrili korrika egiteko, suelto jokatzeko baimena eman.

Ondorioa? Real Madril partidara itzuli zela. 25-19 aurrena, eta 28-24 ondoren, Nole Velickovicek bost puntu saskiratuta. Kolpea ondo hartu zuen, halere, Baskoniak, eta Milko Bjelicak eta Teletovic kapitainak hiru puntuko jokaldiak gauzatu zituzten, aldageletara joan aurretik bere taldeari lasaiago aritzeko aldea emateko berriro: 34-26. Estatistikek nagusitasun argiagoa ematen zioten etxeko taldeari: 43 arabarrentzat, 14 madrildarrentzat.

Urduritasuna

Zortzi punturen alde horri eustea eta pixkanaka luzatzea zen etxekoen asmoa, baina bestelakoa zen Real Madrilen asmoa. Garaipenaren bila irten ziren espainiarrak, eta azkar esan zion Baskoniari garesti salduko zuela bere porrota. Singlerrek 37-33koa jarri zuen, Mirza Begicek 37-35ekoa eta Suarezek aurretik jarri zuen bere taldea, lehen aldiz hiruko on bat saskiratuta: 42-43. Baskoniak atzean estutu zuen berriro, eta 46-43 aurreratu. Giltzarrapoa jarri zuen bere saskian, baina Heurtelek, erritmo azkarrean jokatzeko tematuta, arnasa eman zion Real Madrili hamaikagarrenez. Hamar minuturen faltan, bi puntuko aldea zuten zuriek: 48-50.

Hirunaka gehitzen ekin zion Baskoniak. Teletovicek hiru puntuko jokaldia, eta aspaldiko partez oso txukun aritu zen Nemanja Bjelicak bi hiruko jarraian. Partidako jokaldi erabakigarria serbiarraren bigarren hirukoa baino lehenago gertatu zen, ordea. Prigioniri hirugarren falta adierazi zioten epaileek partida bukatzeko zazpi minutu luze geratzen zirela, eta zale askok «akabo!» pentsatu zuten. Ivanovicek, ordea, ez zuen aulkira eraman, eta argentinarrak balantza desorekatu zuen bere maisutasunarekin. Asistentzia Bjelicari, biko bat eta puntu bateko beste bi jaurtiketa, Baskonia aurretik mantentzeko. Argentinarrak puntu bateko beste bi jaurtiketa huts egin zituen, baina ordurako ondo lotuta zeukan aginte makila.

Jokaldi erabakigarrian, asistentzia ona eman zion zonan Nocioniri, eta hegalekoak biko erabakigarria gauzatu. Hurrengo erasoan errebote garrantzitsua berreskuratu zuen. 12 puntu eta 8 alderatze pilatu zituen, eta liga bukaeran haren laguntza handia izango dela berretsi. Grina handiarekin jokatu zuen, eta parean zituen guztiak xaxatu. Saskiratzeak gauzatutakoan ere, Buesa Arena lepo bete zuten 15.504 ikusleei taldea hauspotzeko ageriko keinuak egin zituen, eta bera izan zen onena. Sergio Llull bitan festa izorratzear egon bazen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.