B Multzoa

Argentinarekin, Hego Korea

Aurrenak Greziari ere irabazi egin dio, eta bigarrenak puntu bat urratu du Nigeriaren aurka. Greziak ez du ezer egin sailkatzeko. Final-zortzirenetan: Argentina-Mexiko, Uruguai-Hego Korea.

2010eko ekainaren 22a
18:24
Entzun
B Multzoan garbi zegoen Argentina izango zela final-zortzirenetara sailkatuko zen selekzio bat. Beste txartelaren jabea zein izango zen ez zegoen garbi: Grezia gainbehera joan da 2004an Eurokopa irabazi zuenetik, Nigeriak onenak eman zituen Finidiren-eta garaian eta, Hego Koreari dagokionez, 2002ko mundialean etxean finalerdietara iritsi zen arren, harekiko eta Asia aldeko futbolarekiko ezagutza handirik ez dago eta ezin jakin zer maila emango zuen.

Argentinak lortu du txartela, lehen faseko hirurak irabazita, eta beste txartela Hego Koreak eraman du. Ez da ustekabea ere izan, Munduko Kopa honetan gauzak nola joan diren ikusita. Honek lehen jardunaldian Greziari 2-0 irabazi izana azken batean erabakigarria izan da.

Argentinak Mexikoren aurka jokatuko du final-zortzirenetan eta Hego Koreak Uruguairen kontra.

Azkeneko jardunaldiak ez du istorio handirik izan. Argentinak 2-0 hartu du mendean, oso lasai jokatuta. Maradona hautatzaileak zazpi aldaketa egin ditu hamaikakoan; Messi kendu gabe, ordea. Gainera, lehen aldiz kapitain jarri du. Zelaian, baina, bazterrean eduki du, eskubiko hegalean. Askeago sentitzen da Messi erdialdean. Ikusi da hori Bartzelonan urtarriletik aurrera.

Argentinaren txapelketako estreinako partidan bezala, zentral batek sartu du lehen gola, eta kornerretik. Orduan Heinzek sartu zuen -Nigeriaren aurka-, gaur Demichelisek. Palermo beteranoak egin du 2-0ekoa.

Greziak ez du ia ezer egin hiru puntuak eskuratzeko. Oso kontserbadore aritu dira, Samaras aurrelaria Argentinako defentsa denen aurka utzita. 2004ko Eurokopan emaitza aldetik bikain atera zitzaien; handik aurrera ez, eta sei urte pasatu dira.

Grezia 0. Tzorvas; Moras, Torosidis (Patsatzoglou, 55m), Kyrgiakos, Vyntra; Tziolis, Katsouranis (Ninis, 54m), Papastathopoulos, Papadopoulos, Karagounis (Spiropoulos, 46m); Samaras.

Argentina 2. Romero; Otamendi, Burdisso, Demichelis, Clemente; Maxi (Di Maria, 61m), Bolatti, Veron; Messi, Milito (Palermo, 79m), Aguero (Pastore, 76m).

0-1: Demichelis (78m). 0-2: Palermo (89m).

Hego Koreak bere partidan ez du arazo handirik pasatu, 1-0 galtzen joan den arren

Nigeria 2. Enyeama; Odiah, Yobo (Echiejile, 46m), Shittu, Afolabi; Etuhu, Ayila; Obasi, Kanu (Martins, 58m), Kalu Uche, Yakubu (Obinna, 70m).

Hego Korea 2. Jung Sung Ryong; Cha Du Ri, Cho Yong Hyung, Lee Jung Soo, Lee Young Pyo; Kim Jung Woo, Ki Sung Yueng (Jae Sung, 87m), Park Ji Sung, Lee Chung Yong; Park Chu Young (Dong Jin, 92m), Yeom Ki Hun (Na Mil, 64m).

1-0: Uche (11m). 1-1: Lee Jung Soo (38m). 1-2: Park Chu Young (48m). 2-2: Yakubu, penaltiz (68m).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.