Partida jokatuko zela esateak ekarri du partidarik ez jokatzea. Azalpen horrekin apurtu du ia bi asteko eguneko isiltasuna Euskadiko futbol federakundeak. Haien hitzetan, ofizialki itxita zegoen gizonezkoen euskal selekzioak eta Argentinakoak San Mamesen urriaren 13an jokatuko zuten partida; 20 bat bider aldatu zuten hitzarmeneko testua, bazuten Eusko Jaurlaritzaren babesa ere, eta sinatuta zegoen dena. Giro horrek lagunduta, partidaz harago ere heldu ziren solasaldi informalak argentinarren izenean zebilen World Eleven enpresako ordezkariarekin. "Bueltako partida bat jokatzeko aukera ere aipatu genuen", zehaztu du Luis Maria Elustondo federakundeko lehendakariak. Baina hedabideetan partidaren berri eman, eta kolpean gaiztotu zen giroa.
Argentinarrek urratutzat eman zuten kontratuko bederatzigarren puntuko konfidentzialtasun hitzarmena, eta hor eten zen soka. "Baliteke albistea arinegi eman izana", egin du autokritika lehendakariak. Baina, dionez, argentinarrek ez dute komunikazio akats horretaz aparteko motiborik izan negoziazio mahaitik altxatzeko.
Guillermo Tofoni, giltzarri
Azkar zabaldu zen albistea. Selekzioaren inguruko ilusioa piztea zen antolatzaileen asmoa, eta Argentina amu ona zen horretarako. Piztu zuen jakinmina. Baina azkar piztu zen mesfidantza ere. Abuztuaren 28an eman zuten partidaren berri euskal federazioak, bi egunera egin zituzten publiko zalantzak, eta irailaren 6an esan zuten partida bertan behera gelditu zela.
Guillermo Tofoni da giltzarria. Hura aritu da World Eleven enpresaren izenean negoziazioetan, eta Elustondok azaldu duenez, haren "haserrealdiak" eman du dena amaitutzat.
Martxoaz geroztik zebiltzan partidaren atzetik euskal selekzioko ordezkariak, eta luzea izan da bidea Tofoniren sinadura lortu arte. Baina, albistea publiko egin zenean, "kasketa" izan zuen argentinarren ordezkariak. Elustondoren hitzetan. Tofoniri ez zitzaion gustatu informazioa haiekin adostu aurretik zabaltzea, eta ez zuen ongi ikusi filtrazio bidez prentsak adostutako diru kopuruen berri ematea ere. Haren izena ustelkeria kasuekin lotzen zuten informazioak ere zabaldu ziren, gainera, eta horrek ere indartu egin zuen haserrealdia. Horren ostean ez zuten gehiago harekin berriz zuzenean hitz egiterik izan.
Elxen jokatuko du Argentinak
Elustondok onartu du filtrazioa Euskadiko Futbol Federakundetik egin zirela, baina ez du frogarik nor izan zen zehaztu ahal izateko. Ez du dimisioa aurkezteko asmorik, eta, zail ikusten du urrian beste partidarik lotu ahal izatea. Denbora "gutxi" dagoelako, batetik, eta, bestetik, "haserrea" piztu ahalko lukeelako orain lehen mailakoa ez den talde bat ekartzeak. Urria erabat baztertuta, beraz, azarorako lanean ari direla esan du Elustondok.
Argentinak egunotan Alemaniaren aurka jokatuko duen partida izan da guztiaren abiapuntua. Tofonik itxi zuen norgehiagoka hori, eta beste neurketaren bat ere antolatu nahi zuelako iritsi ziren pixkanaka urriaren 13an San Mamesen jokatzekoa zen partidara. Baina tratua hautsi ostean, beste hitzordu bat adostu du World Eleven enpresaren izenean: Elxen (Herrialde katalanak) lehiatuko dira Ekuadorren aurka. Datu horren berri jakin ostean soilik egin du publiko bere iritzia Euskadiko Futbol Federakuntzak.
Ofizialtasun faltaren zama
Aitortu du mina euskal federazioko ordezkariak. Ofizialtasun falta ere zama izan dela onartu du Elustondok. Kexu. "Ez dugu indar handirik nazioarteko hitzarmen hauetan, ez garelako FIFAko kide, eta giro horietan eskualdeko selekzio baten onarpena dugulako. Errazago egiten da huts gurekin, Alemaniarekin edo FIFAko kide diren beste herrialdeekin baino".