Futbola. Espainiako Bigarren Maila. Anaitz Arbilla. Eibarreko jokalaria

«Argi daukagu helburua Lehen Mailara igotzea dela»

Aspaldiko partez, Espainiako Bigarren Mailan arituko da Eibar. Anaitz Arbilla pozik dago klubak osatu duen proiektu berriarekin. Hala ere, taldeko kapitainaren arabera, denboraldia «zaila eta luzea» izango da.

SD EIBAR.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Seigarren denboraldia hasiko du Eibarren Anaitz Arbillak (Iruñea, 1987). Estreinakoa izango du lehen kapitain modura. Gertu-gertutik bizi izan du aurreko denboralditik hona taldeak izan duen trantsizioa. «Beharrezkotzat» jo du aldaketa. Kluba Espainiako Lehen Mailara itzultzeko ilusioz da.

Zer moduz doa astea? Liga ate joka duzue; ostiralean jokatuko duzue lehen partida, Huescaren zelaian.

Ongi. Denboraldi-aurreko beste entrenamenduen antzekoa izan da. Egia da nabaritzen dela liga hastear dagoela. Lehiatzeko gogoz gaude. Ostiraleko partidan pentsatzen ari gara dagoeneko.

Beste maila batean ekingo diozue sasoiari: Bigarren Mailan. Alde handia al dago batetik bestera?

Nik baietz esango nuke. Uste dut kalitatean atzemango dela. Aurrelarien maila baxuagoa izanen delakoan nago. Hala ere, mailaoso gogorra da, eta talde eta jokalari onak daude.

Zuretzat ez da maila berria. Bi denboraldi eta erdi eman zenituen bertan orain dela hamar bat urte, Salamancan eta Herculesen. Nola deskribatuko zenuke Bigarren Maila?

Urte batzuk pasatu dira ni egon nintzenetik, baina futbolzalea naiz, eta, pixka bat bada ere, beti jarraitu izan dut Bigarren Maila. Normalean, beti begiratzen duzu zurea gehiago, baina beste talde batzuetan dauden lagunen partidak ere ikusten ditut, eta horietan ikusten da oso talde onak daudela: zelai guztiak oso plaza zailak dira, taldeak oso erasokorrak eta oldarkorrak dira... Hori atzemango dugu gehien.

Taldea ere zeharo ezberdina da iragan denboraldikoarekin alderatuta. Geratu diren bakarrenetakoa zara. Aldaketa handia nabaritu al duzu aldagelan?

Bai. Jokalari berri mordoa etorri da, eta aurpegi berri asko dago aldagelan. Nire ustez, ongi etorri zaigu aldaketa. Hainbeste denbora elkarrekin egon eta gero, aldaketak beharrezkoak dira. Aldaketa handia izan da, jokalariez gain, entrenatzailea eta kirol zuzendaria ere berriak baitira. Aurreko sasoi txarraren ostean, aldaketa hau gure mesederako izanen delakoan nago.

Fitxaketa berri gehienak Bigarren Mailan aritutakoak dira, maila onean gainera.

Bai. Haiek badakite nora etorri diren. Ondo baino hobeto dakite anbizio handiko proiektu batera etorri direla, zazpi denboraldi Lehen Mailan eman dituen talde batera. Nire ustez, oso ondo fitxatu du klubak; azkar ibili dira merkatuan, eta horrek lasaitasuna ematen dio proiektuari. Jokalari eta eibarzale guztiok oso pozik egoteko arrazoiak ditugu. Orain gure ardura da lana ondo egitea.

Elkarrekin partida gutxi jokatu izanak kalte egingo dizue lehen partidetan?

Ez dakit nabarituko den; zaila da asmatzea zer gertatuko den. Baina dakidana da taldeak oso ondo egin duela lan hilabete honetan. Jendeak badaki zertara etorri den, helburua garbi dugu, eta denok argi dugu zer eskatzen digun entrenatzaileak. Ikusiko da zer gertatzen den ostiralean, baina orain arte, behintzat, ondo aritu gara.

Helburua aipatu duzu. Askok igotzeko hautagai nagusitzat jo dute Eibar. Lehen Mailara itzultzea al da zuen xedea?

Bai. Argi daukagu helburua Lehen Mailara igotzea dela, baina ezin diogu hasieratik geure buruari gehiegizko presio hori sartu. Zazpi denboraldi eman ditugu Lehen Mailan, eta klubak eta jokalariok maila gorenera bueltatzeko gosea daukagu. Baina urte luze eta zail bat datorkigu. Ea denon artean goian egotea lortzen dugun. Faboritoak ote garen? Ez dakit, hemen hautagai izateagatik ez da ezer ere irabazten. Berdin zaigu besteek zer pentsatzen duten gutaz; guk geure lana egingo dugu, hemen inork ez baitu ezer oparitzen.

Zer espero daiteke sasoi honetako Eibarrez? Aurrekoaren trazarik izango al du?

Eibar borrokalari bat ikusiko dugu, beti bezala. Borroka beti izan da gure indarguneetako bat. Hortik aurrera, ez dugu ikusiko lehengo sasoian hain ausarta zen talde hura. Pixka bat ordenatuagoa den Eibar bat da aurtengoa. Lehen egiten genituen gauza batzuk egiten saiatuko gara, baina entrenatzaile bakoitzak bere gauzak ditu, eta aldaketa batzuk ere egonen dira.

Beti esaten da ondo hastea garrantzitsua dela taldearen konfiantzarako. Zuek ekingo diozue ostiralean ligari Huescaren aurka, beste jaitsi berri baten aurka. Nolako partida espero duzu?

Huescak ere gure helburu bera du: igotzeko borrokan egon nahi du. Seguru gaude partida gogorra izanen dela. Hasi berrien gogoekin gaude; haiek, gainera, etxean ariko dira, zaleekin, eta partida berezia izanen da haientzat. Gu geure partida egitera joanen gara, eta hiru puntuak eskuratzera.

Azken sasoietan goitik behera jaitsitako talde asko igo dira hurrengoan. Sinatuko al zenuke Lehen Mailatik iritsitako beste bi taldeekin berriz ere igotzea?

Bai. Berdin zait Huescarekin edo zeinekin den, gu igotzen garen bitartean [barrez]. Azken finean, guk geureari begiratzen diogu.

Zer behar da Bigarren Mailatik Lehen Mailara salto egiteko?

Ez dakit [barrez]. Ahalik eta mailarik onena eman eta konstantea izatea giltzarria dela uste dut. Jakin badakigu momentu txarrak egonen direla, eta garrantzitsua da horiek talde moduan ondo kudeatzen jakitea. Bartzelonak eta Real Madrilek bezala inork ez ditu hemen partida guztiak irabazten. Garrantzitsuena sinistea da, are gehiago bolada txarretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.