Argi daukate: Bernabeu

Athleticek eta Bartzelonak Real Madrilen zelaian jokatu nahi dutela esan diote Federazioari

Erredakzioa
Bilbo
2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Ez Camp Noun, ez Mestallan, ez La Cartujan. Athleticek eta Bartzelonak Santiago Bernabeun jokatu nahi dute Espainiako Kopako finala, maiatzaren 25ean —Bartzelona Txapeldunen Ligako finalera ez bada iristen, maiatzaren 20ean jokatuko litzateke—.

Bi klubetako eta Espainiako Futbol Federazioko ordezkariak Madrilen bildu ziren atzo, finalaren inguruko lehen xehetasunak argituz joateko. Xehetasun nagusia, baina, argitu gabe geratu zen; finala non jokatuko den, alegia. Hori bai, Athleticeko eta Bartzelonako ordezkariek argi utzi zioten Federazioari Bernabeun jokatu nahi dutela. Zergatik? Camp Nou kenduta, hura baita Espainiako Ligako estadiorik handiena. 85.000 ikusle inguru sartzen dira han. Beraz, klub bakoitzak 28.000 sarrera inguru jasoko lituzke —Athleticek 36.000 bazkide inguru ditu—, 2009an Mestallan jokatu zenekoan baino 10.000 gehiago. Federazioak aintzat hartu du eskaera, eta hamar eguneko epea eskatu die, Real Madrilekin hitz egiteko. Espainiako taldeak, hala ere, jada iragarri du egun horietan obrak egin behar dituela estadioan. Hori ikusita, Federazioak ere abisua eman die finalistei: «Ezin diogu inposatu Real Madrili Kopako finala Bernabeun izatea. Bernabeun ezin bada, Mestallan jokatuko da».

Urrutia: «Baikor naiz»

Josu Urrutia Athleticeko presidentea «baikor» azaldu zen. «Azken erabakiaren zain gaude. Federazioak entzun egin digu, eta biok gure nahia zein den helarazi diogu, Bartzelona zein Athletic zale asko erakartzen dituzten taldeak baitira. Guk argi utzi diogu Bernabeun jokatu nahi dugula, eta orain Federazioak gure iritziaren berri emango dio Real Madrili. Bernabeu estadio aproposena dela uste dugu, eta espero dugu erabakia egun gutxi barru jakitea».

Urrutiak ez zuen hitz egin nahi izan Real Madrilek bere estadioa ez uzteko aukeraz. «Ez dut hitz egingo hipotesiez, Bartzelona eta gu ados gaude, eta orain pixka bat itxarongo dugu. Baikor naiz. Athleticeko presidentea izanik, egin dudan gauza bakarra izan da gure zaleen nahia eta kezka helaraztea».

Bartzelonako ordezkariak ere baikor azaldu ziren. «Baikor naiz, Espainiako futbolaren festa izatea nahi dugulako, eta hori egiteko Bernabeu da estadiorik aproposena. Ikusle asko sartzen dira, eta Bilbotik eta Bartzelonatik antzeko distantziara dago. Horregatik ere aproposena da», esan zuen Toni Freixa Bartzelonako Zuzendaritza Batzordeko eledunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.