Lau jardunalditan puntu bakarra lortu du Athleticek. Sailkapenari begiratuz gero, txapelketa negargarri hasi dute zuri-gorriek, biurteko beltzean baino eskasago. Atzera begiratzen hasita, 2002-2003 sasoiari erreparatu beharra dago antzeko emaitzak lortu ziren liga hasiera bat aurkitzeko. Orduan ere goi mailako entrenatzaile batek zuzentzen zuen Athletic: Jupp Heynckesek. Eguneroko lanari esker, egoerari buelta eman eta sailkapenean gorantz egitea lortu zuten zuri-gorriek. Eta 31 urte atzera egin behar da sasoi hasiera txarragoa topatzeko, 1979-1980 denboraldian lehen lau partidak galdu egin baitzituen talde zuri-gorriak. Athleticen lehen urratsak txarrak izan direla konturatzeko ez dago estatistikei begiratu beharrik, baina egoera kezkagarria dela konturatzeko, lagungarria izan daiteke.
Argi gorria piztu da San Mamesen. Horrek esan gura du puntuak pilatzen hasi beharra dagoela. Jakinekoa baita zer gertatzen den dinamika txarrean sartuz gero: zulora erortzea erraza da, baina asko kostatzen da irtetea. Talde batzuek denboraldi oso bat behar izaten dute. Malagari gertatu zitzaion aurreko sasoian. Azken txanpara arte ez zuen lasai arnasa hartu. Eta ez dira talde gutxi onak izan arren zulotik ateratzea lortu ez dutenak: Zaragoza, Valentzia, Celta, Atletico Madril… onenekin lehiatzeko taldeak osatu eta maila galdutakoak dira.
Athleticek denbora eta talentua dauka zulotik irteteko. Egoerari buelta emateko ardura dutenek ere argi dute gaitasuna daukatela beheko postuak berandu baino lehen lagatzeko. «Egoera gaitzean gaude. Hala ere, nik sinesten dut talde honetan. Orain arteko dinamikan jarraitzen badugu, aurrera egingo dugu, ziur», adierazi zuen herenegun Fernando Llorentek. Pozgarria da taldeko izar nagusia horren baikor ikustea. Gainera, ez da komeni ahaztea aurrelaria dela kaltetuena Marcelo Bielsak proposatzen duen jokoarekin. Protagonismoa galdu du. Eta, dirudienez, konfiantza ere bai. Athleticentzat ezinbestekoa da Llorenteren bertsiorik onena ikustea. Bera baita Athletic itxuraldatu dezaketen futbolarietako bat.
Llorentek uste du «apurka-apurka» hobetzen ari dela taldea. Hala ere, laguntza eskatu du. Jarraitzaileen laguntza. «San Mamesen jokatzen dugunean babestuta gaudela sentitzen dugu. Ea laguntza horrekin gai garen Vila-real jateko».
Baina Athleticek ez du espero zena eman orain arte San Mamesen jokatu dituen neurketetan. Kanpoan baino lotuago jokatu du. Askoz ere makalago aritu da. Ordena eta oreka falta zaiola erakutsi du. Eta, etxean, ageri-agerian geratu da hori. Futbolean sarri erabiltzen den mantaren teoriarekin azaldu dituzte adituek zuri-gorrien gabezien zergatiak. Athletic aukerak sortzeko gai izan da, baina zulo handiak utzi ditu atzean. Eta atzean zituen arazoak konpontzeko ahalegina egin duenean indar barik ailegatu da aurkariaren ate ingurura. Mantaren teoria da hori.
Oreka topatu nahian
Talde guztiek lortu gura duten oreka aspaldi lortu zuen talde bat izango du aurrean gaur: Vila-real. Onenen artean lehiatzen jarraitzen du talde horrek. Denboraldi honetan, beste behin, Txapeldunen Ligarekin gozatzeko aukera izaten ari dira Madrigalgo zaleak. Baina, batez ere, etxeko taldeak egiten duen jokoarekin ari dira gozatzen. Joko landu, orekatu eta eraginkorra. Gustua ematen baitu Borja Valero, Rossi, Nilmar, Bruno, Cani eta enparauak ikustea. Baina, era berean, bistakoa da krisiak eragina izan duela Juan Carlos Garridok zuzentzen duen taldean. Erosi egiten zuen talde bat zena saltzailea da orain. Cazorlak taldea utzi egin behar izan zuen, eta Txapeldunen Ligako atarikoan aurrera egiterik izan ez balu, Rossik eta Nilmarrek ere nekez jarraituko zuten taldean. Izar gehienei eustea izan da helburua. Alde horretatik, txalotzekoa da Fernando Roig presidenteak egin duen kudeaketa. Ez du ez daukana gastatu. Baina horrek ahuldu egin du taldea. Ea Athletic hori baliatzeko gai den. Baina, horretarako, hobetu beharra du.
Argi gorria San Mamesen
Txapelketa hasi besterik ez da egin, baina Athleticek badaki zenbat kostatzen den denboraldi hasiera txar bati buelta emateaZuri-gorriek gabezia gehiago erakutsi dituzte San Mamesen etxetik kanpo baino
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu