Ligako dozena bat partida jokatu ditu jadanik Osasunak, txapelketaren ia herena, alegia. Nahikoa denbora da udan Iruñera iritsi ziren 11 jokalarien jardunaren balorazio bat egiteko.
1. Ibrahima Balde
Orain arteko ezusteko pozgarriena da. Bere ezaugarriak ikusita, Osasunan etorkizun oparoa izan dezake. Asko kostatu zitzaion Jose Luis Mendilibarren konfiantza bereganatzea, baina Roland Lamah-ren lesioa tarteko, entrenatzaileak hegalean kokatu zuen, senegaldarra aurrelaria izanagatik, eta bikain aritu da. Borrokalaria da, maila fisiko ikaragarria dauka, etengabe korrika egiten du, eta aurkarientzat deserosoa da. Zortzi partidatan aritu da, eskuin hegalean, ezkerrean eta aurrelari lanetan. Hiru gol sartu ditu.
2. Raul Garcia
Etxeko jokalaria da, eta etxekoei egin ohi zaien harrera egin diote gorritxoek. Atletico Madrilen bere maila erakutsi ezinda aritu ostean, indarberritzeko asmoz itzuli da etxera, eta oraingoz bide onetik doa. Euskarri bikoitzean tokirik ez dio egin Mendilibarrek, baina aurrelari bat gutxiagorekin jokatu, eta hura erdilari aurreratuaren tokian kokatu du. Haren izaera bikain egokitzen da Osasunara, eta erakutsi du ez duela galdu kalitaterik. 11 partida jokatu ditu; zortzi hasieratik. Lau gol sartu ditu, eta beste horrenbeste eman.
3. Jukka Raitala
Fitxatutakoen artean zeresan gehien ari da ematen. Natxo Monrealek eta Javier Camuñasek taldea utzi ostean ezker hegala erabat aldatu beharra izan du Osasunak, eta Ion Etxaideren lesioa tarteko —Oier Sanjurjo Celtan ari da utzita—, Raitala ezker hegaleko atzelaria fitxatu zuen. Mendilibarrek hamaikakoan jarri zuen hasieratik, baina gorabehera handiak izan ditu. Behin baino gehiagotan aldatu du; atsedenaldian Nou Campen, eta lehen zatia amaitu aurretik San Mamesen. Buruz buruko zaintzak egiten ohituta dago, eta Osasunaren jokatzeko erara egokitu beharra dauka. Hargatik, ez da inoiz eskas aritu, eta gauza onak badituela erakutsi du. Bederatzi partida jokatu ditu, beti hasieratik. Orain Eneko Satrustegiren lehia izan dezake.
4. Roland Lamah
Raitala bezalaxe, ezker hegalerako fitxatu zuen Osasunak. Maila bikaina eman zuen lehen jardunaldietan, ezker hegaleko erdilari erasokorra dela agerian utziz. Mallorcaren aurka defentsan ere aritu zen, eta gabeziak erakutsi zituen. Min hartuta egon ostean, iragan jardunaldian itzuli zen. Minutu apur batzuk jokatu arren, taldeko onena izan zen. Ez du golik sartu, ezta gol paserik eman ere, baina erasoan garrantzitsua izan daitekeela erakutsi du. Zuzen eta azkar jokatzen du, kontraerasoan aritzeko aproposa izan daiteke, eta ezker oin ona du. Zortzi partidatan aritu da; seitan hasieratik.
5. Nino
Golak sartzeko fitxatu zuen Osasunak, eta aurrelari beteranoak Mendilibarren babes osoa dauka. Hamabi jardunaldietan hasieratik aritu da, eta aukera on batzuk alferrik galdu izanagatik, ondo ari da. Hiru gol sartu ditu, eta goleko pase bat eman du. Ezohiko erdiko aurrelaria da. Txikia eta bizia da; lana erruz egiten du, eta, batik bat, aurkarien hutsak baliatzen da maisua. Azken partidetan ezkutuan ibili da, baina Kike Sola eta Dejan Lekicen aurretik aurrealdean postua ziurtatuta daukala dirudi. Azeri zaharra da arean.
6. Marc Bertran
Ninok bezala, Teneriferekin Bigarren B Mailara jaitsi ostean hartu zuen Iruñerako bidea. Indartsua da, eta erraz dabil eskuin hegalean gora eta behera. Damiari postua kendu, eta hasieratik ezinbesteko bilakatu da. Hasiera gorabeheratsua izan ostean, gora egiten ari zen, baina min hartu zuen Levanteren aurka, eta ordutik ez du jokatu. Ez du lesio larririk, baina uste baino gehiago ari zaio kostatzen osatzea, eta ikusteko dago zein sasoitan itzuliko den. Bere ezaugarriak baliatu ahal izateko sasoiko egon beharra du. Hamar partida jokatu ditu, beti hasieratik, eta goleko pase bat eman du.
7. Ruben Gonzalez
Ondo egonez gero, Roversio eta Sergio dira erdiko atzelari titularrak. Nou Campen, Flañoren aurretik Ruben aukeratu zuen Mendilibarrek, ordea, eta bazirudien hirugarren erdiko atzelaria hura izango zela. Bartzelonan jasotako jipoiaren ondotik, baina, desagertu egin da. Gorabehera handiak izan ditu, baina Rayoren aurka hasieratik jokatu zuen, eta onenetakoa izan zen. Gehiago jokatu beharko du baliagarria ote den jakiteko. Zazpi partidatan aritu da; bostetan hasieratik.
8-11. Roversio, Timor,Annunziata eta Andres
Iragan sasoian lehen taldean ez zeuden lau jokalari ari dira egun Mendilibarren aginduetara. Osasuna B-tik igotako Xabier Annunziatak eta David Timorrek gutxi jokatu dute. Timor sasoiko lehen partidan hasieratik aritu zen, baina harrezkero beste bost partidatan hondarreko minutuak jokatzearekin konformatu behar izan du. Teknikoki ona da, eta baloia gogor jotzen du. Annunziata ere antzeko egoeran dago. Partida bakarra jokatu du, eta azken ordu laurdena soilik. Ezker hegalean hutsune asko izanagatik, Mendilibarrek ez du aintzat hartu. Maila nagusira egokitu beharra dute biek. Roversio, berriz, Betisen aritu zen iragan sasoian, utzita. Itzuli eta postuaz jabetu da. Lehen bezala, lesioak izateko erraztasuna du gaitzik txarrena. Andres Fernandez, azkenik, Huescarekin Bigarren Mailan gol gutxien jaso zuen atezaina izan zen iragan sasoian. Riesgoren lesioa baliatuz izan zuen lehen aukera, baina konfiantza hartzeko gol gehiegi jaso du: hamabost gol Bartzelona eta Real Madrilen aurka. Mendilibarrek konfiantza eman dio, ordea. Oraindik, halere, ezin da esan atepean ezinbestekoa denik.
Argi-ilunak
Iragan sasoian Osasunaren lehen taldean ez zeuden 11 jokalari ditu bere aginduetara Jose Luis Mendilibarrek. Pixkana taldean euren tokia lortzen ari dira gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu