Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Argi zuen nori eskaini

Tyler Farrarrek irabazi du Tourreko hirugarren etapa, eta Wouter Weylandt bere lagun mina zenari eskaini dio garaipenaSailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, eta Thor Hushovdek jarraitzen du lider

Julen Etxeberria.
Donostia
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Hatzekin W bat eginez. Hala helmugaratu zen atzo Tyler Farrar estatubatuarra (Garmin-Cervelo) Redonen, Frantziako Tourreko hirugarren etapa irabazi berritan. Argi zegoen nori zegoen eskainia garaipena, Tourrean lortzen zuen lehena. Wouter Weylandti zegoen eskainia, joan zen maiatzaren 9an Italiako Giroko hirugarren etapan Boccoko mendatea jaisten ari zela izandako erorikoaren ondorioz hil zen txirrindulari flandriarrari.

Farrar eta Weylandt lagun minak ziren. Ez ziren ez herrikide, ez taldekide —Leopard-Treken ari zen Weylandt—. Patuak adiskidetu zituen, estatubatuarrak Gante, Weylandten jaioterria, bizilekutzat aukeratu zuenean. Elkarrekin entrenatzen zuten, eta egunerokoak anaia-arreben artekoaren parekoa bilakatu zuen euren arteko harremana. Horregatik erabaki zuen lagun mina hil ondorengo egunean lasterketa uztea. «Anaia bat galdu dut», aitortu zuen, Weylandten hileta ospakizunak antolatzera abiatu aurretik. Hori egin baino lehen, baina, azken urteetan lasterketa batean bizi izan den unerik hunkigarrienean parte hartu zuen. Oso zaila izango da Livornoko helmugarako bidean gertatutakoa ahaztea. Txirrindulariek eurek hala adostuta, talde guztietako ordezkariak txandan-txandan igaro ziren tropel burutik, talde bakoitzak hamar kilometro eginez. Helmugara iristeko hiru kilometro eskas falta zirela jarri zen Leopard-Trekeko zortzikoa aurre-aurrean, eta Farrarrek ere mugimendu zoragarria egin zuen zortzikotearen tartean sartuta. Hala helmugaratu ziren, isiltasunean, elkarri bizkarretik helduta, pedalei eragiteko indarrik eta gogorik gabe, burua behera begira zutela eta negar malkoei eutsi ezinik.

Ia bi hilabete joan da ordutik, eta tarte horretan asmo, helburu bat izan du Farrarrek begi artean: Weylandti garaipen bat eskaintzea. Herenegun bere taldeak irabazi zuen erlojupekoa, baina hori ez zen nahikoa, berak lortutakoa izan beharra zuen garaipena. Atzo lortu zuen helburua. «Wouterrentzat da», esan zuen oina lurrean jaso bezain pronto. Bera izan zen azkarrena, tropeleko txirrindulari azkarrenek aurtengo Tourrean elkarrekin indarrak neurtzeko izan duten lehen aukeran.

Farrarrek ezin hobeto errematatu zuen Garminek azken kilometroan egindako lana. David Millar, Julian Dean eta Thor Hushovd taldekideek egin zituzten estatubatuarraren bideratzaile lanak, bikain egin ere, aurrera egiteko tokirik gabe utzi baitzuten Mark Cavendish (HTC-Highroad), etapa irabazteko faboritoa. Taldekiderik gabe, Man uhartekoak ezin izan zuen atzetik aurrera egin. Aurkari nagusiena bazter batean utzita, samurragoa izan zitzaion Farrarri lehena helmugaratzea. Romain Feillu frantziarra (Vacansoleil) eta Jose Joaquin Rojas (Movistar) espainiarra sailkatu ziren haren atzetik. Bosgarren iritsi zen Cavendish, eta haren atzetik Hushovd. Hala, norvegiarrak maillot horiari eusten dio.

Ruben Perez, ihesean

Tourreko hirugarren etapa lasterketako aurreneko ihesaldi luzearen testigu izan zen. Bost txirrindularik erasoa jo zuten etapa hasi bezain pronto, tartean euskal txirrindulari batek, Ruben Perez zaldibartarrak (Euskaltel-Euskadi). Lau bidaide izan zituen ihesaldian: Niki Terpstra herbeheretarra (Rabobank), Jose Ivan Gutierrez espainiarra (Movistar) eta Maxime Bouet (Ag2r) eta Mickael Delage frantziarrak (FDJ). Bost txirrindulariok ia etapa osoa egin zuten elkarrekin ihesean, 190 kilometro inguru, eta ia zortzi minutuko aldea izan zuten tropelarekiko. Helmugara gerturatu ahala, ordea, esprinterren taldeek tropeleko erritmoa bizitu zuten, eta ezerezean utzi zuten aurrekoen ahalegina. Saiatu ziren bakarrik eusten —Gutierrezek eta Perezek erasoa jo zuten—, binaka —Gutierrez eta Delage elkarrekin aritu ziren zenbait kilometrotan—, baina alferrik. Esprinterrak dituzten taldeak ez zeuden prest hirugarren egunean ere garaipenik gabe geratzeko.

Azken kilometroetan ere izan zen berririk, zenbait txirrindulari ezagunek ezin izan baitzioten tropelaren erritmoari eutsi. Vladimir Karpets errusiarrak (Katuxa), Beñat Intxausti muxikarrak (Movistar) —mina du eskuineko ukondoan—, Sandy Casar (FDJ) eta Remy Di Gregorio frantziarrek, adibidez (Astana). Aurretik ere antzekoa gertatu zitzaion Ivan Basso italiarrari (Liquigas). Ez da seinale ona, Tourra hasi besterik ez dela kontuan hartuta.

Gaur laugarren etapa jokatuko dute Bretainian, An Oriantetik (Lorient) Murrera: 172,5 kilometro. Etapa hirugarren mailako mendate batean amaituko da. Bi kilometro eskaseko igoera da, baina oso gogorra da. %7ko batez besteko pendiza du, eta lehen kilometroak, %10 ingurukoa. Beraz, ez da egongo txirrindulari askoko esprintik. Eta hori horrela ez bada, argi dago ere nor den faboritoa: Philippe Gilbert. Omegako belgikarrak erakustaldia eman zuen lehen etapan, eta gaur ere aukera aproposa du bigarren etapa garaipena lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.