Athleticen gogo gutxi dago txantxetarako. Ez da gutxiagorako. Bigarren itzulian zortzi puntu lortu ditu taldeak, eta derrigorrean egon behar dute kezkatuta. Talde zuri-gorrikoak larri daude. Jaitsiera lau puntura dago jokatu berri den jardunaldiaren ostean. Athletic egon da askoz ere egoera latzagoetan; baina, taldea zelan jokatzen ari den aintzat hartuta, ez dago arrazoirik lasai egoteko. Ezin da baikorra izan.
Caparrosen taldeak itzela egin dezakeela esan da behin eta berriz. Neurri batean egin duela ere esan daiteke, bi hamarkada pasatxoren ostean Espainiako Kopako finalerako txartela eskuratu baitu talde bizkaitarrak. Ez dauka meritu makala. Zer esanik ez Europa guztia aho zabalik lagatzen ari den taldea -Guardiolaren Bartzelona- mendean hartzeko gai bada. Baina itzela egiteko era asko daude. Baita arlo txarrean ere. Gauzak azken boladan bezain txarto egiten jarraituz gero, baliteke Athleticek hankaz gora botatzea 111 urteko historia. Gorengo mailan egon den denbora da, hain zuzen ere. Eta, nahitaez, Ligan egiten den lana Kopakoa baino askoz garrantzitsuagoa da. Lehen Mailan jokatzeak ematen die jatekoa klubari, jokalariei eta zaleei. Europa eta Kopa gehigarriak dira.
Bada, Numantziak eta Athleticek gaur Los Pajaritos futbol zelaian jokatuko duten norgehiagoka hil edo bizikoa da zuri-gorrien etorkizunerako. Caparrosen taldearen gainbehera etengabea da. Sentsazioak oso txarrak dira. Taldea indar barik dago. Jokalariek freskotasuna galdu dute. Eta, ondorioz, erditik apurtu da: lerro artean tarte handia dago. Jokalariek ezin diete elkarri lagundu. Beraz, aurkariarentzat errazagoa da golak sartzea -zuri-gorriek hamabost jardunaldi herrenkan daramatzate atea hutsik laga ezinda-. Hori gutxi ez, eta erasoan ere indarra galdu du. Llorentek gola sartzen ez badu, ez du beste inork sartzen.
Galduz gero, hiru puntura
Kezkatuta egoteko arrazoi asko daude. Are eta gehiago Numantziaren aurka galduz gero. Sailkapeneko azkenak talde zuri-gorriak baino sei puntu gutxiago lortu ditu. Beraz, hiru puntuak eskuratzen baditu, asko gerturatuko zaio Athletici. Pachetaren taldearentzat azken aukera izan daiteke mailari eusteko ametsetan jarraitzeko. Galtzen badu, miraria beharko du onenen artean jarraitzeko. Athleticek, berriz, aurrerapauso itzela emango du Soriatik (Espainia) hiru punturekin bueltatzen bada. Baina ez da erraza egungo Athleticen konfiantza izatea. Gainera, ez da komeni ahaztea Numantzia talde lehiakorra dela bere jarraitzaileen aurrean. Etxetik kanpo erakutsi dituen gabezien ondorioz dago zuloan sartuta. Arrazoi asko daude urduri egoteko. «Denboraldiaren zati honetan garesti ordaintzen dira hutsak. Taldeek presio handia dute. Horregatik, tentsio handia dago zelai guztietan», esan zuen atzo Caparrosek.
Azken asteotan asko hitz egin da Athleticen egoera fisikoaren gainean. Beherakadaren arrazoi nagusia omen da. Bada, arlo fisikoari buelta ematea ezinezkoa izango da denboraldiaren azken txanpan. «Arlo fisikoan egin beharrekoa eginda dago». Horretarako daude denboraldi-aurreak. Abuztuan hegazkinean alde batetik bestera ibiltzeak ez duela askorako balio erakusten ari da Athletic. Orain bestelako lanak ditu entrenatzaileak. «Gure lana jokalarien animoa altxatzea da. Euren buruan sinetsi behar dute. Datorren sasoian ia guztiek Athleticen jarraituko dutela esaten diet, eta, beraz, elkarri lagundu behar diotela». Berandu hasi da Caparros taldea motibatzen.
Numantzia kontuan hartzeko aurkaria izango da. Kontrarioak eragin dezakeen kezka gutxi ez, eta taldeko birika osatzen duten jokalari biak aldatu beharko ditu gaur Caparrosek. Orbaizek eta Javi Martinezek partida bateko zigorra bete beharko dute -gaur erabakiko dute Javi Martinezen zigorra behin-behinean baliorik gabe geratuko den edo ez-. Bi jokalariak dira oso garrantzitsuak oraingo Athleticen. Orbaizek oreka eta jokoaren kontrola ematen dizkio taldeari. Aiegiko gazteak, berriz, lana eta gola. Taldeko bigarren golegilea da. Javi Martinezek azkenean jokatzerik izango ez balu, Gurpegi eta Yeste izango dira ordezkoak. Ondorioz, Susaeta hasierako hamaikakora bueltatuko da, Yestek utzitako hegaleko tokia betetzeko. Eibartarrak eta David Lopezek sarritan aldatuko dituzte euren postuak gaurko neurketan. Zelai erdian aldaketa asko egongo da, baita atzealdean ere. Kasu honetan ez dira kezkatzekoak, ordea. Aitor Ocio eta Fernando Amorebieta, Caparrosen gustuko erdiko atzelari biak, jokatzeko moduan daude berriz. Guztien beharra baitauka Athleticek.
Argi!
Athletic egoera larrian geratuko da, gaur iluntzean Numantziaren aurka galtzen badu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu