Argia ekaitzaz haratago

Mateu Lahoz epailearen lan eskasa alde batean utzita, Realak gorako bidean dagoela erakutsi du San MamesenAzken metroetan eraginkorragoak izatea falta zaie txuri-urdinei jauzia emateko

Donostia
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Lege zaharreko neurketa jokatu zuen Realak herenegun Bilbon, gauza asko eta askotarikoak izan zituena. Esan beharrik ez zein irudirekin, zein erabaki okerrekin lotuko den derbia betiko, beste edozer estaltzeko modukoa izan baitzen. Hori bai, koskortzea helburu izanik, gazteak zailtzeko bidean beste aurrerapauso bat eman zuen talde txuri-urdinak,eta horrek ere atal berezia merezi du, Mateu Lahozen lanetik begiak kentzekoa. Ez baita erraza talde hasiberri batentzat, egin gabe dagoen batentzat, Athletic San Mamesen benetako estualdietan sartzeko argudioak erakustea, batez ere epailearen hutsegite potoloak Realaren aukerak era horretara biluztu eta gero. Philipe Montanierren jokalariek egindako lanak aho zapore gozoa utzi zuen, eta horrek ziurtasunez bete beharko lituzke txapelketaren azken txanpari zalantzak uxatuta ekiteko. Gehienbat bigarren erdian aritu zen txukun, aurkaria baino hobeto, eta azken asteetako lepotik badu burua, inork ez dio galaraziko lasaitasunez jardutea.

Harrobiaren aldeko plangintza ganorazkoak ez du etenik, eta indartuta atera zen beste behin. Iñigo Martinezek, Cadamurok, Markelek, Pardok eta Agirretxek lehen aldiz soineratu zuten elastiko txuri-urdina San Mamesen, eta neurria eman zuten. Estradak, Zurutuzak eta Griezmannek berriz, bigarrenez jokatu zuten. Are gehiago, Montanierrek zelairatutako hamalau jokalarietatik hamabi Zubietan hezitakoak izan ziren. Kopuru estimagarria, inondik ere. Ziurrenik gogorrago edo erabakitasun handiagoz jokatzea falta izan zitzaien azken metroetan, arrisku eremuan sartzean zorrotzago izatea, eta hori lortu heinean, denboraren poderioz lortu egiten baita, gero eta nota hobearekin gaindituko ditu astez asteko azterketak. Illarramendik eta Elustondok, gainera, ezin izan zuten jokatu, eta jokatu duten gehienetan txaloak eragin dituzte. Realak izan baditu itxaropentsu egoteko arrazoiak, oinarri sendoak ari da-eta leuntzen. Horrela bermatu zuen bere iraupena maila nagusian lau hamarkadan hutsik egin gabe, talde gehienek ezin esan dezaketena, eta hori lortzeko asmotan dabil hiru urtez infernuan bekatuak kiskali ondoren.

Bravo —150. partida jokatu zuen Realarekin— eta Vela bakarrik aritu ziren fitxatutako jokalarietatik. Biek ala biek haztegian urratu ezin daitekeen maila ematen dute. Hain zuzen ere, aipagarria da mexikarraren lana. Iraunkorrago izan beharko luke erabakigarriago izateko maizago, baina azaltzen denean min egiteko izaten da, jokaldiak gauzatzeko. Azken hamabi neurketetan lau gol sartu ditu, eta goleko sei pase eman —Oezil, Di Maria, Messi, Cristiano Ronaldo eta Dani Alves baino ez ditu aurretik arlo horretan—. Nabarmentzen ari da. Montanierrek ez du inoiz zalantzarik izan; taldeko jokalaririk onentsuenetarikoa iruditzen zaio. Eta Xabi Prietok berak jokatzea, aurreko urteetan ez bezala, ez da ezinbestekoa. Pentsaezina denboraldi hau iritsi arte. Izatez, ahalmen handikoa da Vela. Bere jokoaren ezegonkortasunak txikitu dio izena. San Mameseko berdegunean ere ederki asko moldatu zen lerro artean, arrisku jokaldi gehienetan utzi zuen arrastoa, eta sasoia amaitu arte ezin da lasaitu, taldearen hobe beharrez. Arsenalek utzita ari da, eta Realeko kirol arduradunek fitxatu egin nahi dute. Datorren denboraldiaren amaieran amaituko zaio Londresko taldearekin duen lotura, eta, behin baino gehiagotan adierazi duenez, ez dauka hara itzultzeko intentziorik. Bestela esanda, sustraiak botatzeko gogoz dago, batera eta bestera ibiltzeaz nazkatu baita. Horrek ere txuri-urdinen alde jokatzen du. Agintarien negoziatzeko gaitasunak eta itsulapikoan dagoenak izango dute azken hitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.