Bukatzear da aurtengo obra. Urtero arraunlariek jokatzen dutena, bi hilabete eta erdian. Izan dira taularatze bikainak, serioak, komikoak, dramatikoak... Hemezortzi antzezlanek osatzen dute San Miguel liga izeneko lana, eta gaur, azken-aurrekoa jokatzera aterako dira arraunlariak Bermeoko antzokian (18:30, ETB1).
Ez dira denak ariko, aktore batzuei oporrak ematen dizkielako ligako araudiak edo lehiaketako ereduak. Sailkapeneko bederatzigarrenak eta hamargarrenak jai dute, eta zortzi aurrenekoak bakarrik taularatuko dira itsasoan. Lehen txandan, hauek dira antzezleak: Astillero, Castro, San Juan eta San Pedro. Bigarrengoan eta azkenekoan, hauek: Tiran, Urdaibai, Hondarribia eta Kaiku.
Gozatzea baino ez zaio geratzen zaleari. Azkenetakoa delako, eta itsasoan, azkena. Zirrara gutxi izatea sailkapenean, horixe txarrena. Izan ere, Kaikuk ia erabakita dauka liga, eta gaur bertan lot dezake behin betiko. Nahikoa du, adibidez, Hondarribiaren aurretik sartzea liga bigarrenez irabazteko, iazko garaipenari aurtengoa lotzeko. Gaurkoaren aurreko estropada Kontxakoa izan dela ikusita, eta bizkaitarrek eman duten erakustaldia emanda, ea nor ausartzen den Kaikuri aukera hori kentzen.
Baina irin denak ez dira zuri, eta litekeena da Kaikuk estropada preziatuan arraun egin ez zuten arraunlariak ateratzea. Ordezkoak deituko litzaieke beste edozein klubetan, baina Kaikuko ordezkoak titular lirateke beste edonon. Hortaz, litekeena da ontziak ez ematea Kontxako maila bera, baina lehiakorra izango dela ez izan zalantzarik. Beste aldagai bat kontuan hartzekoa gainerako taldeen inguruan: arraunlariak burua oporretan du dagoeneko, eta Donostiakoaz geroztik, kendu egingo lituzke asteburu honetako bi estropadak. Dena emango duela ziurra da, eta saiatuko dela ere bai, baina burua ez dago lehiaketaren hasieran eta erdialdean zeukan bezala. Motibazioa etorri egiten zen lehen; orain, atera egin behar da, ezkutu antzean egongo baita. Hor nonbait aurkitu beharko dute, esaterako, Hondarribikoek. Izan liteke hemen: denboraldiko azken asteburuan banderaren bat irabaztea, sasoi bikaina biribiltzeko. Urdaibaik eta Tiranek ere badakite zer den liga honetan trapua astintzea, eta gaitasuna daukate berriz gauza bera egiteko.
Lehen txandan, erakargarritasuna binaka banatuko da: pasaitarrena, batetik, eta Castro eta Astillero Kantabriakoena, bestetik. Albokoari irabaztea beti da handia antzoki honetako argiakitzaltzera doazen bezperan.
Argiak itzali aurrekoa
San Miguel ligako azken-aurreko estropada jokatuko dute gaur Bermeon sailkapeneko lehen zortzi sailkatuekKaikuk hamabi punturen aldea ateratzen dio Hondarribiari, eta gaur irabaz dezake liga
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu