Argirik gabe utzi ditu denak

Kaikuk oso erraz irabazi zuen herenegun San Miguel ligako estropada Portugaleten, erakustaldia emanez

Kaikuko patroia eta arraunlariak, herenegun, ziabogetako bat ematen, Portugaleteko estropadan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Kaikuk erakutsi du aurten kolpe batekin zuzentzen dituela bezperako lan ez hain onak. Larunbatekoa, esaterako, ez zen balekoa izan bandera irabazteko, eta, herenegun, Portugaleten, danbateko latza eman zuen. Ambilamp bandera bereganatu zuen, lanparen munduan lan egiten duen enpresa horren trapua, eta argirik gabe utzi zituen aurkariak.

Bere txandakoei egurra eman bazien, atera kontuak zer egin zuen beste txandetakoekin. Hasi eta buka txiki utzi zituen gainerakoak. Kalea ere egokia zeukan, lehenengoa, ura behera emanda zegoelako azken txanda jokatu zenean. Ederki baliatu zuen aukera, eta lehen luzetik gauzak garbi laga zituen. Luzez luze aldeak handituz joan zen, eta gozatu ederra eman zion bere buruari, zaleen aurrean ari zelako. Eta zaleak, jakina, txoratzen.

Halako nagusitasunak bigarren lekua lortzeko lehian utzi zuen zirrara. Hor bai izan ziren estu kontuak. Urdaibai nagusitu zitzaien Hondarribiari eta Tirani, denak lau segundoan zirela, baina irteera okerra egiteagatik, bizkaitarrei hiru segundoko zigorra ezarri zien epaileak, eta Hondarribiak hartu zion aurrea bigarren lekuan; Tiran laugarren sailkatu zen. Ligako sailkapenean, igandeko nagusitasunaren parekoa dauka Kaikuk, eta bi estropada baino ez dira falta. Joan zen urtean bezala, garaile izango da aurten ere.

Igandean lan ona egin zuten beste bi traineru San Pedro eta Pedreña izan ziren. Pasaitarrek bigarren txanda irabazi zuten, eta bosgarren izan ziren azkenean. Pedreñak lehen txanda menderatu zuen, seigarren egiteko. Zierbenak ere lan ona egin zuen txanda horretan, bigarren eginez, eta bolada onean dela berretsi zuen.

Portugaleten gertatu ohi den bezala, polemikak tartea izan zuen. Bigarren txandan, Castro Astilleroren kalean sartu zen, etaarraunek elkar jo zuten. Epaileek Castro kaleratu egin zuten. Eremua estua da, eta ontziek ibai er- tzetara joateko joera izaten dute, itsaslasterren kontuagatik. Ez dago denentzako lekurik, eta halaxe gertatzen dira gertatzen direnak.

Igande eguerdiak utzi zuen beste ondorioa ondorengoa: jaitsierako kanporaketa Zumaiak jokatuko du irailaren erdialdean, San Miguel ligako azken bi estropadak baliatuz. Bi egun horietan ez dira ariko Portugalete eta Pedreña, bederatzigarren eta hamargarren sailkatuak, aurreneko zor- tziek bakarrik izango dutelako lehian aritzeko aukera. Bitartean, Kontxak hartuko du arreta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.