Argirik gabeko izarra

Athleticek taldea gidatzeko fitxatu zuen Beñat Etxebarria, baina Ander Iturraspe eta Mikel Ricoren lan bikainak aulkira eraman dute. Valverdek gehiago emateko eskatu dio.

Beñat Etxebarria, falta bat jaurtitzeko prest, Rayo Vallecanoren aurkako norgehiagokan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRES.
haritz gallastegi
Bilbo
2014ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Itzalita dagoen izar bat dauka Athleticek: Beñat Etxebarria dauka izena. Igorreztarra da, eta hilabete eskas barru 27 urte beteko ditu. Hura izan zen Athleticeko zuzendaritzak aukeratu zuen futbolaria, familia zuri-gorriari ilusioa berreskuratzen lagundu eta hurrengo urteetan lehoi taldea gidatzeko. Baina, oraingoz, Bigarren Mailan geratu da. Etxera itzuli den sasoian ez du nabarmentzeko aukerarik izan; zelaian galduta ibili da, nahi eta ezin, barruan daukan futbol guztia erakutsi ezinda. Eta, azkenean, aulkian aurkitu diote berdegunean topatu ezin izan duen lekua. Eta eserleku finkoa dirudi, futbol taldeetako bazkideek ondo baino hobeto ordainduta gordea izaten duten aulkien antzekoa. Izan ere, harmaila ondotik zelairako urratsa egin ezinda dabil aspalditxoan. Ernesto Valverdek konfiantza galdu du jokalariarengan.

Baina Beñat ezin da kexatu; aukerak izan, izan ditu. Asko. Valverderentzat lehen aukera izan zen zelai erdirako. Proba asko egin zituen, eta denetan hura agertzen zen zutabe nagusi gisa. Lehenengo, Mikel Iturraspe jarri zioten ondoan; ondoren, Mikel Rico; bi euskarrien aurretik ere jokatu du. Baina gora egin beharrean, behera egin du igorreztarraren jokoak. Ezin da esan sasoia txarto hasi zuenik; eman dezakeenaren zertzelada batzuk eskaini zituen, baloia oinetan duenean erraz aritzen baita futbolean. Motzean zein luze jokatzeko gaitasuna dauka. Halaber, geldikako jokaldietan maisua da. Zuzeneko jaurtiketak zein erdiraketak zehaztasunez egiteko abilezia dauka. Ligan ez da erraza aurkitzea horrenbeste dohain dituen euskarri bat, are eta gutxiago Athleticentzat. Baina gabeziak ere baditu, batez ere defendatzeko orduan: ez dauka beste futbolari askok duten beharrerako prestutasuna, seguruenik beste gauza batzuk egiteko prestatu dutelako.

Athletic ez da fin aritu Beñat hasieratik aritu denean. Puntu asko pilatu arren, taldeak joko aldetik gabezia asko erakutsi zituen; ez zuen funtzionatu. Beraz, probak egiten jarraitu zuen Valverdek, eta, ekinaren ekinez, lortu du talde sendo bat egitea. Eta zein da Athletic etsipenetik ilusiora eraman duen taldearen bizkarrezurra eta arima? Ricok eta Iturrraspek osatzen duten euskarria. Haiek dira taldearen birika; haien ezaugarriek islatzen dute egun Athletic dena: lehiakorra, langilea eta elkartasun handikoa. Distira falta zaio, ordea: Beñatek emango liokeen argia. Baina ez dago lekurik guztientzat. Zelaian gehien erakusten dutenek jokatzen dute Athleticen. Horregatik, Ricok eta Iturraspek jotzen duten musika zakarragoari esker ari da hazten udan Beñaten, Ander Herreraren eta Iker Muniainen musika finari esker dantzatzeko prestatutako taldea zirudiena.

Kirolaz kanpoko konturik ez

Hori bai, ez dezala inork pentsa kirolaz kanpoko kontuak daudenik Beñaten egoera zailaren atzean. Ez dago Beñatauzirik. Ez dago jarrera txarrik, profesionaltasun faltarik edota antzerako ezer; horiek kaleko kontuak dira, esamesak baino ez. Beñatek jokatzen ez badu, beste batzuek maila hobea eman dutelako da. Valverderen adierazpenak sinetsi beharrekoak dira, egia esan baitu igorreztarraren gainean galdetu diotenean: «Ez da ezer gertatzen ari. Harekin hitz egin dugu, eta esan diogu zer espero dugun harengandik. Eta, era berean, taldean lehia dago. Beñat garrantzitsua da guretzat. Beraz, jokatu egingo du, eta lagundu egingo digu».

Eta entrenatzailearen adierazpenak sinesten ez dituztenentzat edota erabat betetzen ez dituztenentzat Beñatek berak esandakoa gogoratzea baino gauza osasungarriagorik ez dago: «5,5eko nota jarriko nioke orain arte egin dudan lanari. Neurketa batzuetan gustura aritu naiz, baina beste askotan ez naiz eroso sentitu. Ez diot neure buruari gutxiegi jarriko, baina argi daukat askoz gehiago eman dezakedala. Sasoi amaieran nota hobea merezi izatea espero dut». Argi dago Beñatek asko daukala eskaintzeko oraindik. Izango du aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.