Nola ez zituen esango Cesare Prandellik, Italiako entrenatzaileak, selekzioaren ardura hartu zuenean esandako hitz haiek? "Futbolean jokatuko dugu, hori baita bide bakarra titulua irabazteko". Andrea Pirlo Italiakoa izanda, "futbolean jokatze" hori da biderik onena. Bete-betean asmatu du Fiorentinako entrenatzaile ohiak, eta bere ereduari tinko eutsiz, gaur ere plazaratu du jokatzeko era hori. Eta irabazi egin du.
Itxura ona zuen jokatu aurretik Ingalaterra-Italia honek, eta ez da kontrakorik gertatu. Polita izan da ikusteko. Ederra. Nahiz eta jokatzeko baldintzak txarrak izan klimagatik. Manaus hirian, Amazonasen, 31 gradu eta hezetasuna %61ekoa. Ezin ba erritmo bizia hasieratik jartzera atera bi taldeak. Bakoitzak bereari eutsi dio: Italia baloiaren jabe eginda, aulkiko arkitektoak zelaiko beste arkitektoaren esku utziz estrategiaren planoak; eta Ingalaterra, kontraerasoaren bila, egokiak baitira horretarako Sterling, Sturridge eta Welbeck.
Zelaiko arkitektoa lekuz aldatu egin du aulkikoak: Pirlo De Rossiren aurretik jarri du jokatzen, Verrati gaztearen alboan. Hala ere, baloiaren irteeran, De Rossi gehienetan erdiko hirugarren atzelari bihurtu da, eta beste biak euskarri. Ingalaterrako bi euskarriek jarraitu egin diete Pirlori eta Verratiri, eta sekulako zuloa eta pagotxa aurkitu du Italiak Gerard eta Henderson euskarrien bizkarrean. Marchisio eta Candreva (partida bikaina egin du) hegaletik barrura sartuta ibili dira, arkitektoaren pase bikainak baliatzeko, eta eskuin hegaleko atzelari Darmian nahierara igo da behin eta berriz. Min handia egin dio taldeko mugimendu landu horrek Ingalaterrari partida guztian.
Italiak izan du baloia hasieratik, baina Ingalaterra hau ez da beste urteetakoa. Jokoan bai, baloiaren jabetza duenean kamuts samarra izaten segitzen baitu, hobeto jokatzeko jokalariak eduki arren. Onerako aldatu zaiona da oso jokalari bertikalak, onak eta azkarrak dituela aurrealdean. Eskuin hegaletik eman dizkio buruko minak Italiari lehen zatian. Welbeck, Sterling, Sturridge hortik ibili dira erosoen, eta susto handiren bat ere eman diote Sirigu atezainari (Buffonek min hartu zuen atzoko entrenamenduan).
Baina gola Italiak egin du. Arkitekturako beste ikasgai batean. Kornerra motzean atera, Pirlok astintzeko itxura batean area ertzetik, baina honek baloiari pasatzen utzi dio Sturridge gainean zuelako. Marchisiok hartu du baloia, eta zartako zehatza jo dio area kanpotik. 1-0. 35. minutua.
Handik minutua eskasera, berdinketa Sturridgek. Italiak hainbestetan egin duen mugimendu landua ez du ondo amaitu eskuin hegaletik, eta Rooney gezia bezain zital sartu da handik, erdiraketa zehatza Sturridgek sartzeko. Ingalaterraren kontraerasoa eraginkor. Lehen zatia amaitzear zela, Italiak bi aukera on izan ditu. Balotelliren gaiztarekia bat, eta zutoinak kanpora bota duen jaurtiketa bat.
Bigarren zatia hasi orduko, Italiaren jokaldi erabiliena partida osoan, eskuin hegaleko hori. Eta sari potoloa oraingoan. Balotellik ederki jarri dio burua baloiari bigarren zutoinean. 1-2. Asko falta zen, baina emaitza ez da aldatu. Minutuak aurrera egin ahala, bi egoera ezberdin ikusi dira: Italia baloia gordez, eta Ingalaterra baloiaren jabe. Ingelesen gabezia potoloena zein den hortxe geratu da agerian. Italiak ere ez du baliatu kontraerasorik. Hori bai, Pirlo arkitekto jaunak langara bota du baloia falta bat berak bakarrik dakien bezala jaurtiz. Handia zitekeen golak biribiltzea bere partida bikaina. Behintzat, hiru puntuek gozatuko dute gizona. Eta guk, bere jokoarekin eta Prandellirekin arbelarekin aho zabalik jarraituko dugu. Arkitektoak.