Futbola

Arkonadak ez du Reala entrenatuko aurrerantzean

Bi denboraldi eta erdi egin ditu talde txuri-urdina zuzentzen. Teknikariak Zubietan segituko du lanean.

ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 18a
14:43
Entzun

Baieztatu da zurrumurrua. Gonzalo Arkonadak ez du Reala entrenatuko aurrerantzean. Teknikariari ekainaren 30ean amaitzen zitzaion kontratua, baina talde txuri-urdinean segituko du, beste eginkizun batzuetan. Arkonadak 2017ko azaroan hartu zuen taldea entrenatzeko ardura, Juanjo Arregi ordezkatuz. Realean egonda zegoen, baina ez zuen esperientziarik emakumezkoen futbolean.

Horrek hainbat zalantza sortu zituen. Baina taldea berehala hasi zen gora egiten eta goiko postuetan finkatzen. Haren aginduetara lortu zuen talde txuri-urdinak bere lorpenik handiena: aurreko sasoian Espainiako Kopa irabazi zuen, Granadan, Atletico Madrilen aurka. Denboraldi hau ondo hasi zuen taldeak, baina, gero, gorabehera batzuk izan zituen. Dena den, beste final batera ailegatzea lortu zuen: Espainiako Superkopakoa. Bertan, kolpea jaso zuen, 10-1 galdu baitzuen Bartzelonaren aurka.

Agur esateko idatzitako eskutitzean esker ona adierazi du Arkonadak. Hasteko, berarekin entrenatzaile taldean egon direnei: "Eman didaten babesa eta ni ulertzeko izan duten babesa eskertu nahiko nieke"; baita ere Garbiñe Etxeberria kirol zuzendariari ere. "Izan ditugun elkarrizketa eta eztabaida aberasgarriengatik".

Jokalariak ere izan ditu gogoan. "Asko ikasi dut haiengandik, eta entrenatzaile eta pertsona hobea izaten lagundu eta erakutsi didate". "Hazten jarraitzeko" lanean segitzeko eskatu die. "Ez jarri mugak zuen buruari". Zaleei ere egin die aipamena. Haiei ere eskerrak eman dizkie, taldeari emandako babes "nekaezin eta sanoarengatik".

Hemendik aurrerako aroari "ilusioz" ekingo diola berretsi du. Klubak ez du zehaztu zein izango den Arkonadaren eginkizun berria, baina Zubietako jokalarien formakuntzako etapan izango da.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.