Ilusioz gainezka ekingo dio Athleticek eta haren inguruak 2010-2011ko denboraldiari. Talde zuri-gorriak Espainiako Ligako protagonista nagusien artean egotea du xede. Sei onenen artean sailkatzeko asmoarekin hasiko duela sasoia, alegia. Horretarako, joan den sasoian hasitako bideari jarraipena emateko asmoa dauka Joaquin Caparrosek. Bi oinarri ditu Athleticen jokoak: defentsako lana eta Fernando Llorente. Bi zutabe horiek ardatz gisa hartuta, talde gisa haztea da talde zuri-gorriaren helburua.
Athleticen ia ez da ezer aldatu. Joan den denboraldiko entrenatzaile, jokalari eta jokatzeko era berberarekin ekingo dio lehiaketari. Beraz, guztien ahotan dagoen aurrerapausoa emateko protagonisten garapenaren menpe egongo da taldea. Caparrosek laugarren sasoia du taldean. Beraz, ondo baino hobeto ezagutzen du esku artean daukana. Ba, daukanari zuku gehiago atera beharko dio. Jokalariek, berriz, esperientzia handiagoa dute. Taldearen bizkarrezurra osatzen duten gehienak gazteak direla aintzat hartuta, pentsatzekoa da zer ikasi eta zer hobetu badutela oraindik. Esperientzia pilatzen ari dira eta, beraz, eurek ere jakingo dute zer egin behar duten maila hobea emateko. Finean, joan den sasoiko armak ondu egin dituela erakutsi beharko du talde zuri-gorriak.
Rico Perezen hasiko da Athletic «benetako balak» erabiltzen. Hitz horiek erabilita ezberdintzen ditu Caparrosek lagunarteko partidak eta puntuak jokoan dauden norgehiagokak. Jakinekoa da denboraldi-aurrea probak egiteko eta taldea prestatzeko baliatu beharreko sasoia dela. Tarte horretan jokatzen diren neurketetan ikusten dena ez da puntuak jokoan daudenean erabiltzen diren parametro berberekin aztertu behar. Nahitaez, lehiaketan azken emaitzak asko baldintzatzen du taldeak egindako lana. Beharbada ez luke beti horrela izan beharko, baina...
Baina berdegunean ikusten denak asko balio du sasoi hasieran ikusiko dena aztertzeko. Athleticen kasuan ez da ia ezer aldatu. Caparrosek BERRIAri esan zionez, jarraitzaileen artean «ilusioa» sortzea eta Europako lehiaketetan sartu ahal izatea dira helburuak. Horretarako, emaitzak baliatu beharko ditu Athleticek. Izan ere, zuri-gorrien jokoa ez da erakargarria. Athleticzalea ez den jarraitzaile batek ez ditu 60 edota 70 euro ordainduko Caparrosen taldea ikusteko. Ez baitu ezer berezirik egiten. Ez du joko landua egiten, ez dago jokalari ikusgarririk -Muniain izan daiteke salbuespena-... Finean, ez du aparteko ezer eskaintzen. Baina gauza onak ere baditu Athleticek. Zaleak baikor eta itxaropentsu izateko modukoak. Aurkariarentzat talde deserosoa da Athletic. Harri gogor eta astuna izango dute aurrean aurkariek. Talde langilea eta borrokalaria. Konpromiso handikoa. Markagailuan aurrea hartuz gero, mendean hartzea oso gaitza dena. Hori bai, gabeziak ere erakutsi ditu. Erasoan gehienak. Athleticek maila oneko jokalariak ditu. Golak sartzeko gaitasuna dutenak. Baina, gehienetan euren talentuari esker lortzen dute helburua. Talde anarkikoa baita erasoko jokoan. Zer egin behar duen argi ez duen taldea. Onenen artean egoteko, hobetu egin beharko du arlo horretan.
Amorebietak uko Venezuelari
Zuri-gorriek motibazioz gainezka egongo den talde igo berri baten etxean jokatuko dute lehen jardunaldian. Hercules goren mailara bueltatu da hamahiru denboraldiz infernuan sufritzen egon ostean. Asko kostatu zaio Tote eta enparauen taldeari onenen artera bueltatzea. Euren lorpena ezbaian ere egon da uda osoan. Zenbait neurketa erosi egin zituztela argitaratu da, baina inork ezin izan du erakutsi. Auzi hori atzean utzi, eta Izarren Ligan maila ona emateko behar dituzten osagaiak eskuratzen ahalegindu dira taldeko agintariak. Maila oneko jokalariekin indartu dute taldea: Abel Aguilar berreskuratu dute eta Valdez paraguaitarra fitxatu dute. Gainera, badirudi Trezeguet aurrelari beterano eta bikaina ere taldetik gertu dagoela. Bistan da ez daukala sufritzeko asmorik.
Hala ere, Athleticek aprobetxatu beharra dauka denboraldiaren hasiera. Herculeseko jokalari askok maila ezagutu arren, jakinekoa da talde igo berri gehienei kosta egiten zaiela mailari neurria hartzea. Gainera, Athleticek ezagutzen du Rico Perez. Espainiako Kopan jokatu zuen duela denboraldi bi.
Jon Aurtenetxe izan daiteke Athleticen hamaikakoan aldaketa nagusia. Ezkerreko atzelariak lan ona egin du udan, eta entrenatzailearentzat Castilloren aurretik dagoela dirudi. Gainerakoak ohikoak izango dira. Ohikoen artean dago, hain zuzen ere, Fernando Amorebieta. Athleticeko teknikariarekin eta presidentearekin berba egin ostean eta bere ingurukoen gomendioei kaso eginez Iurretako jokalariak uko egin dio Venezuelarekin jokatzeari. Behin betiko erabakia dela dirudi.
Arma eta bala bertsuekin
Taldea indartu ez arren, Europako lehiaketetan sartzeko helburuarekin hasiko du sasoia Athleticek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu