saskibaloia

Armani Milanen krisia baliatu nahi du Laboral Kutxak

Gaur irabaziko balu, bi garaipenen aldea lortuko luke bosgarren sailkatuarekiko. Xengelia osatu da, baina ez du jokatuko.

Mike James baloia pasatzen, Milanen jokaturiko lehen itzuliko partidan. M. B. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko azaroaren 19a
08:44
Entzun

Pauso garrantzitsua eman dezakegu, baina ez erabakigarria», hala deskribatu zuen atzo Velimir Perasovicek Armani Milanen aurka gaur Buesa Arenan jokatu beharreko Euroligako partida (20:30, ETB1). Laburpen ona da, eta matematikoki azaldu daiteke. Gaur irabazita, Laboral Kutxak bi garaipenen aldea aterako dio Top16tik at dagoen lehen taldeari. Ligaxka amaitzeko beste lau jardunaldi falta direnez, eta kontuan hartuta Limogesek ia birtualki galdua duela Baskoniarekiko puntu aldea —36 puntugatik irabazi zion—, gaur irabazita Gasteizko taldeari asko leunduko litzaioke hurrengo faserako bidea.

Laboral Kutxak partida irabazteko aukera aproposa du, eta, ahal bada, bi punturengatik, lehen itzulian 78-76 galdu baitzuen Milanen. Izan ere, hartaz geroztik asko aldatu da bi taldeen egoera. Baskoniak gora egin du, eta iragan asteko Zagrebeko estropezua kenduta, sendotasun irudia eman du. Armani Milan, aldiz, kirol krisi larrian murgildu da. Euroligako beste lau partidak galdu egin ditu, eta ligan ere pattal dabil. Gaur galtzen badu, Italiako hedabideek ziurtzat jotzen dute Jasmin Errepesa entrenatzailea kargutik kenduko dutela taldeko zuzendariak. Teknikariaren eta taldeko izarren harremana ez da batere ona, eta dema jokalariek irabazi dute.

Giro txar horretan etekina lortzen jakin behar du Baskoniak. Horretarako, Velimir Perasovicek sasoiko ditu jokalari guztiak, baita Tornike Xengelia ere. Hala ere, ez dirudi gaur jokatuko duenik; bai, ordea, asteburuan. Beraz, ondo bidean, gaurkoa izango Kristjan Kangurren azken partida Baskoniarekin. Euroligan ohiko den bezala, Darko Planinicek jokatu ahal izango du. Ikustekoa izango da, halaber, zenbat jokatzen duen Mike Jamesek iragan igandeko partidan teknikariarekin izandako eztabaidaren ondoren. Perasovicek jendaurrean kritikatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.