Armani trajea ala jeansak?

Baskoniak huts egiteko tarterik gabe jokatuko du gaur, Milanen; galtzeak asko urrunduko luke Top 16a

Andoni Urbistondo.
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Jeans galtzak edo trajea? Bietako bat janzteko aukera dauka Baskoniak gaur, Milanen. Armani Jeans edo Emporio Armani babesle aberatsaren etxean. Jeans galtzen erosotasuna edo traje elegante baten zurruntasuna, estutasuna. Irabaztea lortuz gero, jeans galtzekin bueltatuko da Gasteizera, Top 16ari itxaropentsu begira. Galtzen badu, aldiz, traje zurrunak itota, gorbatak arnasa hartzen uzten ez diola geratuko da, eta Top 16a urruntzen ari dela sumatuko du.

Berri ona da Baskoniaren esku dagoela aukeraketa. Berri txarra, Milanen jokatuko dela, eta Armanik Baskonia zigortu nahiko duela, Top 16rako bidea erosoagoa izan dadin. Armanik orain arte jokatu dituen bi partidak irabazi ditu, eta ezustekoa eman. Bat, etxean, eta bestea, Zagreben, Cedevitaren aurka. Etxean irabazi zuena —adi— Efes Pilsen ahaltsuaren aurka, 80-75, ligaxkako lehen norgehiagokan. Bi partida horietan argi geratu da zein den Armani Milanen bizkarrezurra: Ioannis Burussis pibot greziarra eta Keith Langford eskolta estatubatuarra. 17 puntu eta 7,5 errebote lortu ditu Burussisek batez beste lehen bi partidetan, eta 16,5 puntu Langfordek.

Bi jokalarirekin, ordea, ezinezkoa da arrakasta lortzea. Milanok lan bikaina egiten duten langile fin sorta ederra dauka: Omar Cook eta Rok Stipcevic joko antolatzaileak, Gianluca Basile eta Alessandro Gentile eskoltak, Malik Hairston eta Antonis Fotsis hegalekoak, eta saskipean, Nicolo Melli eta Richard Hendrix hegal-pibotak. Guzien buru, Sergio Scariolo italiarra, behingoz Armaniren inbertsioari merezi duen oihartzuna emateko asmoz.

Hirukoetan arriskutsua

Armani Milanek eraginkortasun handia erakutsi du hiruko lerrotik. 26 hiruko sartu ditu bi partidatan, eta %50etik gorako portzentajearekin. Bistan da, zorrotz zaindu beharko du alor hori Baskoniak esku hutsik bueltatu nahi ez badu. Ez da lan erraza, Hendrixek izan ezik beste jokalari guztiek gaitasuna dutelako hirukoak gauzatzeko. Jokatzeko modu horren ondorioa da bereganatzen duten erasoko errebote mordoa, jakina baita asmatzen ez diren jaurtiketen alderatzeak pibotak ez direnen ardura izaten dela.

Baskoniak arazo franko du erreboteen arloan, Tibor Pleissen lesioaren eta Milko Bjelicaren sasoi txarraren ondorioz, eta faktore erabakigarria izan liteke, balantza alde batera edo bestera desorekatzeko bidean. Hutsuneen zerrenda ez da Pleissekin bukatzen, Taylor Rochestie joko antolatzailea ere Gasteizen geratu delako, orkatila sendatzen. Beste 7-10 bat egunerako daukala jakinarazi du klubak.

Denboraldi-aurrean bi aldiz jokatu zuten elkarren aurka Baskoniak eta Armani Milanek, baina norgehiagoka bi horiek aurrekari baliagarriak direla pentsatzea denbora galtzea da, italiarrek garaiz jarri dutelako martxan euren motorra, eta arabarrek, ez. Ligan txukun antzean ibilita ere, Euroligan nahi eta ezin ari delako. Zalgirisek eman zion muturrekoa, horren lekuko.

Baskonia eta Zalgirisen pare zegoen aurreikuspenetan duela bi aste Milan, ligaxka hasi aurretik, baina orain oso bestelakoa da panorama. Baskoniak tren hori galdu du, eta Milanek eta Zalgirisek hartu, bi garaipenen aldea baitute dagoeneko. Egiari zor, harritzeko modukoa izan zen Scarioloren taldeak Efes Pilsen menderatu izana. Ez hainbeste Zagreben garailea izatea.

Cabezasek eta Causeurrek Joventuten aurka erakutsitako hobekuntzarekin fidatu beste erremediorik ez dago, edo Olesonek Langford ondo zainduko duelako itxaropena eduki; batez ere, Milanen galtzeak bueltarik gabeko egoera gaiztoa ekar dezakeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.