Frantziako Tourreko palmaresak zazpi urteko hutsunea izango du historia liburuetan. Nazioarteko Txirrindularitza Federazioak (UCI) Lance Armstrongek irabazitako zazpi tourrak garailerik gabe uztea erabaki zuen atzo, eta irabazitako dirua itzultzeko eskatu zion txapeldun ohiari. Era berean, ez da posturik aldatuko Armstrongek 1998 eta 2005ean irabazitako proben sailkapenetan. Dopin aferak txirrindularitza munduko izen ugari zipriztindu ditu, eta UCIk batzorde bat sortuko du errudun guztiak txirrindularitzatik kanporatzeko.
«Batzordeak garaipenak beste txirrindularien bati ez ematea erabaki du, eta ezta ere kalteturiko lasterketetako sailkapenetan aldaketarik egitea», hala laburbildu zituzten UCIko buruek, ohar bidez, atzo Genevako egoitzan eginiko bileraren ondorioak. Federazioaren ustez, «hodei beltz» bat dago aro haren gainean, eta badaki du erabakia bidegabea izan daitekeela: «Garbi parte hartu zutenentzat gogorra izan daitekeen arren, ulertuko dute sailkapenak mugitu ondoren lorturiko garaipenek ohore gutxi dutela». Horiek hala, eta euskal txirrindulariei dagokienez, bi dira eragin nabarmenenak: Joseba Belokik ez dio utziko 2002 Tourreko bigarren sailkatu izateari, eta Abraham Olanok laugarren 2000. urteko Olinpiar Jokoetako erlojupeko proban.
USADAk Lance Armstrongen dopin tekniken inguruan idatzitako txosten zabalak hainbat txirrindulari eta txirrindulari ohi salatu ditu, eta UCIk batzorde independente bat sortuko du bertan nahasturikoak txirrindularitzatik ateratzeko. «Armstrong auzian eginiko salaketak» aztertzea izango du xede, eta errudun izanez gero, txirrindularitzatik kanpo uztea, «baita teknikari gisa ere». UCIk heldu den astean erabakiko du nortzuk osatuko duten batzorde hori, eta txostena, berandu jota, ekainaren 1erako idatzi beharko dute. UCIren ustez, dopin kontrol zehatzagoei esker egungo txirrindularitzak «1998-2005 arokoarekin» zerikusi gutxi duen arren, «pauso gehigarriak» ematea erabaki du sorturiko kezka larriei konponbidea emateko.
Armstrongen Frantziako zazpi Tourrak irabazlerik gabe utzi ditu UCIk
Joseba Belokik ez dio utziko 2002ko bigarren sailkatua izateari, eta Abraham Olanok ez du jasoko dominarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu