Datorren asteburuan Olaizolaren eta Urrutikoetxearen aurka jokatu behar duten partida erabakigarriaren atarian, puntu baliotsua lortu dute Irribarriak eta Rezustak, Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxka jokatu ahal izateko kanporaketetan aritzeko. Labriten, 22-16 hartu dituzte mendean Victor eta Mariezkurrena.
Hasieran lortu zuten 8-1eko errenta funtsezkoa izan da garaipena lortzeko. Lehen tanto horietan Irribarriari bizi eta erasoan ikusi zaio; galtzaileek, berriz, bizpahiru huts argi egin dituzte
Baina Mariezkurrena partidan sartzen joan ahala, hobera egin dute. Atzelariak ez du oraindik iazko txapelketan erakutsitako joa berreskuratu, baina aurtengo txapelketan jokatutako partidarik onena egin du.
Bazirudien Irribarria eta Rezusta mendean hartzeko gai izango zirela. Hiru tantora ere jarri dira: 14-11. Pilota biziago bat atera dute eta horrek lagundu egin die. Baina hor kanpora bidali dute pilota bat Marriezkurrenak, eta irabazleek beste tanto erreskada bat lortu dute, eta Irribarriak egindako dejada batekin, eta Mariezkurrenak erantzun ezin izan zuen pilota batekin erabakita utzi du neurketa.
Beste neurketan Altunak eta Galarzak 22-18 hartu zituzten mendean Laso eta Albisu, eta hala irabazleek bigarren posturako lehian segitzen dute. Ez zen partida ona izan Bilbon jokatutakoa. Altunak eta Galarza 6-0 aurreratu ziren. Baina ez zuten partidaren aginte makila izaten jakin. 9-9 ere berdindu zuten Lasok eta Albisuk. Hortik aurrera dezente jaitsi zen jokoa, eta galtzaileen hutsek erabaki du lehia.
Pilota
Arnas apur bat hartu dute
Irribarriak eta Rezustak 22-16 irabazi diete Victor eta Mariezkurrenari, eta bigarren postuari begira daude Altuna eta Ladis Galarza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu