EIBAR 1-0 VALENTZIA

Arnasa hartu du Eibarrek

Kondogbiak bere atean sartutako golari esker irabazi dio Eibarrek Valentziari Ipuruan. Garaipenari esker, mailari eusteko urratsa egin dute etxekoek.

Eibarreko jokalariak, Kondogbiak bere atean sartutako gola ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 25a
21:30
Entzun

Azkenean jaso du Eibarrek lan onaren saria: garaipena. 1-0 irabazi dio gaur Ipuruan Valentziari. Horri esker, bolada txarra eten du, garaipenik ez baitzuen lortu aurreko bost jardunaldietan; horietatik hiru etxean jokatutakoak. Horri esker, halaber, arnasa hartu du sailkapenean, eta aurrerapausoa eman du mailari eusteko.

Betiko oinarrietan eraikitako garaipena izan da Eibarrek Valentziaren aurka lortutakoa, bere estiloari leial izanda lortutakoa. Indartsu zelairatu dira etxekoak, aurkariari presioa itogarria eginez. Pentsatzen ere ez zioten uzten. Zelai erdian zorrotz, eta erasoan bizi. Denbora gutxi behar izan dute Orellanak, Kike Garciak eta Charlesek lehen arrisku jokaldiak sortzeko. Nagusi zen Eibar, eta ordu laurdena pasatu berritan jaso du saria. Zorteko jokaldia izan da. Pedro Leonek kornerra atera du, eta Bigasi aurrea hartu nahian, Kondogbiak baloia ukitu du, eta bere atean sartu du gola. Zorteko jokaldia izan arren, merezitako saria zen, nagusi baitzen etxeko taldea.

Gola jasota, Valentziak aurrera egitea espero zitekeen. Eta halaxe izan da. Gehiago ailegatu da Dmitrovicen area ingurura, baina ez da gai izan gol aukera garbi-garbirik sortzeko. Hala, 1-0koarekin amaitu da lehen zatia. Atsedenaldiak mesede egin dio Eibarri, indarberritu egin baita, eta berriz presioa egiteari ekin. Fruitua eman du: batetik, Valentzia bere zelaian preso geratu da; eta, bestetik, etxekoak, maiz eta arriskuarekin hasi dira kontrarioaren ate ingurura iristen. Cotek izan du lehen aukera garbia, falta jaurtiketa batean, 60. minutuan, baina Cillessenek bikain urrundu du baloia. Beste horrenbeste egin du bisitarien atezainak 82. minutuan, Enrichek buruz egindako errematean. Ondo ari zen Eibar, nagusi, baina gol bakar baten aldea zuen. Edozein jokalditan gera zitekeen saririk gabe. Fresko zuen etxean Athleticen aurkako derbian gertatutakoa. Hiru puntuak nahi zituen, hiru puntuak behar zituen. Asmo horretan berri ona izan da epaileak 89. minutuan, Mangala kaleratu izana. Azkenean, garaipena, garaipen garrantzitsua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.