Hiru porrot. Hiru belarrondoko segidan. Mallorca, Athletic, Zaragoza. Aldagela barrutik zabaldutako lasaitasun mezuak biderkatu egin dira egunen joan-etorriarekin. Gauzak bere onetik ez ateratzeko eskatuz. Horretarako beharra ikusiko zuten, nonbait,jokalariek. Kanpoan, aldiz, taldearen beherakadaren arrazoiak biltzeko ahalegina dago. Zergatiak argudioz jantziz. Asko eta askotarikoak. Guztion ahotan, hori bai, Phillipe Montanierren jardunbidea dago. Inguruarentzat ulergaitza.
Horregatik dago galdera sorta Realeko zaleen artean. Nola liteke Mikel Aranburuk ezer ez jokatu izana derbian? Zergatik ez zituen aldaketak agortu egun hartan? Joseba Llorentek ez ahal luke gehiago jokatu beharko? Zer dela-eta eseri zuen Griezmann Zaragozan, Sarpong sartzeko? Ez ote zuen arinegi jokatu Markel hasieratik jartzean, lau hilabetez jokatu gabe egon ondoren? Kezka, azken batean. Bolada ezkorrak areagotzen duena, noski.
Dena den, frantziarraren proiektuak sinesgarritasun gehiago edo gutxiago izan, hasierako urduritasunetatik salbu behar du egon. Ez baita entrenatzaile aldaketa arrunta. Ez. Egitasmo berria da. Harrobia ikur, ahazteko desira. Koskortu gabeko taldea hartu zuen zailtzeko betebeharrarekin. Denbora behar da, nahiz garaipenek baino ez duten ziurtatzen halakorik. Puntuz puntu bidea egitean dautza joko arauak. Ez dago besterik. Horretan dihardute txuri-urdinek, eta Getaferen kontra pazientzia lortzeko intentzioz zelairatuko dira. Egutegia ere kontra dutelako. Begi zeharka Levante eta Real Madril ikusten ditu. Pirinioetan sartzera doa, hortaz. Arnasa hartzeko puntuak dira gaurkoak.
Horretarako, arlo guztietan hobetu beharra dauka. Teknika aldetik «ezin baldarrago» aritu ziren azken norgehiagokan, entrenatzaileak herenegun argudiatu zuenez. Bistan da, sormen eta abiadurarik ezean, aldez aurretik ikusteko moduko jokoa ari direla egiten. Baloi ibilia motelegia da, sakontasun eta argitasunik gabea. Eta horrela nekez jos litezke arrisku jokaldiak. Hori gutxi ez, eta itxura bigunegia eman dute zenbait unetan. Ahula. Erabakitasuna faltako balitzaie bezala. Eta taldea askoz ere gehiago emateko gai da. Maila tekniko ederra duelako. Hobeto lehiatu daitezkeelako. Jokalariei dagokie aurrerapausoa ematea.
Kontrarioa, Luis Garciaren Getafe, ez dago egoera atseginagoan. Garaipen bakarra lortu du, Betisen kontra, etxean, eta etxetik kanpoko hiru neurketak galdu ditu Real Madril, Espanyol eta Malagaren aurka. Ez da hasiera ona sailkapenaren lehen erdian egon nahi duen taldearentzat. Multzo sendoa osatu baitu iazko sufrikariotik ihesean. Hala, entrenatzaileaz gain, Diego Castro, Mehdi Lacen, Lopo, Juan Rodrigez, Valera, Pedro Leon nahiz Guiza heldu dira. Eskarmentua eta kalitatea fitxatu dute. Garcia ezagututa, txukun antolatuko dira zelaian, kontraerasora jokatuz, zirrikitu gutxi utziz eta oldarkor. Horregatik izan behar du Realaren jokoak arina, bizia, hegaletatik ongi sartuz Prieto eta Griezmannekin, eta zelai erdian nagusituz. Hor egon liteke gakoa.
Aranbururen 400. partida
Aste honetan Zubietako ateak itxi ditu entrenatzaileak jokalariak babesteko. Ezohiko neurria da inguruotan. Zerbaitez ohartuko zen. Hori dela eta, ez da lan samurra bere pentsamoldeak aldez aurretik asmatzea. Orain artekoari eusten badio, hiruzpalau aldaketa egingo ditu ziur. Joan den astean nazioarteko saioak zirela eta, aulkian geratu ziren hirurak, Demidov, Griezmann eta Mariga, zelaira igaroko dira itxuraz, Mikel Gonzalez, Sarpong eta Markelen tokian. Elgoibartarrari ez dio dei egin entrenatzaileak Dani Estradari moduan.
Orain arteko talderik erasokorrena aukeratu du teknikari frantziarrak, aurrelari guztiak bere aginduetara izango baititu. Eta aipamen berezia Mikel Aranbururentzat, 400.ez jantziko baitu elastiko txuri-urdina. Langa hori gainditzen duen 11. jokalaria da. Historia bizia.
Arnasa hartzeko puntuak
Goitik beherako bide arriskutsua eten nahi du gaur Realak Getaferen kontra; etxetik kanpoko hiru partidak galdu ditu aurkariakMontanierrek zerrenda erasokorrena osatu du, taldeko lau aurrelariak deialdian sartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu