26 urte behar izan zituen Tauk lehen txapel garrantzitsua janzteko: Federazio Kopa. Villanueva de la Serenan lortu zuen hori, Calderonen jaioterrian, egungo Tauko joko banatzaileak hiru urte eskas zituenean. Hortik aurrera Baskoniaren bilakaera geldiezina izan da. Espainiako Kopa izan zen hurrengo helburua, eta gaur bertan lehiaketa horretan maisu dela esan daiteke. Apurka-apurka helburuen zailtasuna handituz joan zen, baina taldeak berak gora egiten zuen erritmo berean.Espainiako Ligako talde onenen artean toki bat lortu ahala, Europan jarri zituen begiak. Manel Comas aulkian zutela beste Kopa bat jarri zuten beira-arasean. Gorago begiratzea bazegoen ordea. ACB Liga eta Euroliga falta ziren sari bilduma osatzeko, eta Ivanovicekin heldu zen lehena. Gaur arratsaldean Tauk eskura du bilduma osatzea, gora doan bidea bukatzea, aro zaharra berritzea, hortik aurrera txapelak errepikatuta izatea izango baita helburu bakarra.Baskoniari falta zaion azken kopa lortzea, ordea, ez da batere erraza izango. Oso zaila zen lehen partida gainditzea, CSKA erraldoiaren kontrakoa, eta lortu zuen. Aipatu taldea azken bi denboraldietan Tauk izan duen borreroetako bat izan da. Joan den denboraldian Lauko Finaletik kanpo utzi zuen, tentsio handiko partidan. Bigarren borreroa Maccabi bera izan da, gaur arratsaldean aurrean izango duen taldea, hain zuzen ere. Oraindik gogoratzen dute Gasteizen orain dela hiru denboraldi, Lauko Finalerako txartela jokoan zegoela, israeldarren aurka jokatutako partida.Azken urteotako gertakizunak ahaztuta, lan eskerga egin beharko du Baskoniak Maccabi menpean hartu ahal izateko. Denboraldian zehar joko ikusgarria egin ondoren, Lauko Finalean sendotasun izugarria erakutsi zuen Maccabik Panathinaikosen aurka. Joko eraginkor eta neurtua egiteaz gain, edonor ikaratzeko moduko jokalari sorta du: Jaskevicius, Burstein, Parker, Sharp, Vujcic... Baina Baskoniari une honetan ez dio axola aurkariaren jokalari zerrendak. Lortu duen konfiantza puntuarekin edozein talderen aurka aritzeko gai da; arazoen aurrean konfiantza mantentzeko, gertatzen dena gertatzen dela.
Maccabiren baliabideak geldikako erasoan
Beste behin defentsak bereganatuko du garrantzi osoa, eta Tauk jakin badaki partida osoan defentsako lan hori egiteko gai dela. Dena den, Maccabiren aurka, jokoaren beste alorrak ere zaindu beharko dituzte. CSKAk etengabe korrika egiten du, baina Maccabikoek geldikako jokoan errusiarrek baino askoz baliabide gehiago dituzte. Kanpoko lerroaren jarduna dute primerakoa, barneraketen bidez mina egiten badakite, baita saskipean jokoa sortzen ere. Talde lanaren aldarrikapena egiten dute partida bakoitzean. Hori dela-eta, buruz buruko defentsan ondo aritzeaz gain, piboten lana garrantzitsua izango da barnealdiak galarazteko.
Gaurko partidak badu oinarrizko ezberdintasun bat CSKAren kontra herenegun jokatutakoarekin alderatuta. Errusiarren kontra hainbatetan neurtu dituzte indarrak, baina Maccabiren kontra ez dute jokatu azken bi urteetan. Aurretik esan bezala, ordea, Baskoniak lortu duen kontzentrazioak eta jokoak edozein erronkari aurre egiteko aukera ematen dio, aurrean izango duenari batere beldurrik izan gabe. Hori gogoan hartuta ariko dira gaur Olympyski Arenan.
-
Finalari buruz
DUSKO Ivanovic(Tau Baskoniako entrenatzailea)
«Presioa modu baikorrean ulertu behar da, eta taldeak duen onena pizteko erabili»
«Tau taldeen artean ekipo ahulena dela esatea Maccabi inguruan egon daitekeen iritzi bat baino ez da, baina gure kasuan presioa modu baikorrean ulertu behar da, taldearen onena pizteko. Azken urteetan elkarren aurka jokatu gabe egon ondoren hogeita hamasei ordu ditugu Maccabi gehiago aztertzeko, aldez aurretik ondo ezagutu arren. Erantzukizuna hartzeko moduko jokalari asko ditu Maccabik, Sharp kasu, denboraldian zehar ezer handirik egin gabe egon ondoren Panathinaikosen aurka erabakigarria izan zen».
Pini Gershon (Maccabiko entrenatzailea)
«CSKA-Maccabi finala interesgarria zatekeen, baina Tau daukagu eta hori da dagoena»
« Berriz ere irabazten saiatuko gara, zale asko ditugu hemen, eta etxetik gertu jokatuko bagenu bezala izango da. Partida askoz itxiagoa, gogorragoa eta zailagoa izango da joan den urtean Skipperren aurka jokatu genuena baino. Orain dela sei aste hasi ginen Lauko Finala prestatzen aldez aurretik genituen eskemen arabera, baina azken ordu hauetan lan eskerga egin beharko dugula onartzen dut. Tau talde handia da, bolada bikainean dago, eta CSKAren kontra 8-9 puntuko aldea izan zuten denbora askoan. Gehien harritu ninduena Tauk hasieratik kantxan aritzeko erakutsi zuen izaera gogorra izan zen. CSKA eta Maccabi finalean izatea oso interesgarria zatekeen baina Tau daukagu kontrario, eta dagoena da».