Frantzia 3-3 Suitza (4-5)

Arrain txikiak handia jan du

Suitzak Frantzia egungo munduko txapelduna garaitu du, penaltietan, eta Eurokopako final-laurdenetan Espainia izango du aurkari.

Suitzako jokalariak Eurokopan egindako balentria ospatzen, atzo, Bukaresten. ROBERT GHEMENT / FOKU
Mikel O. Iribar.
2021eko ekainaren 29a
12:09
Entzun

Txekiar Errepublikak eman zuen lehen ezustekoa Eurokopako final-zortzirenetan, Herbehereak azpiratuta. Bada, atzo, Suitza izan zen protagonista, Frantzia ahalguztiduna Eurokopatik kanpo utzi baitzuen, Bukaresten. Partida zoro baten ostean, hiruna berdinduta joan ziren luzapenera, eta talde batek zein besteak ate aurrean asmatu ez zuenez, penaltietara iritsi ziren. Biek launa penalti sartu zituzten. Admir Mehmedi Suitzako jokalariak bosgarren penaltia ere ez zuen hutsik egin; Kylian Mbappek bai, ordea. Yann Sommer atezaina azti ibili zen, eta asmatu egin zion aldea. Zoramena Suitzako jokalarien eta jarraitzaileen artean. Mbappe bera, Karim Benzema, Antoine Griezmann eta enparauak txiki geratu ziren suitzarren aurrean, eta gisa horretara agurtu dute Eurokopa.

Vladimir Petkovic Suitzako entrenatzailea denetik, atzo arte final-zortzirenetan izan zuen madarikazioa behin betiko amaitzea lortu zuen; zehazki, 2014ko eta 2018ko Munduko Kopako txapelketetan, final-zortzirenetan geratu zen, baita 2016ko Eurokopako lehiaketan ere. Atzo, bederen, harresia bota zuen, eta Espainia izango du arerio final-laurdenetan.

Partida hasierako gidoia esperotakoa izan zen. Frantziak ezarri zuen jokoaren erritmoa; batez ere, ezker hegaletik iristen ziren Suitzaren areara, Mbapperen abiadura eta Griezmannen talentua baliatuta. Suitza, berriz, intentsitate handirik gabe zelairatu zen arren, Petkovicen taldeak eman zuen lehen kolpea, 15. minutuan. Steven Zuberrek ezker hegaletik erdiraketa egin eta Haris Seferovis Realeko jokalari ohiak buruz indartsu errematatu zuen. Hurrengo minutuetan, Frantzia sarri heltzen zen suitzarren atera, baina saiakerak hutsalak izaten ziren.

Bigarren zatiaren hastapenean, Didier Deschamps Baionako entrenatzaileak aldaketak egin zituen, eta 4-2-4ko sistema ezarri zuen, Benzema eta Mbappe aurrelari peto gisa jarrita. Ez zen eraginkorra izan, eta hori gutxi ez, eta penaltia izan zuten aurka. Alta, frantziarrek arnas apur bat hartu zuten, Hugo Lloris atezain beteranoak geratu egin baitzuen Ricardo Rodriguezek egindako jaurtiketa. Llorisek hauspotu egin zituen gainerako jokalariak, harik eta Benzemak bi minutuan markagailua irauli zuen arte. Real Madrileko jokalaria eta Mbappe izan ziren protagonistak bi jokaldi horietan.

Minutuek aurrera egin ahala, Deschampsen jokalariak gehiago izan ziren, eta baloiarekin eroso sentitzen ziren, alde batetik bestera mugituz. 74. minutuan, Paul Pogbak urrutitik sekulako zartakoa eman zion baloiari, eta atea guztiz zulatu zuen. Dema erabakita zirudienean, ordea, Suitzak, bigarren zatiko lehen ailegaeran asmatu egin zuen. Seferovic izan zen golegilea, berriz ere. Azken hamabost minutuetan, suitzarrak hazi egin ziren. Eta bai hazi ere. Azken hatsean, Mario Gavranovicek markagailua berdindu zuen. Presnel Kimpembe atzelaria erraz gainditu ostean, Llorisen aurrean ez zuen hutsik egin. Modu horretara heldu ziren luzapenera.

Luzapeneko 30 minutuak luzeak eta gogorrak egin zitzaizkien bi taldeei. Jokalariek sekulako hanketako mina zuten. Suitzak eta Frantziak izan zituzten abagune apurrei ez zieten etekin handirik atera, eta, hala, une erabakigarrienera heldu ziren: penaltietara. Egiari zor, frantziarrak eta suitzarrak ez ziren urduri jarri penalti puntuaren aurrea. Hain zuzen, bi taldeek lehen lau penaltietan ez zuten hutsik egin. Bosgarrena zen erabakigarria. Mehmedi Suitzakoak gola sartu zuenez, Mbappe behartuta zegoen gola egitera. PSGko jokalariak baloiari eta atezainari begiratu, urrats txikiak egin eta ezkerraldera jaurti zuen; uste baino jaurtiketa ahulagoa, ordea. Sommer atezainak aldea asmatu zion, eta geldiketa ederra egin zuen. Suitza final-laurdenetara, eta Frantzia, berriz, etxera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.