Zumaiako azken baporeko kide izan zen. Azken arrainontziko marineletako bat. Aita zuen nagusi eta patroi, familiako ontzia baitzen: San Telmo-a. Bi urtez aritu zen buru-belarri sare eta bestelako lanabesen artean. «Ikasketa kontuetan ez nintzen ona, eta etxean ontzia izanda, aitak garbi esan zidan: 'Bi aukera dituzu, ikasten jarraitu edo lanean hasi'. Lanean hastea aukeratu nuen». Lanaren gogortasuna ikusita, baina, Luis Osak (Zumaia, Gipuzkoa, 1975) sotoan gordeta zuen xistera berriro janztea erabaki zuen. Entrenatu, sasoia hartu eta anaia gaztearekin abiatu zen AEBetara. 10 urte igaro dira honezkero, eta beste urte pare batean luzatuko du bere bidaia.
Enpresa arteko zirkuituko Munduko Txapelketa irabazi zuen iragan larunbatean Irastorzarekin, pilotari bezala bizitako une gozoenetariko batean. Osa Goikoetxea abizenekin, pilotazaleari berehala datorkio Iñaki anaiaren izena, baina hiruretan zaharrenak partidetan ere trebea dela erakutsi du. Halere, hein handi batean, gazteenari zor dio zestan jokatzen jarraitzea, bere garaian hari esker erabaki baitzuen AEBetara abiatzea. «Iñaki joana zen, eta hona bueltatzen zenean, nik ere berriz ere hastea erabaki nuen. Nik 22 urte izango nituen, eta saioa egin nahi nuen, ez zitzaidalako jokatzen ahaztu. Zestan aritzea arrantza egitea baino errazagoa zen. Arrantzale gisa asko ikasten da; bizitzarako eskola ona da».
Luisek ez zuen xistera erosi behar izan, aurretik ere maiz jantzia baitzuen. «18 urterekin Mexikora abiatzeko kontratua eskaini zidaten; ni prest nengoen, baina, azkenean, eskaintza bertan behera gelditu eta lur jota geratu nintzen; jokatzeari utzi nion ere». 1998an, ordea, erabakia aldatu zuen. Lehenbizi Newportera abiatu zen, gero Orlandora eta han denboraldia urtebetetik sei hilabetera murriztu zutenean, 2002an, anaiarekin elkartu zen Miamin. Tarte hartan jokatu zituen azken partida luzeak Euskal Herrian.
Aurtengo uda arte. Masterjaik azken orduan hutsune bat izan zuen txapelketan, eta Luisi esan zioten jokatzeko. Harrigarria izan da aurrelariak partidarik jokatu gabe sei urte egin ostean hain denbora gutxian egokitu izana lan luzera. «Aurreneko partidetan urduri nengoen, baina aurrera egin ahala hobeto aritu naiz. Prestatzeko denbora gehiago izan banu, hobeto jokatuko nukeela uste dut». Irastorzarekin aritu da, eta zumaiarrak kideari ematen dio txapela irabazi izanaren meritua. «Berarekin erraza da jokatzea, koadro gutxiago zaindu behar dira. Nire lana defentsa zaintzea eta ondo kokatzea izan da, eta ondo aritu naizela uste dut». Rikardo Alberdik, Masterjaiko intendenteak ere publikoki onartu du Luisek txapelketan eginiko lanak harritu duela.
Finalerdietan Iñaki anaia gaztea kanporatu zuen, berak atzelari hobea zuela nabarmendu badu ere. «Nik kide hobea nuen, eta horrek garrantzi handia izan zuen. Adar jotze pixka bat izan dugu gero. AEBetan askotan jokatzen dugu elkarren aurka, gainera, biak aurrelariak gara eta berak gehiagotan irabazten dit». Munduko Txapelketan, ordea, anaia zaharrak irabazi zuen.
Anaia du kide Miamin, eta loreak botatzen dizkio. «Niretzat, eta askorentzat, bera da munduko jokalaririk onena, bere postuan bai behintzat». Harreman estua dute, asko hitz egiten dute, baina inoiz ez pilotaz. «Guretzat lan bat da, are gehiago han. Hiru ordu aritu behar dugu egunero kinieletan, eta gero etxera joaten gara. Hemen beste pizgarri bat dauka; baina ez, ez dugu pilotari buruz hitz egiten, badaude beste gai batzuk».
Etorkizunaz, esaterako, hurrengo urteetako jardunaz mintzo daitezke bi anaiak, Luisek, nahiko argi badu ere. «Beste urtebetez, edo asko jota bi urtez, jarraituko dut Miamin, horiek igarota Euskal Herrira itzuliko naiz. Han gustura nago, baina hemen bizi nahi dut». Uda guztietan Euskal Herrira bueltatzen da, eta behin Miamitik irtenda jokatzen jarraitu nahiko luke. «Partidak jokatzea esperientzia polita izan da, eta ez naiz aritu gaizki, hemengo enpresa batekin jokatzea gustatuko litzaidake». Erabakia hartua zuen zumaiarrak, baina aurtengo udan jokatzen gozatu izanak asmoak are gehiago argitu dizkio.
Pilotalekuaren zain
Euskal Herriko zesta-punta profesionalaren egoera gazi-gozoa egiten zaio, euren arteko harreman txarrak Masterjai eta Jai-Aliveren lan ona iluntzen baitu. «Bi enpresak lan oso txukuna egiten ari dira, zestak etorkizuna duela erakutsiz. Pena da, ordea, ezin txapelketa bateratua eratzea. Pilotariok, eta ikusleek ere, hori nahi dugu, pilotari guztiak batera ariko diren txapelketak antolatzea».
Luis, beste asko bezala, Zumaiako harrobi oparokoa da, zesta-puntaren harribitxien sorlekua. Etorkizuneko belaunaldiek arduratzen dute Luis, ez jendearen mailarengatik, herrian ez dutelako pilotalekurik baizik. Egitasmo berriaz hitz egitean mesfidati agertu da. «15 urte daramatzagu proiektu berriarekin. Orain, eraiki behar zuen enpresak etxerik saltzen ez duelako kontua geldituta dagoela diote. Tristea da, eta ez guregatik, guk ez dugulako bertan jokatuko, gazteengatik baizik, kanpora joan beharko dutelako entrenatzera».
Arrantza egitea zestan aritzea baino gogorragoa zen, baina asko ikasi nuen; arrantza eskola ona da»
«Asko jota bi urte barru itzuliko naiz Euskal Herrira, eta jokatzen jarraitu nahiko nuke»
Luis osa
Miami Jai-Alaiko zesta-punta jokalaria
Arrantza gogorragoa zelako
Urteak kinielak jokatzen igaro arren, Luis Osa berehala egokitu da partidetara, eta Masterjaiko Munduko Txapelketa irabazi du. Egun Miamin jokatzen du, baina urte pare batean itzultzekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu