Ezta zaleen babes handiagoarekin ere. Arrateren bolada txarrak ez du etenik, eta atzo berriz ere galdu zuen, 23-31, Ipuruan, CAI Aragoiren aurka. Eibarko taldeak bederatzi jardunaldi daramatza garaipenik lortu gabe, eta tarte horretan bi puntu eskas eskuratu ditu. Hala ere, Eibarko taldea jaitsieratik salbu dago, oraindik Asobal liga amaitzeko bost jardunaldi falta direla.
Bi talde ditu atzetik Arratek, Toledo eta Alcobendas, bi eta bost puntura, hurrenez hurren. Bi taldeok gaur jokatuko dute, baina ez dirudi punturen bat lortuko dutenik, Valladoliden eta Bartzelonaren pistan jokatuko baitute. Hori gutxi balitz bezala, Arratek atzetik dituen bi taldeek baino gol alde hobea du. Hala, eibartarrak salbu daude oraindik. Hori bai, lehenbailehen suspertu behar dute, atzekoek ez baitute beti huts egingo. Hurrengo astean Guadalajaran ariko da Arrate, eta egun hori aproposa izan daiteke, eibartarren antzeko mailako aurkaria baita Guadalajara.
San Antonio, Antequeran
Amaya Sport San Antoniok, berriz, gaur jokatuko du. Antequeran (Espainia) ariko da, 18:30ean, etxeko taldearen aurka. Ezohiko neurketa izan daiteke, Antequerak jubenilekin joka dezakeelako. Arrazoia? Lehen taldeko jokalariak greban direla, klubak ez dielako soldata ordaintzen. Aste guztian ez dute entrenatu, eta gaur ere hasiera batean ez dute jokatuko. Hala ere, jokalariak eta klubeko arduradunek bilera bat egingo dute gaur, eta litekeena da akordio batera iristea eta lehen taldeko jokalariak aritzea. Iruñeko taldean, behintzat, ziur dira partida normaltasunez jokatuko dela. «Sinetsita nago ez dela eragozpenik izango. Gu lehen taldeko jokalarien aurka jokatuko dutela pentsatuta entrenatu gara», esan zuen atzo Juanto Apezetxea San Antonioko entrenatzaileak.
Arratek 23-31 galdu du CAI Aragoiren aurka
Eibarko taldeak bi puntura ditu jaisteko postuak, Asobal liga amaitzeko bost jardunaldi falta direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu