Ez da erraza Arrate taldea dagoen egoeran partidei aurre egitea. Julian Ruiz entrenatzaileak behin baino gehiagotan nabarmendu du bere jokalarien profesionaltasuna, baina kantxatik kanporako arazoez kantxakoez baino gehiago arduratzeko arriskua izaten da horrelakoetan, eta horrek gehiegi estututa jokatzea behin baino gehiagotan gerta daitekeena da hemendik aurrera. Arrazoia hori izan edo ez, ez zuen atzo Arratek bere onenik ematen asmatu Ipuruan, eta joan den jardunaldian etxetik kanpora egindako balentria -Naturhousi irabazi zion (28-29)- etxean galdu zuen alferrik Antequeraren kontra (20-25).
Partidako 20. minutua arte eutsi zion Arratek kontrarioari (5-7). Hortik aurrera apurtu zuen norgehiagoka Antequerak (6-12 atsedenaldian, 13-18, 14-21, 17-23 eta 20-25 amaieran). Cid (bost gol) eta Redei (zazpi gol) izan ziren Arraten gehien nabarmendu ziren jokalariak. Antequeran, Ramosek (lau gol) eta Baenak (zazpi gol) apurtu zuten norgehiagoka, Bakic, Vazquez eta Ciden laguntza ezin hobearekin.
Bestalde, eta Arrateko jokalari eta entrenatzaileek herenegun emandako prentsaurrekoaren harira, Iñaki Bolinaga klubeko jarduneko presidenteak atzo azpimarratu zuen klubak egun duen egoera «askoz hobea» dela orain bi urtekoarekin alderatuta. Bolinagak, halaber, jakinarazi zuen «laster» diru sarrera bat izango dutela.
Arratek ezin izan dio aurre egin Antequerari, eta nabarmen galdu du (20-25)
Klubaren egoeraren inguruan, «laster» diru sarrera bat izango dutela iragarri du Bolinaga presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu