EUSKAL HERRIKO ITZULIA

Arraten etapa irabazi, eta gozatzen jarraitzen du Joaquim Rodriguezek

Katuxako kataluniarrak irabazi du Arrate gainean, azken urteotako igoerarik gogor eta ikusgarrienean azken bihurgunean maisuki arituta.

Tony Martin eta Tom Danielson, Izuan gora. GORKA RUBIO / ARP
unai zubeldia
2015eko apirilaren 9a
07:08
Entzun

Zumarragako gozatuari Arratekoa gehitu dio Joaquim Rodriguezek (Katuxa). Azken urteotako igoerarik ikusgarriena eginda, beherakoan irabazi du etapa kataluniarrak, Samuel Sanchezek (BMC) egin ohi zuen bezala azken bihurgunean tropel buruan jarrita. Aurretik, oso eraso serioa jo dute Ilnur Zakarinek (Katuxa) lehenengo, eta Sergio Luis Henao liderrak berak (Sky) gero. Hamar segundoren aldea ere izan dute, baina lan dotorea egin du Ion Izagirrek (Movistar), eta tropel nagusiak Usartza gainean bat egin du Henao eta Zakarinekin. Rodriguezentzat etapa azkenean, eta, beste egun batez, Henaorentzat liderraren maillota.

Bezperan kolonbiarrak liderraren maillota jantzita, Arratera bidean interes asko zeuden tropelean, eta txirrindulariek su batean ekin diote etapari. Saiakera askoren ondoren, Asentzio eta Karabieta atzean utzita, 65. kilometroan hasi da gorpuzten benetako ihesaldia, Tony Martin (Ettix), Thomas Danielson (Cannondale), Peio Bilbao (Caja Rural) eta Romain Hardy (Cofidis) tartean zirela. Izuan gora ezinean geratu dira Bilbao eta Hardy, eta Martin eta Danielson geratu dira. Tropelarekiko minutu eta erdiko aldea zuen bikoak Izua gainean, eta aldea bi minutu eta erdiraino igotzen utzi dute Movistarrek eta Skyk.

Lamprek Urkaregin gora erritmo bizituta, 50 bat txirrindularira mugatu da tropel nagusia, eta ero-ero ekin diote Usartzako azken igoerari, ordurako Tony Martinen eta Danielsonen saiakera ezerezean geratuta zegoenean. Oricak erritmoa muturreraino bizituta, faboritoen arteko lehia ederra izan da gero. Eibar eta Aia artean, bosgarren etapa jokatuko da bihar, 155,5 kilometrokoa. Kalbario (3), Itziar (3), Garate (2), Urraki (1), Alkiza (2) eta Aia (2) igo beharko dituzte, azken hori hiru aldiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.