Arraun Lagunak-ek, Oriok, Hondarribiak, Tolosaldeak, Deustuk, Hibaikak eta Chapelak lortu dituzte datozen bi igandeetan Kontxako Banderan lehiatzeko zazpi txartelak —bestea, zortzigarrena, Donostiarrarentzat da—. Arraun Lagunak-en Lugañene ontziak, Euskotren Ligako garaileak, pronostikoak bete ditu, eta aise nagusitu da sailkatzeko estropadan, 10.53,93ko denbora eginez. Gainontzean, ez da egon ustekabe handirik, espero bezala, Euskotren Ligako beste traineruak ere, Hondarribia eta Orio —Donostiarra da laugarrena—, eta ETE Ligako lehen hiru sailkatuak, Tolosaldea, Hibaika eta Deustu, ere sailkatu baitira. Hurrengo orduetan zozkatuko dituzte datozen igandeko txandak.
Arraun Lagunak egindako marka oso ona izan da, eta aise nagusitu zaie kontrarioei. Bigarren sailkatu Oriori zortzi segundo atera dizkio, eta Hondarribiari ia hamabost. Esan daiteke Chapelak eman duela ezustekoa. Ikusteko zegoen zer maila emango zuten Galiziako ontziek, eta Chapela Galiziako Ligako garaileak txarteletako bat poltsikoratu du. Galiziako Ligako garaile Cabok, ordea, ezin izan du gauza bera egin.
Sailkapena
1-Arraun Lagunak: 10.53,93
2-Orio 8,34ra
3-Hondarribia 14,55era
4-Tolosaldea 16,35era
5-Deustu 19,75era
6-Hibaika 19,92ra
7-Chapela 22,91ra
----------
8-San Juan 23,58ra
9-Ondarroa 24,88ra
10-Cabo 25,84ra
11-Zumaia 25,88ra
12-Perillo 26,18ra
13-Isuntza 40,82ra
14-Tiran 42,54ra
15-Zarautz 51,66ra
16-Lutxana 53,82ra
17-Ribeira 1.03,70era
18-Lapurdi 1.13,52ra
19-Mugardos 1.17,26ra
20-Castro 1.58,58ra
Arraun Lagunak-eko arraunlariak, gaurko garaipena ospatzen. Gorka Rubio / Foku
Hamalaugarren aldiz jokatuko da emakumezkoen Kontxako Bandera, eta, 2019ko aldian bezala, 20 ontzi lehiatu dira sailkatze estropadan. Sekula ez da kopuru hori gainditu emakumezkoen estropadan. Azkeneko bi Kontxako Banderak Oriok irabazi ditu.
BERRIAk honela kontatu du estropada, zuzenean.