TKE Ligako eta Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxeko ordezkariak bilduko dira bihar, arratsaldeko 17:00etan, Kontxako sailkapen estropadari buruz hitz egiteko. Alde batean, TKEren izenean, Koldo Diaz presidentea eta Jesus Hijazo gerentea izango dira; bestean, Denis Itxaso Donostiako Turismo eta Ingurumen zinegotzia, eta Manu Narvaez Kultur eta Turismo Ekintzetxeko zuzendaria. Bi aldeen artean auziari konponbidea bilatzen saiatuko dira.
Kontxako estropadaren arautegiko 9. puntuak argi uzten du, sailkapen estropadan parte hartu ahal izateko, lehenik herrialdeetakoko txapelketan esku hartu behar dela, baina TKE Ligan aritzen diren taldeek ezin dute baldintza hori bete. Alde batetik, haiek sinatutako estatutuak TKE Ligatik kanpoko estropadetan parte hartzen uzten ez dielako, eta, bestetik, probintzia askotan egingo diren herrialdeetako txapelketek bat egingo dutelako TKE Ligako jardunaldiren batekin.
Gipuzkoarrak, aldatzeko prest
Gipuzkoako klubek batzarra egin zuten asteartean, eta bertako txapelketa abuztuaren 9an egin beharrean 6an jokatzea hitzartu zuten, baldin eta TKE Ligako taldeek (Orio, Zarautz, Hondarribia eta Pasai Donibane) parte hartzen badute. Ez zen gauza bera gertatu, ordea, bizkaitarrek egindako batzarrean. Hango txapelketa abuztuaren 9an izango da, eta, ondorioz, Isuntzak eta Urdaibaik, TKE Ligan aritzen diren bi taldeek, ezingo dute parte hartu. Arazo bera dute TKE Ligan dabiltzan traineru kantabriar eta galiziarrak. Gauzak horrela, egungo traineru onenak Kontxako estropadatik kanpo gera daitezke.
Egoera horren aurrean, herrialdeetako estropadetan izan gabe ere Kontxako sailkapen proban parta hartu ahal izatea eskatuko diete TKE Ligako ordezkariek KTEkoei. «Leku bat utz diezaguten eskatuko diegu. Gainerako taldeekin lehiatzea gustatuko litzaiguke», esan du TKE Ligako presidente Koldo Diazek.
Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak erabaki hori onartzen badu, 26 traineruk parte hartuko dute Kontxako estropadan. «Beste urte batzuetan traineru gehiagok hartu izan dute parte sailkapen estropadan», gaineratu du. Proposamena onartzeko, Kultur eta Turismo Ekintzetxeak Kontxako estropadaren arautegia aldatu beharko du.>
TKE Ligako 5. jardunaldia jokatuko da gaur, Pasai Donibanen, 12:00etan. Pasaiako estropada eremua estua denez, bi kale izango ditu bakarrik, baina lau traineruk parte hartuko dute txanda bakoitzean. Irteera eta helmuga puntua estropada eremuaren erdian dago, eta bi traineru itsasorantz irtengo dira eta beste bi portu alderantz. Traineru horiek lehenengo ziaboga eman ondoren, helmugan gurutzatuko dira hurrengo ziabogaren bila. Lehenengo txandan, Zarautz, Isuntza, Tiran eta Cabo de Cruz arituko dira; bigarrenean, Hondarribia, Castro, Pasaia Donibane eta Pedreña; eta hirugarren txandan, Orio, Astillero, Urdaibai eta Mecos
Astillerok Ligako estropada guztiak irabazi ditu, eta olaturik gabeko estropada eremuan arituko dela kontuan izanda, beste garaipen bat lortzeko faborito nagusia da. Dena dela, presioa handia izango du oraingoan, Oriok hiru segundo eskasera bukatu baitzuen Castron izandako estropadan.
Federazio Liga Santanderren
Ur Kirolak, Trintxerpe, Santiagotarrak, Santander, Zumaia, Santurtzi, San Pedro, Lutxana, Arkote-Elantxobe, Hondarribia B, Kaiku eta Zierbenak parte hartuko dute Santanderren jokatuko den Federazio Ligako laugarren estropadan. Orain arte Ur Kirolak izan da estropaden menderatzaile nagusia, baina ikusi egin behar bere nagusitasunari eusten dion gaur. Trintxerpek gorantz egin behar du, zerbait lortu nahi badu, eta San Pedrok ere estropada ona egin zuen aurrekoan, Orion.
ARRAUNA . Bihar jakingo da TKEko taldeak Kontxan izango diren edo ez
Herrialdeetako txapelketetan partu hartu gabe aritu nahi dute denboraldiko estropada nagusian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu