ARRAUNA. BIZKAIKO TXAPELKETA. ARRAUNA

BIZKAIKO TXAPELKETA. Olatu artean onena eta abilena, Arkote. Bigarrenez segidan irabazi du Bizkaiko Txapelketa; Isuntza, Urdaibai eta Ondarroa ere Euskadikora

IGOR SUSAETA LEKEITIO
2006ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Ez zen giro San Nikolas uhartearen eta Santa Katalinako itsasargiaren artean atzo. Lekeitioko ohiko estropada eremua zakar antzean zegoen, nahasia. Olatua han eta olatua hemen. Haizea ere batera eta bestera. Batzuetan iparretik, bestetan, aldiz, hegotik. Ez zen ez batere erraza baldintza horietan arraun egitea. Traineru bakan batzuek bakarrik gozatu ahal izan zuten uretan. Arkotek, esaterako, bai. Horregatik Plentzitarra ontziak bigarrenez segidan irabazi zuen Bizkaiko Txapelketa, atzo, Lekeition. Olatu artean gozatu ahal izan zuelako, bigarrenari minutu erdia baino gehiago kendu ziolako, eta une honetan Bizkaiko ontzi onena delako ere bai. Bere txandakide Isuntza, Urdaibai eta Ondarroa sailkatu ziren Plentziakoen atzetik, hurrenez hurren. Eta lau ontzi horiek Euskadiko Txapelketan ariko dira, etzi, Plentzian bertan.

Puztuta helduko da Arkote bere zale fidelekin duen hitzordura. Izan ere, ondo irabazi zuen atzo. Nagusien moduan. Hasieratik bukaeraraino buruan joanda, eta luze bakoitzean aldeak handituz. Txapeldunen gisan arraun egin zuela, alegia. Printzipioz, eta San Miguel Ligako emaitzak kontuan hartuta, Urdaibai eta Arkote parean arituko zirela zirudien. Bou Bizkaia ontziak, baina, ez zuen atzo zorterik eduki, kaleari dagokionez behintzat. Hala ere, horrek ez du aitzakia bezala balio. Hondoratuta, berriro ere Bermeoko taldea. Arkote askoz ere gehiago izan zen. Lehen ziabogan jada, aurretik. Eta brankaz, txikitzen. Bigarren balizan 23 segundo kendu zizkion Isuntzari, 31 Urdaibairi, eta 35 Ondarroari.

Txapela kentzeko modukoa, benetan txalogarria, Isuntza taldeak egindako estropada. Zilarrezko domina ondo merezita leporatu zuten atzo Lekittarra ontziko arraunlariek. Kale onenetik arraun egin zuten, bai, baina Ondarroari eta Urdaibairi erraz irabazi zien, lehen maniobran atzetik joan arren. Barruranzko luzeetan olatua hartzen asmatu zuen Iñaki Goikoetxea Xagua patroiak. Traineruaren popa horrela altxatu, motor gainean zetozela zirudien. Arkoteko patroi Asier Zurinaga ere maisuen moduan aritu zen lan horretan.

Ontzi barruan gustura nola Arkotekoak hala Isuntzakoak, eta lehorrean pozik, emozionatuta, euren jarraitzaileak. Batzuk, Bizkaiko Txapelketa erakustaldia emanez irabazi zutelako. Eta besteak, aldiz, KAE Ligan egonda ere, igandean San Miguel Ligako hiru ontzi indartsuren aurka aritzeko aukera edukiko dutelako.

Bigarren txandan ongi nagusitu zen Zierbena lehen kaletik, Santurtzi faboritoari aurrea hartuta. Aurrenekoan, aldiz, Deustu izan zen azkarrena.

'POPI' ZODIAKEAN. Eusko Jaurlaritzak datozen bi urteetan EAEko kirol instalazioetara sartzea debekatu dio Jose Carlos Popi Gonzalezi, Arkoteko entrenatzaileari, Astillero aferagatik -bertako arraunlaria zen une hartan-. Atzo, baina, zodiaketik bertatik zuzendu ahal izan zituen Gonzalezek bere arraunlariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.