Estropada bakarrean hiru gauza lortu zituen La Marinerak. Batetik, joan den denboraldian Urdaibaik ezarritako estropada eremuko marka (19.40,35) hautsi zuen hamar segundotan. Ikaragarria. Egia da, halere, arraunerako baldintzak ezin egokiagoak zirela atzo Orion. Bestetik, kontrarioak ohartarazi zituen Kontxaren atarian. Kontuan hartzekoa. Eta azkenik, Astilleroren, batez ere, eta Hondarribiaren diktadurapetik ihes egin ahal izan duen ontzi bakarra da oraingoz. Izan ere, aipatutako bi ontzien artean banatu zituzten, atzo arte, aurretik jokoan jarritako 12 banderak: zortzi Astillerorentzat eta lau, bestetik, Hondarribiarentzat.Bada atzo, ez. Atzo aurrea hartu zien Castrok. Eta nola, gainera. Abuztuaren erdialderako banderaren bat astintzea zen Kortaren helburua. Ez zuten lortu, baina ziur hilabete amaieran lortuta ere, gustura egongo dela Ortzaikako prestatzaile beteranoa.Izan ere, txanda nagusia ederra izan zen. Astillero, Hondarribia eta Castro bizpahiru segundoren bueltan aritu ziren lehen bi luzeetan. Aurreneko ziabogan Ama Guadalupekoa ontzikoak ziren aurretik. Bigarren luzean ere hondarribiarrek jarraitzen zuen buruan. Astillero atzean gelditzen hasi zen pixkanaka-pixkanaka eta Castro, ordea, txanpak jotzen hasi zen. Halere, gutxi izango ziren Castroren aldeko apustua egingo zutenak, bi ontzien aurtengo jarduna kontuan hartuta. Hirugarren ziabogatik irtetzerako brankan ziren. Azken luzean, eutsi beharrean jo eta jo jarraitu zuten, irabazi arte. Hondarribia, bigarren berriro baina goi mailan, oso estropada ona eginez eta Urdaibairen iazko marka hobetuz, aldi berean. Astillerok, huts egin zuen atzo. Hirugarren, baina 17 segundora.
Arkoteren arazoak balizetan
Oriok nabarmen irabazi zuen bigarren txanda. Estropada buruan hasiera-hasieratik, 16 segundo kendu zizkion amaieran Cabo da Cruzi. Txanda nagusian egongo da bihar San Nicolas trainerua baina ez da banderan lehian sartuko gauzak denbora gutxioan zuritik beltzera aldatzen ez badira behintzat; ezta Kontxan ere.
Arkotek, berriz, arazo mordo bat izan zituen. Aurrena, aurrekoak arrauna galdu zuen, eta onodren, balizan, arraun txikia hautsi zuen. 12 arraunlarirekin aritu arren, Trintxerperen denbora hobetu ahal izan zuten.Aurreneko txandan, Urdaibairen aurretik sartu zen Isuntza. Halere, Bermeoko ontziak jarraitzen du aurretik sailkapenean. Pasai Donibane izan zen berriro ere azkarrena txanda horretan.
-
IGOERA KANPORAKETA
Zumaiak eta Zarautzek dute eskubidea soilik
Zumaiak eta Zarautzek parte hartu ahal izango dute TKE (Traineru Kluben Elkartea) Ligarako igoera kanporaketan. Horretan ez da Galiziako ontzirik egongo azkenean. Horixe erabaki zuen TKE Ligak, atzo eguerdian Orion egindako Ezohiko Batzar Orokorrean. Igoera kanporaketa heldu den irailaren 24an eta 25ean jokatuko da, erlojuaren aurka. Aurreneko estropada Hondarribian egingo da, eta bigarrena, berriz, Portugaleten. Euskal Ligako sailkapen nagusian, aurreneko bi tokietan daude Zumaia eta Zarautz. Aurrenekoak kanporaketan egongo dira, ziur, euren helburua TKEn egotea baita. Zarautzek, ordea, zalantza asko ditu. Azkenean ez parte hartzea erabakitzen baldin badute, igoera kanporaketa horretan Zumaia bakarrik lehiatuko litzateke TKEkoen aurka.