Aurreikuspenak egiterako orduan, Zumaia, Zierbena edota C. Santander daude denen ahotan. Halere, Zarautz ere kontuan hartu beharreko ontzia da. Enbatak aho bete hortz utzi zuen mundu guztia, joan den igandean, Donibane Lohizunen, Ligako aurreneko estropadan nagusituta. Azkeneko tokian irtengo dira gaur. Erreferentzia guztiak, beraz, eskura izango dituzte.Zumaia irtengo da azken aurreko tokian. Luxia Olasagastiren mutilek argi asko erakutsi zuten ekaineko estropadetan, ezbeharrik ezean, muturrean ibiliko direla. Koadrila ezin indartsuagoa osatu dute. Tostetan dira Makazaga, Zabaleta, Zulaika eta enparauak. Donibane Lohizunen, Enbata baino bederatzi segundo beranduago heldu zen helemugara Telmo Deun ontzia. Halere, gogotsu daude, euren benetako maila erakusteko irrikatan. Adi, halaber, Zierbenarekin. Ibon Urbietak prestaturiko koadrilak iazko denboraldia du gogoan. Igoera kanporaketa jokatzeko zorian egon ziren. B mailako estropadari dagokionez, Hondarribia B, Santurtzi eta Lutxana dira irabazteko faborito nagusiak. Pasa den astean Santurtzin jokatutako B mailako aurreneko proban Pontejos gailendu zen, Itsasoko Ama ontziaren aurretik. Gaur, ordea, A mailakoan arituko dira kantabriarrak. Arestian aipatutako hirurak, bederatzi segundoren bueltan aritu ziren Santurtzin.
Gaurko estropadak
a maila. pasaia (17:00)
Erlojuaren aurka. Irteera ordena: San Pedro B, Lutxana, Santurtzi, Pontejos, Laredo, Getaria, Ondarroa, C. Santander, San Pedro A, Zierbena, Zumaia A eta Zarautz.
B MAILA. PASAIA (17:00)
Erlojuaren aurka. Irteera ordena: Raspas, Algorta, Deustu, Zumaia B, Donostia-Arraun, Portugalete, Hondarribia B eta Pasai Donibane B.