ARRAUNA . Jende eta borondate faltan

EMAKUMEZKOAK TRAINERUAN. Iaz, historian lehenengoz, lau tripulaziok indarrak neurtu zituzten ontzi handietan. Klubetako ordezkarien esanetan, berandu baino lehen posible da lehiaketa bat eratzea

IGOR SUSAETA - LEKEITIO
2006ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Emakumeek ere arraunean egiten dute. Bateletan (lau arraunlari eta patroia) eta aulki mugikorrean soilik lehiatzen dira oraingoz, baina eurak ere jo eta fuego aritzen dira tostartean. Gizonezkoak baino gutxiago dira kopuruari dagokionean, behintzat, baina haiek bezainbeste sufritzen eta disfrutatzen dute. Ez dira telebistan agertzen, euren eguneroko lanak apenas du oihartzunik hedabideetan. Ez dute Astilleroren indarra. Ez dute Hondarribiaren lilura. Ez dute Orioren sona. Halere, eurak ere traineru handiarekin probatzeko irrikan daude; 13 arraunlari eta patroia ontzi barrura sartu, eta olatu artean, itsaso zabalean gozatzeko gogotsu.

Zoritxarrez, baina, talde gutxi dira horretarako aukera dutenak. Zergatik? Talde gehienetan nekez biltzen direlako 13 emakumezko arraunean egiteko. Joan zen irailean Hondarribian egindakoa, ordea, aurrekaritzat har daiteke. Orduan emakumez osatutako traineruak lehiatu ziren, aurrenekoz historian. Lau izan ziren ontziak. Esperientzia aberasgarria izan zen, eta etorkizunerako baliagarria izango delakoan daude talde batzuetako ordezkariak.Hori dela-eta, udan estropada bat baino gehiago jokatzeko aukera izango dela uste dute batzuek. Hondarribian, esan bezala, lau talde lehiatu ziren: Txingudi, Isuntza, Cabo da Cruz (Galizia) eta Urola-Kosta. Hartara, Txingudiko trainerua osatzeko hiru klubetako arraunlariak bildu ziren (Hondarribia, Santiagotarrak eta Hendaiako arraunlari pare bat). Eta Urola-Kostakoa osatzeko, beste horrenbeste (Zumaia, Getaria eta Orio). Hor dago koska. Isuntza, eta Cabo da Cruz, baina, etxeko arraunlariekin aritu ziren. Iragan urteko urriaren hasieran antzeko estropada bat jokatu zen Lekeition. Bi eta kito, beraz.Baina emakumezkoak ez dira geldi egoten. Bateletan lehiatzen dira: infantil-kadete eta jubenil-senior mailetan, nola Gipuzkoan hala Bizkaian. Jubenil eta senior mailakoak batera aritzen dira, jenderik ez dagoelako. Gipuzkoan, adibidez, zortzi ontzi aritzen dira aipatutako mailan: Orio, Kiriko, Tolosaldea A eta B, San Pedro A eta B, Hondarribia eta Getaria. Bizkaian gehiago dira: Portugalete, Zierbena, Ondarroa, Isuntza A eta B, Elantxobe, Karmeleko Ama, Arkote, Raspas, Deustu eta Lutxana. Bada zerbait, hortaz. Sei edo zazpi jardunaldiko Liga bat jokatzen da, eta ondoren lurraldekako zein Euskadiko eta Espainiako txapelketak (heldu den apirilaren 9an jokatuko dira Sestaon eta Pasai San Pedron, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa, hurrenez hurren). Galizian ere badira taldeak: Cabo da Cruz, Meira, Mecos... Baita Gironan (Katalunia) ere: Colera.

Hasteko, trainerilak

Behin apirila amaituta, ordea, arraunlariak lehian aritzeko aukerarik gabe gelditzen dira. Izan ere, traineriletan ere (sei arraunlari eta patroia) ez dute parte hartzen. Lasaiago, baina entrenatzen jarraitzen dute, ordea, estropada baten esperoan edo... Dena den, aurten egoera erabat alda daitekeela dirudi. FederazioekBizkaikoak eta Gipuzkoakoak emakumezkoekin ere trainerila estropadak antolatzeko asmoa dutela jakinarazi diote Berriari bizpahiru klubetako ordezkariek. Horietako baten arabera, baina, «batzuen aldez aurretiko jarrera ezkorra da. Oraindik ere diskriminazioa indarrean baitago». Klub bakoitzeko sei arraunlari eta patroia behar dira trainerila betetzeko. Egoera zein den ikusita, kopuru hori biltzea ez da zaila. Halere borondatea behar da, bai kopuru hori batzeko, eta baita, behin kopuru hori batuta, lehiaketa berri bat martxan jartzeko ere. «Klub batzuek diotenez, ez dute horretarako azpiegiturarik, aurrekonturik. Aitzakiak dira», dio talde bateko ordezkariak.

Batzuen arabera, pixkanaka egin behar dira gauzak: «Aurrena trainerila lehiaketa bat egin behar da. Gero, jendea badago, traineruena». Traineruen liga sendo bat osatzea utopikoa izan daiteke une honetan. Baina utopiak gauzatzeko daudela zioen poetak. «Aurten, bi ez, traineru estropada gehiago egingo dira, ziur», iritzi dio talde bateko ordezkariak. «Ligaxka txiki bat egin daitekeela uste dut», besteak. Kopuruak eta borondateak bat egiten badute, zergatik ez?

Irantzu onaindia -ISuntzako arraunlaria

«Oraintxe ezingo nuke arrauna utzi; erabat gogobetetzen nau»



I. SUSAETA - LEKEITIO

Barre egiten du Irantzu Onaindiak (1986, Gernika), argazkiak ateratzen dizkioten bitartean. Zutik edota eserita, Lekeitioko talaia paregabea atzean duela. «Gaurko eguraldiarekin, lasai uretaratu genezake batela», dio. Egia da, itsasoa bare-bare dago-eta. Isuntzako nesken taldeko arraunlari beteranoena da bera. Arrauna gustuko du. «Ahal dudan guztietan estropadak ikustera joaten naiz». Heziketa fisikoko modulu bat ikasten ari da Durangon. Bertaraino joaten da goizero. Arratsaldero, entrenatzera.

Zenbat urte daramatzazu arraunean?

Zazpi. Bost denboraldi egin nituen Elantxobeko taldean, eta pasa den sasoitik Isuntzan nabil.

Zergatik hasi zinen?

Eskolako lagun batek animatu ninduen. Kadete mailakoak bost arraunlari ginen, eta infantil mailakoak beste bost. Nire adinekoen artean, ni naiz oraindik ere segitzen duen bakarra.

Gernikakoa izanda, ez al zen errazagoa beste kirol bat aukeratzea?

Kirola asko gustatu izan zait betidanik. Beste zerbait probatzearren...

Zein kirol egiten zenituen arraunean hasi baino lehenago?

Saskibaloian eta futbolean ibiltzen nintzen, baina ez dakit, ez zitzaidan gustatzen edo... harik eta arraunean hasi nintzen arte. Ondo moldatzen nintzela ikusi nuen orduan.

Traineru barrura sartu aurretik, arrauna gustuko al zenuen?

Ez, ez. Telebistan ematen zutenean ere ez nuen ikusten. Gero, ordea, gustua hartu nion; baita telebistan ikusteari ere.

Hasi zinenean arraro sentitu al zinen?

Saskibaloian txiki-txikitatik jokatu nuen, baina esan bezala, ez ninduen betetzen. Probatzearren hasi nintzen arraunean eta begira.

Elantxoben zaude. Aurreneko aldiz entrenatu behar zara. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Taldekide guztiak itsasora irten ziren. Ni, berriz, entrenatzailearekin gelditu nintzen fosan. Proba batzuk egin genituen, eta egun horretan bertan, ondo ibili nintekeela esan zidan. Gero, mutilekin batera irten nintzen itsasora, trainerila baten barruan.

Nolakoak dira zuen entrenamenduak?

Guk, esaterako, ez dugu mutilek beste entrenatzen. Irailean edo urrian hasten gara. Arraunean egiten dugu gehienetan, gutxitan gelditzen gara barruan pisuak altxatzen, ergometroan edota bestelako ariketak egiten. Gehienetan Gernikan, Laidan edo Lea ibaian ibiltzen gara. Halere, itsasoa bare baldin badago, hor ere aritzen gara. Ilunpetan ere aritu izan garaÉ

Zenbat bider astean zehar?

Elkartzen garen guztietan. Gernikan itsasgora dagoenean, ia egunero. Gure entrenamenduen egutegia ez da finkoa. Orain batelarekin bakarrik aritzen gara.

Eta bateletako denboraldia bukatutakoan, orduan zer egiten duzue?

Udan ere entrenatzen gara, baina gutxi, lasai. Adibidez, hamar elkartzen bagara, batela eta trainerila ateratzen ditugu, baina gehiago bagaude, trainerua uretaratzen dugu.

Arrauna gogorra al da zuretzat?

Polita bezain gogorra da. Dena den, ohituta nago jada. Arraunean ari zarenean, eta kristoren euri zaparrada hasten baldin bada, izugarri sufritzen duzu. Babak ere ateratzen dira eskuetan... Kar,kar,kar. Baina gustatzen baldin bazaizu...

Baina zer da gogorrena?

Ergometroa. Kar,kar,kar. Izan ere, uretan norberak erabakitzen du zenbateraino sufritu.

Zergatik gustatzen zaizu?

Ez dakit... Gauza batek betetzen nau hemen barruan [eskuarekin sabela ukitzen du] arraunean ari naizenean. Jarraitzeko intentzioa dut, ezin izango nuke utzi. Egia esan, entrenatzea ez zait batere kostatzen.

Zein modalitate atsegin duzu gehien?

Politena trainerua da. Ez dakit, jende piloa ontzi barruan, gustura... Baina sentitu, batelean. Beharbada, norberaren esfortzua gehiago antzematen delako. Ondo doanean, gainera...

Proba gehiago egotea, udan lehiatzea gustatuko al litzaizuke?

Bai, zergatik ez. Baina zaila da hori gertatzea, ez dago jenderik.

Zuek, arraunlariek, horrelako zerbait proposatu al duzue inoiz?

Bai, trainerila edo trainerua ateratzea proposatu izan dugu. Zergatik ez? Trainerua osatzeko larri ibiliko ziren talde asko, baina trainerila betetzeko, ordea, ez. Gainera, legez posible da.

Diskriminatuta sentitzen al zarete?

Ez, ez. Halere, inoiz esamesen bat edo beste entzun behar izan dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.