ARRAUNA. KONTXAKO BANDERA. Asfaltozko eremuan

'La Marinera' ontziko Aitor Dorronsoro, Jon Iriondo eta Xabier Etxebestek kilometro mordoa egiten dituzte Castrorainoko joan etorrietan. Aste honetako bidaiak alaiak bezain urduriak dira, Kontxa eskura dutela eta.

IGOR SUSAETA ZARAUTZ
2008ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Argazkilariak elkarri bizkarretik hartzeko eskatu die. «E, ondo egin ezazu enkoadratzea, hau bestela ez da eta argazkian sartuko!», batak txantxetan. «Nolakoak diren egungo baserritarrak, e?», erantzun dio besteak. Hirugarrenak, berriz, etzi jokatu beharreko estropadan pentsatu du argazkilariaren parean jarri direnean: «Ea igandean postura honetan ibiltzen garen!». Aitor Dorronsoro Gorriti-ren, Xabier Etxebesteren eta Jon Iriondoren hitzak dira. Castroren La Marinera traineruko arraunlariak dira hirurak, eta elkarrekin kilometro mordoa egiten dituzte denboraldian osoan, Castroraino A-8 autobidean egin beharreko joan-etorrietan.Castrok eskura dauka etzi Kontxako Bandera irabaztea, eta, horregatik, aste honetako bidaiak alai samarrak izan direla esan dute, baina, Dorronsororen ustez, «urduriak ere bai». 18 segundoko errenta dute; hori da estropada eremuan defendatu beharreko denbora. Eurak, ordea,honetaz eta horretaz, eta asfaltozko eremu arriskutsuan izandako bizipenez ere mintzatu dira; betiere, umore onean.

Zarautzen egin da hitzordua. Dorronsoro Gorritin ( Nafarroa) bizi da, eta Aritzetako zerbitzugunean utzi du autoa. Etxebestek hartu du, eta batera heldu dira Zarautzeraino. A-8ko ordaintokiaren ondoan aparkatu dute, eta Orion bizi den Iriondoren zain geratu dira, Castrorantz abiatu baino lehenago. Apiriletik denboraldia amaitu bitartean ia egunero egin beharreko gauza da hori. «Maiatz inguruan trainerilletan sartuz gero, apirila hasieratik ia-ia egunero joaten gara Castrora. Ordu honetan abiatzen gara, gutxi gorabehera», argitu du Iriondok. 18:30 dira. Autoa zeinek eraman erabakitzea ez da kontu zaila. «Egunero batek. Orain gutxi arte Aitor Mendizabal ere ibili da gurekin. Beraz, lau joaten ginen». Kilometro mordoa egiten dituzte urtean; egunero 300 bat. Hortaz, atera kontuak. Halere, ez zaie burutik pasatu Castron bizitzea. «Han egon baino, etxean hobeto», Dorronsorok. Iriondok, agian, zalantzaren bat eduki izan du noizbait: «Gure lana daukagu, familia. Tira, abuztuan akaso, oporretan egonda...». Etxebestek, berriz, ez du horretan askorik pentsatu: «Lana eta arrauna uztartu ditzaket oraingoz, beraz... Nahiz eta etxera berandu, 23:00 aldean iritsi».

Oraingoz, hirutako inork ez du lanean baimenik hartu, arraunetik soilik bizitzeko, hori egin duten arraunlariak badiren arren. «Gehiago kobratuz gero...», Iriondok. Dorronsoro txantxetan hasi da. «Gertatzen dena da hauek oso diruzaleak direla eta aberastu egin nahi dutela». Algara batean hasi dira hirurak. Serio jarrita, ordea, Castron irabazten duten diruarekin bizitzeko lain edukiko luketela onartu dute.

Halere, Castrora egunero. Seguruen Dorronsororekin joaten direla bota dute beste biek. «Urtero auto aldatzen du, eta...». Gorritikoa ez da isildu: «Hau kalamidadea... Pentsa, zibarena 40 kilometro orduko abiaduran egiten du eta!». Umorea, behintzat, sobera dute. Abiaduraz, galdetuta, hirurak antzerakoan ibiltzen direla diote. Hori bai, entrenamendua txarra baldin bada, apur bat azkarrago, agian. Dorronsorok horretarako arrazoia eman du: «Hauek ez aguantatzearren, edozer gauza!».

Aste honetan egindako bidaiak alaiagoak direla ametitu dute aho batez, baina Dorronsorok «urduriak» direla esan du, era berean: «Kontxa hor dago, eta errenta horrekin-eta gure beharra irabaztea da. Dena den, polita ere bada hori». Horregatik beragatik, astea luzea egiten ari zaie. «Niri luze samarra egiten ari zait. Igandea iristea nahi dudalako izango da», Dorronsorok. Iriondok, berriz, orain bi urte gertatu zitzaiena gogoratu du: «Urdaibairekin denboraldi izugarri txarra egin genuen, eta pentsa zein luzeak egiten ziren Bermeorainoko bidaiak».

Eta bidean denetik gertatu zaie. Behin, adibidez, pentsatzen zutena baino gehiago kobratu nahi zieten A-8 ordaintoki batean, eta arraunlariak tematuta: ezetz, eta ezetz. «'Igo ezazu barrera hori'. 'Igo ezazu barrera hori'. Esan genion lagileari. Eta azkenean igo egin zuen. Aita santua etorrita ere ez genuen ordainduko!». Algara batean dabiltza.

Serio-serio jarrita

Baina arraunaz beraz hitz egitean, bisaia aldatzen zaie hirurei. 18 segundo nahikoa ote dira Kontxa irabazteko? Hori galdetu, eta Iriondok hartu du hitza: «Hasiera batean, nahikoa direla uste dut. Gure mailan bagabiltza eta sekulako itsasorik ez badago...». Traineruaren mailaz hitz egiteko orduan, Joseba Fernandezen lana nabarmendu dute hirurek: «Koadrilaren eta Etxaberen arteko lotura lanak egiten ditu, eta, gainera, oso garrantzitsua da traineru barruan». Baina estropadaz, eta gerta daitekeenaz hizketan jarraitu dute.

Dorronsorok zerbait arraroa ez gertatzea espero du: «Ur pilo batsartzea traineruan, edo...». Etxebestek gogoratu du sartu izan dizkietela denboraldi honetan 20 segundo ere. «Baina guk badakigu zergatik sartu zizkiguten. Hori konponduta dagoela uste dut», erantzun dio Iriondok. Itsaso handia baldin badago, lehen kaleak, beldurra baino gehiago, izua eragiten die: «Hori gertatuz gero, hasi baino lehenago errezatzea besterik ez zaigu gelditzen», Dorronsorok. Eta gauza gehiago esan ditu: «Itsaso txarrarekin, olatu bat hartzen baldin badu besteak, eta alde egiten badute... Gu nerbioso jarriko ginateke, eta besteak hazi. Ziabogan ere kateatu gaitezke... Ez dakit, zoritxarrik ez gertatzea espero dut». Etxebesteren ustez, okerrena izango litzateke ziabogara sei edo zazpi segundoko atzerapenarekin heltzea. «Izan ere, besteak hazi egingo ziren, eta olatu batean, 10 segundo har daitezke».

Dena den, ez dute horretan pentsatu nahi; ezta aurten segundo dezente galdu dituzten estropadetan ere. Iriondok argi dauka: «Gauzak ondo egin izan ditugunean, normalean besteak baino gehiago garela erakutsi dugu». Beste biek baietz diote. Horrek ematen die konfiantza, Kontxa irabazteko konfiantza. Irabazten baldin badute, etxekoekin, eurekin batera «une txarrak» pasatu dituztenekin gogoratuko dira. Aldi berean, sakrifizioak merezi duela pentsatuko dute. Dorronsorok 2000. urtekoa ere irabazi zuen Oriorekin, eta orduan baino gehiago disfrutatuko luke: «Ez dakit, ezustean harrapatu ninduen, eta behar baino gutxiago gozatu nuela uste dut. Baina aurtengoa irabaziko bagenu... Ederki kostata lortutakoa izango zen!».

2001ean Oriorekin gertatutako ekarri du gogora. «Antzeko zerbait gertatuz geroz, erretiratzeko unea dela pentsatuko nuke. Zorigaiztokoen historiara pasatuko ginateke! Oriorekin 11 eta Castrorekin 18?», gehitu du barre txikiarekin. Galtzea izugarria izango zela esan dute hirurek, serio-serio. Aurten hartu dituzte kolpe handiak. Orain bi aste, esaterako, Flaviobriga Banderan, etxean, bezperan San Miguel ligako lidertza hartu eta gero. «Hor liga irabazteko ia aukera guztiak galdu genituela uste dut, oraindik aukeraren bat dugun arren. Sikiera bigarren edo hirugarren izan bagina...», adierazi du Iriondok, pena ukitu batekin. Juan Mari Etxabe entrenatzaileak, baina, Kontxa baino liga nahiago zuela esan zuen orain hilabete pasatxo. «Bai?», harrituta hirurek. Iriondoren ustez, «klubarentzat, agian», ona izango da liga, «baina Kontxa da handiena». Etxebestek berea bota du: «Ligan lortutako zazpi banderak aldatzen dizkiot edozeini, Kontxako Bandera irabaztearren. Dorronsorok ere bota du bere hausnarketa: «Ligak erregularrena saritzen du, eta bere garrantzia eduki beharko luke, baina Kontxak mugitzen duen jendea, kaiko aldapatxoko giroa...».

Hartara, Kontxa irabaziz gero, euren ibilbide sasoirik «konpletoena» osatuko luketeela uste dute: «TKE (Traineru Kluben Elkartea) liga jaio zenetik, bai. Dudarik gabe». Gustura daude Castron. «Ondo tratatzen gaituzte». Baina oraindik ez dakite hurrengo urtean zer egingo duten. Igandeko emaitzak «bere garrantzia» edukiko duela diote. Estropada eremuan gertatzen denak. Baina asfaltozko eremuko bizipenek ere badute garrantzia.



Txuletak, Huitziko festak eta Cadizeko «katxondeoa»

Ordu asko egiten dituzten elkarrekin autoan, eta «gauza askotaz» hitz egiten dutela diote. «Baina arraunaz ere, bai, noski; asko gainera», esan du Dorronsorok. Denboraldia bukatzear denean, ordea, gero zer egingo duten izaten dute hizpide. «Elikadura zaintzen dugunez, gero ez dakit zenbat txuleta jango ditugula esaten dugu», Iriondok. «Dorronsorok ere langostinoak eta txuletak prestatu behar omen dizkigu bere elkartean», Etxebestek. «Jakina, eta gero Huitziko festetara!», erantzun dio Dorronsorok. Konpromiso garaia da urria: «Bazkariak, afariak, parrandak...». Etxebeste eta Dorronsoro Cadizera joango dira elkarrekin. «Badakizu: iji eta aja!». Iriondo asteburu batean batuko zaie, Angel Odriozola oriotarrekin batera.





Protagonistak

Xabier Etxebeste
Ur Kirolakekin hasi behar zuen arraunean Xabier Etxebestek (Donostia, 1980) 2000. urtean, baina San Pedrora joan zuten utzita. Han lau sasoi egin, eta 2004ean eta 2005ean Oriorekin aritu zen. «2005ean koadrila bikaina genuen Orion, baina, ez dakit, gauzak ez ziren behar bezala atera». 2006n Urdaibairen Bou Bizkaia traineruan arraun egin zuen, eta iaz Oriora itzuli zen atzera, bere aurreneko Kontxako Bandera irabazteko. Lehen sasoia du Castron eta gustura dabil. Bulego batean lan egiten du.





Jon Iriondo
Oriora ezkondutako ondarroarra da Jon Iriondo (Ondarroa, Bizkaia, 1976). Hartara, ondarroko hizkera baino gehiago oriokoa egiten du egun. «Ez zidatela ulertzen ikusita hori erabaki nuen, ondarroarrek kargu hartzen didaten arren!». Herrian bertan hasi zen arraunean (1996-1997), baina 1998an Kontxa irabazi zuen Oriorekin. Zortzi denboraldi egin eta 2006an Urdaibaira joan zen batera. Bi sasoi daramatza Castron. Ingeniari Teknikoa da. «Paseoan ibiltzea eta besteak ernegatzea da bere lana», esan du, txantxetan,Dorronsorok





Aitor Dorronsoro
Hirutan zaharrena da Aitor Dorronsoro Gorriti (Gorriti, Nafarroa, 1972). Sokatiralaria zen; dohatsua, gainera. 1998an, baina, eta barne-barnealdekoa izan arren, arraunean hasi zen Trintxerperekin. Bi denboraldi osatu eta 2000. urtean Orioren tostetan eseri zen. Sei sasoi egin zituen han, eta tarte horretan Kontxa bat irabazi zuen (2000), eta beste bat modu sinestezinean galdu (2001). Orain bi urte Urdaibairekin aritu zen, eta iaztik Castroren La Marinera ontziko kidea da. Kamioilaria da, «txoferra», berak esaten duen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.