Faboritoek ez zuten hutsik egin, atzo, emakumezkoen Kontxako Banderaren sailkatzekoan. Getaria-Tolosa, Zumaia, Galizia eta Bizkaia ziren hautagai nagusiak, eta haiek sailkatu ziren finalerako. Ohorezko Txandan arraun egingo dute gaur (11:00, ETB 1). Getaria-Tolosa izan zen lehiatu ziren hamalau ontzien arten onena.
Iazko sailkatze estropadarekin alderatuta, Astillero da huts egin duena. Izan ere, Zumaia, Galizia eta Getaria-Tolosak iazko finalean ere arraun egin zuten. Baina aurtengo Euskotren ligan argi ikusi da Kantabria taldeak aurreko urteetan baino maila eskasagoa zuela. Hartara, Euskotren ligan lehiatu diren lau ontzietatik hiru sailkatu dira Kontxako finalerako.
Eta denen artean onena Getaria-Tolosa. Ziabogan ere haiek egin zuten denborarik onena: 5,52. Zumaiak bi segundo galu zituen horretan, eta Galiziak, aldiz, lau. Bizkaia, berriz, zazpigarrena zen une horretan (6,04). San Juan, Orio eta Hondarribia zituen aurretik. Bueltako luzean, poparean, baina, aipatutako hiru ontziak baino hobeto moldatu zen Bizkaia, eta azkenean barrura, Kontxara, aurrenekoz.
Halere, lehen hiru sailkatuengatik nahiko urrun helmugaratu zen. Egin kontu: aurreneko hiru sailkatuak bi segundoren bueltan sartu ziren. Joaneko luzean, eta estropadan bere osotasunean hartuta, Getaria-Tolosakoak izan ziren onenak, baina ziabogatik helmugarako bidean Galiziakoek egin zuten denborarik onena. Zumaiak ere garailearen denbora ondu zuen. Datu horiek kontuan hartuta, estropada zirraragarria espero da. Aurreko bi aldietan Galizia nagusitu da. Estropadaren irabazleak 6.000 euro poltsikoratuko ditu; bigarrenak, 4.000, eta hirugarrenak eta laugarrenak, 3.200 eta 2.000, hurrenez hurren.
ARRAUNA. KONTXAKO BANDERA. Faboritoak sailkatu dira finalerako
Getaria-Tolosak irabazi du sailkatzekoa, eta Zumaia, Galizia eta Bizkaia ere lehiatuko dira ohorezko txandan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu