Itsasoa ez da bien lagun izango. Kaikuri bai, lagunduko dio. Castrori ez. Itsaso barea dago emanda. Atzekoak nahiago luke txar-txarra, sailkapena iraultzeko. Aurrekoak ez, nahiago du estropada bere kasa menderatzeko aukera izan, itsasoaren parte-hartzerik gabe. Hortaz, bietako indartsuenak lortuko du oihal preziatua. Ez harritu sagua eta katua bezala ibiltzea gaur. Elkar zaintzen. Elkarren atzetik. Batek erritmoa bizitzen badu, besteak ere bai. Ez daukate beste aukerarik. Kaikuk aldeari eutsi behar diolako, eta Castrok, berriz, aldea jan behar duelako.
Lehen luzeko kontakizuna izan daiteke hori. Elkarren zaintza. Itxuraz, Castrok jo beharko lituzke jo beharreko guztiak eta bi, Kaiku atzean uzten saiatzeko. Bizkaitarrak urduri jartzeko. Egoera horretan, Kaiku izango da katua. Atzetik jarraitu beharko dio Castro saguari. Alde egiten ez utzi. Nola edo hala harrapatu beharra izango du. Eta parean joatea lortzen badu, askoz hobeto. Zer esanik ez, Kaikuk berak egiten badu saguarena. Hasieratik ospa egin, Castro katua saririk gabe utzita. Dena den, balizko estrategiak dira guztiak. Teorian oinarritutakoak. Praktikak bestelako zerbait esan dezake uretan.
Baina teoria praktika baino errazagoa denez, demagun lehen luzean elkar zaintzen joaten direla. Bigarrenean, Castrok jo beharko luke aurrera ezinbestean. Saiatu bai, behintzat. Arriskatu banderaren bila. Kaikuk nahikoa luke eustea. Esatea baino zailagoa da egitea. Elkar zaintzen aritu beharrak tentsioa izango dela esan nahi du. Sekulakoa bi traineruen barruan. Denborari begira. Erlojuaren agintearen mende. Burua ez galtzeak garrantzia erabatekoa izango du. Kaiku hobeto moldatu zen horretan aurreko igandean. Sagua izan zen. Castrok huts egin zuen ziabogan, katuak egiten duen moduan. Baina gaur alderantzizkoa gerta daiteke. Azkeneko erantzuna ordu batak baino lehen jakingo da.
San Pedroren lan txarrak
Hirugarrena da traineru morea. Hamar segundora dauka bandera. Baina bi ontzi aurretik dauzka. Bakarra izanda ere, alde handitxoa izango litzateke. Atera kontuak nolakoa den, bi aurretik ditu. Ia ezinezkoa ematen duelako Kaikuk eta Castrok huts egitea. Horixe behar du San Pedrok bandera irabazteko. Hori, eta berak egundoko estropada egitea. Gerta daiteke, baina zaila ematen du.
Ohorezko txandako laugarrena Hondarribia da. Hamabost segundo kentzen dizkio Kaikuk. Gehiegi gauza onerako. San Pedrori hirugarren postua kentzea ez da erronka txarra. Gaurko helburua hori izan daiteke. Ez da emaitza txarra hirugarren egitea, Kaiku eta Castroren atzetik.
Zalantza guztiak uretan argituko dira. Ur baretan. Ur lasaietan. Itsaso ona emanda dagoenez, gainera, erlojuei askotan begiratuko beharko zaie. Sekulako denborak egin ditzaketelako. Ez harritu, markaren bat hausten bada.