Gainontzeko zazpiek (edo seiek, San Juanena harrigarria izan baitzen), berriz, lasaitua eta poza hartu zuten. Erdi eta erdi. Orio, Urdaibai eta Kaiku, faborito nagusiak, esaterako, estutasun handirik gabe sailkatu ziren. Halere, Kaikuren txapelketetako koadrilaren bolada ona eten zen atzo. Iazko ekainetik hamahiru estropada zeramatzaten alerik galdu gabe. Kontxako ostegunean, ordea, barruan egotea, aurreneko zazpi ontzien artean sailkatzea izaten da garrantzitsuena; benetan inporta duena, ia-ia.
Hondarribiko arraunlariei galdetu, bestela. Poza disimulatu ezinik zeuden Mikel Orbañanosek entrenatutakoak. Joan den uztailetik gaurdaino ez dira espero bezain fin ibili, baina Kontxan azken ahalegina egiteko intentzioa zeukaten. Itsasoa nahasi antzean dagoenean, gainera, brankaz kolpeka ibiltzea, sufritzea tokatzean zaienean, eta poparean, berriz, lan ona egin behar denean, Ama Guadalupekoa trainerukoek nekez huts egiten dute. Eta halaxe gertatu zen. Behin datozen bi igandeetarako sailkatuta, Eñaut Labaien aurtengo otsailean hil zen Hondarribiko arraunlariarekin akordatu zen Orbañanos, eztarriko korapiloa deslotu ezinda.
Pedreñakoek ere bazituzten barrena askatzeko motiboak. Denboraldia hasi aurretik helburua liga irabaztea zela adierazi zuten lotsagorritzeko beldurrik gabe. Horretarako indartu zutela taldea. Baina urak, baretu beharrean, zakartu egin dira han. Irabazi zuten bandera bat uztailean, Moañan, baina helburuak goitik jarrita, normala gero mikaztuta eta bekozko beltzarekin ibiltzea. Bisaia bat-batean alaitu zuten atzo, ordea, denboren berri eman zietenean. Barrura maniobra egiterakoan kanpoan egon arren. Ziabogan, hain zuzen, Astillerok egin zuen denbora onena. Ez zuten barruranzkoan lan on-ona egin, Cristian Garmak ez zituen olatuak usaindu, baina San Jose XIV.a trainerua urteko estropadarik handienean lehiatuko da hurrengo bi igandeetan, lau urteren ondoren.
Castro, berriz, kanpoan hamar urte geroago. A zer-nolako kolpea Joseba Fernandezek entrenatzen duen taldearentzat. Den-dena irabazteko intentzioa eduki, eta azkenean Kantabriako Txapelketa eta bandera bat San Miguel ligan. Joan den igandean etxean lortutakoa, ordea; estropada eremuko marka lortuta, poparean bikain moldatuta eta kontrarioak nabarmen atzeratuta. Beraz, sailkatzeko faborito argia zen atzo, azken hilabeteotan hainbat arazo tarteko batzuetan bero eta besteetan hotz aritu izanagatik. Baina Brazomarreko eremuan olatu mordoa hartu zuen, eta atzo Kontxakoan ez zuen asmatu Iker Gimeno patroiak. Egin kontu: poparean 39 segundo atera zizkion San Juanek Castrori. Camargori baino bi gutxiago besterik ez. Hor galdu zuen estropada Castrok.
San Juanek, aldiz, irabazi. Harrigarria. Inoiz Kontxako Banderan egin den bueltako luzerik azkarrena egin zuten arrosaz jantzitako arraunlariek. 9,02. Oriok 9,22 egin zuen 2001ean. Ez 2004ko sailkatze probako Urdaibaik, tximista hark, ez 2006ko bigarren igandeko Castro menderaezinak. Ez. Bueltako luzerik azkarrena San Juanek egin du. 2.778 metrotan 18 segundo jan zizkion Oriori, 19 Kaikuri, eta 21 Urdaibairi. Eta ontziaren tostetan Kontxan sekula aritu ez diren zazpi arraunlari eseri zituen Makazagak. Badute meritua. Iaz KAE1 ligan, eta orain zerua hatz puntekin ukitzeko pronto. Endika Perez ere bai. Galdetu berari nola egiten den.
Zenbakia
20
Orio Kontxan segidan ariko den urte kopurua. Batzuetan hobeto, besteetan okerxeago, baina Oriok ez du hutsik egiten Kontxako sailkatzeko proban. 20. aldiz jarraian lehiatuko da.Erreakzioak
«Patroia ez daondo moldatu, eta ezinean etorri gara»
Joseba FernandezCastroko entrenatzailea
«Kirola da hau. Sailkatu direnak zoriontzea besterik ez zait geratzen. Ez da gure eguna izan. Ez dugu asmatu. Ziabogan hor geunden, eta poparean ezinean etorri gara. Gure patroia ez da ondo moldatu, eta, tira, pena handia hartu dugu, baina zer egingo diogu ba».
«Ez dugu askorik gozatu; baina, tira, sailkatu gara»
Oier AizpuruaOrioko arraunlaria
«Oso pozik nago. Kontxan aurrenekoz lehiatu, eta barruan. Ez dugu askorik gozatu; baina, tira, lortu dugu sailkatzea. Patroiak ziabogan esan digu besteen parean geundela, eta gero pare bat erreferentzia baino ez dizkigu eman; hobeto. Orain ligako erregulartasunari eutsi behar».
«Elkarri esan diogu lasai arraun egin behar genuela»
Borja GomezPedreñako patroia
«Bagenekin oso zaila izango zela, eta elkarri esan diogu lasai arraun egin behar genuela, batez ere kanporanzkoan. Izan ere, poparean hobeto moldatzen gara. Hala izan da, eta barruan gaude. Zaila izaten ari da denboraldia, baina poz handia hartu dugu, eta orain gozatzera».
«Castrori zer gertatu zaion ikusita,urduri jarri naiz»
Josu ZabalondoUrdaibaiko presidentea
«Gure helburua sartzea zen, eta lortu dugu. Ziabogan txikiak izan dira aldeak, eta Castrori zer gertatu zaion ikusita, urduri jarri naiz. Baina, tira, oso pozik gaude. Gainera, gaurko denborek ez dute datozen bi igandeetarako balio. Ea noizbait bandera Bermeora eramaten dugun!».
«Urduri jarri gara atzekoak olatuak hartzen ikusita»
Gabi LarrinagaSan Pedroko entrenatzailea
«Ziabogan atzetik geneukan Pedreña, baina ez gara ondo etorri, eta begira... Urduritu egin gara atzekoak olatuak hartzen ari zirela ikusi dugulako. Horrelakoetan garrantzitsua da burua hotz edukitzea, baina ez da posible izan. Ez gara sailkatu eta kito».
«Ziur gaude Eñaut Labaien ontziari bultzaka aritu dela»
Mikel OrbañanosHondarribiko entrenatzailea
«Sasoia gogorra izaten ari da. Entrenamenduetan ondo gabiltza, gustura, baina estropadetan ez gara gure maila emateko gauza izan. Gaur, ordea, bai. Konfiantza handia nuen arraunlariengan. Eñaut Labaieni eskaini nahi diogu gaurkoa. Ziur bultzaka aritu dela».
«Besteek hartuez dituzten olatuak hartu ditu patroiak»
Igor MakazagaSan Juango entrenatzailea
«Egun ederra da gaurkoa. Bueltako luze bikaina egin dugu. Endika Perez patroiak bakarraik daki azkeneko bi urteotan zenbat errieta egin diodan. Besteek hartu ez dituzten olatuak hartu ditu berak. Kanporanzkoan ondo borrokatu gara, eta sekulako lana egin dugu».
«Ez gara uste bezala aritu, baina lasaiago nago orain»
Jose Luis KortaKaikuko entrenatzailea
«Ez gara uste bezala ibili. Ez dugu gure arraunketa bilatu brankaz, baina orain lasaixeago nago. Lehen tokian atera gara, eta horren beldur nintzen. Ea igandean besteak baino azkarrago ibiltzeko gai garen. San Juanek sekulako estropada egin du poparean».