Datozen bi igandeetan atzokoa berriz gertatzen bada, kolore berdez apainduko da Donostiako bandera zuri preziatua. Erakustaldi latza eman zuelako Kaikuk. Gainerakoak hankapean erabili zituelako. Denboraldi honetan beste hiru aldiz egin duelako gauza bera: Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan. Arraunlari onenak ontziratu ahal izan duen guztietan, San Miguel ligako legeen mugarik gabe. Atzo ere ez zeukan trabarik, eta nabarmen egin zuen besteen aurretik. Itsaso nahasiari aurre eginez eta egundoko denbora jarriz. Kanporantz joaten onena izanez, eta barrurantz ere besteen aurretik etorriz. Gainerako faboritoak bere atzetik atera ziren, ez zeukan erreferentziarik, ezta behar ere. Arraunlari multzo indartsuenak ez dauka halakoen beharrik. Jo eta jo egiten du, denbora txikitu arte. Emaitza ez da harritzekoa.
Atzetik izan zituen gainerako guztiak, eta tropela handi horretatik, sei traineruk soilik izan zuten saria. Datozen bi igandeetan ariko dira Urdaibai, Castro, Orio, Pedreña, San Pedro eta Hondarribia. Donostiarrarekin batera. Kaiku lagun, edo etsai, zehatzago esateko. Hamalau segundoan sartu ziren sei ontziak. Espero zen halakorik. Espero ez zena Urdaibaik bigarren egitea zen. Sailkatuko zen ere zalantzak zeuden. Bada, kolpe latza emanez uxatu zituen guztiak. Ziabogan, hasiera batean. Bigarren denborarik onena egin zuen, Kaikuren atzetik. Bigarren luzean ere txukun jardun zuen. Helmugan uxatu zituen erabat zalantza guztiak. Barruan zen. Denboraldiko estropada onena eginda. Aurrez ikusten zitzaion maila halako batean eman du, eta horri esker ariko da Donostiako estropadan.
Castrok, akaso, ez zuen onena eman. Ez, behintzat, kanporanzko luzean. Urik ez hartzeko edo, lasai joan zen, eta zazpigarren zen balizetan. Mugaren mugan. Baina barrurantz bai, barrurantz direnak eta ez direnak jo zituen. Bigarren denborarik onena markatu zuen tarte horretan. Sailkapenean hirugarren izan zen. Datu horiek denak ikusita, galdera hau berehalakoan sortzen da: hasi eta buka onena ematen badu, Castrok estutuko al du Kaiku? Datorren igandean jakingo da erantzuna, txanda berean ariko dira eta.
Orio ere txandakide izango dute. Laugarren egin zuen atzo. Denboraldi honetan egin duen bezala: berea eginez. Distira handirik gabe, baina bere-berean. Kanporantz barrurantz baino askoz hobeto moldatu zen. Ziabogan laugarren zen. Bigarren luzeko denboren sailkapenean, seigarren postuan zen. Azkenean, laugarren bukatu zuen. Datorren igandean estutuko ditu bai beste guztiak. Bere-berean, baina irmo.Konfiantzaz. Isil antzean ibili zen Pedreña ere. Zarata handirik atera gabe. Sailkatutzat jotzen zuten iragarpen guztietan, eta horren jakitun edo, primeran bete zuen lana. Sailkatu egin behar zuen, eta sailkatu egin zen. Ez zuen gehiago behar. Baina azken estropadetan bezala, lan ikusgarria egin zuen. Castro eta Orio bi segundo besterik ez ziren aurretik. Ia beste denen aurretik San Pedro ibili zen ziabogan. Hirugarren zen estropada erdian, baina bigarren luzean, sailkatu ez ziren Zarautzek eta Astillerok ere denbora hobea egin zuten. Ez zen ondo moldatu olatuen alde, baina, hala ere, zailtasun handirik gabe sailkatu zen. Komeria gehiago izan zituen Hondarribiak. Uste baino askoz ere gehiago. Itsasoa zegoen bezala egonda, errazago sailkatuko zela uste zen, baina ez zuen egunik onena izan. Lehen luzean bosgarren zen. Olatuen alde, poparean, ederki moldatzen dela kontuan hartuta, lan txarrenak eginda zituela ematen zuen. Baina bueltako luzean hamargarren denbora egin zuen, eta hortxe sortu ziren zalantzak. Ia hiru segundo ezdeusek dudak eragiten dituzte-eta. Horra Zarautzi, kanpoan gelditu zen lehen ontziari atera zion tartea.
Zarautzen madarikazioa
Aurten bizpahiru segundora gelditu da Enbata Kontxan sartzetik. Iaz laura. Bietan zortzigarren. Estropada amaitu eta ontzia arranplan utzi berritan, aurpegi tristeak ziren zarauztarrenak. Traineruaren albo batera, hormaren aurka, Gorka Aranberri patroia zegoen. Burumakur. Lan ederrak saria ez eman izanak sortzen duen etsiarekin. Estropada osoan ez zen ibili patroiaren belarriko tresna, erreferentziak ematen dituena. Eragina izango zuen.
Astillerokoak ere ez zeuden hobeto. Faboritotzat jotzen zituzten, baina kale egin zuten. Eguneko ezuste handia izan zen batzuentzat, baina aurtengo Astillero ez da beste urteetakoa.
Zenbakia
14
urte. Bizkaiko bi traineru Kontxan sartzeko 14 urte igaro behar izan dute. 1995ean, Santurtzi eta Ondarroa aritu ziren, eta harrezkero ez da halakorik berriz gertatu. Aurten arte.Erreakzioak
«Gu bete-betean etorri gara, Kontxa irabazi nahi dugu»
Pedro Mari AbandoKaikuko ordezkaria
«Tentsio handiko egunak izan dira. Ez gaurkoa bakarrik, azken egunak ere bai. Sailkatzea zen helburua, eta lortu dugu, nahiz eta ez genuen horrenbesterainoko alderik espero. Gu bete-betean etorri gara, Kontxa irabazi nahi dugu, baina igandean edonork irabaz dezake».
«Ez dakit zergatik dioten gu sailkatzea ezustekoa dela»
J. R. San JuanUrdaibaiko ordezkaria
«Ez dakit zergatik dioten gu zazpi onenen artean sartzea ezustea izan dela, ezustea beste batzuk kanpoan gelditzea izan da. Erakutsi dugu indarrean gaudela, TKE Ligako taldea garela. Estropada puska egin dugu, luze ederra, eta denboraldia salbatu dugu».
«Argi geratu daorain Kaiku dela ontzirik indartsuena»
Joseba FernandezCastroko arraunlaria
«Pozik gaude, lehen helburua bete baitugu, Kontxarako sailkatzea, alegia. Hala ere, ez gara oso fin ibili. Lehen itzulian motelegi joan gara, baina bigarrengoan apur bat gora egin dugu. Aurkariei dagokienez, argi geratu da orain Kaiku dela ontzirik indartsuena».
«Igandekoa beste estropada batizango da»
Igon LertxundiOrioko presidentea
«Sailkatu gara, eta salbatu dugu eguna. Horrenbeste zenbaki eta erreferentziren artean urduri jartzen zara, baina hasieratik joan gara lau onenen artean, eta horrek lasaitasuna ematen du. Kaiku kontrario gogorra da, baina igandekoa beste estropada bat izango da».
«Sailkatzea zailagoa da ohorezko txandan sartzea baino»
Borja GomezPedreñako patroia
«Helburua lortu dugu, eta lasai antzean, gainera. Ez behintzat zazpigarren postu horri begira eta sufritzen. Bueltakoan gozatu egin dugu, bagenekielako ziabogan zazpi onenen artean geundela. Ohorezko txandan sartzea baino zailagoa zen gaur sailkatzea, eta lortu dugu».
«Ondo gaude, baina hemen kale egitea porrota izaten da»
Jose Manuel OiarbideSan Pedroko ordezkaria
«Kaikuk sekulako estropada egin du, baina beste guztiak hor gaude. Arazorik gabe lortu dugu sailkatzea, ziabogan erreferentzia ona geneukan, eta estropada guztia barruan egin dugu. Denboraldi ona daramagu, baina hemen kale egitea benetan porrota izaten da».
«Ederki sufritu dugu, eta larri-larrisailkatu gara»
Francis Gonzalez TxabarriHondarribiko ordezkaria
«Bagenekien estropada zaila izango zela, eta hala izan da. Lehen luzean nahiko txukun aritu gara, baina bigarrengoan motel aritu gara. Azkenean ederki sufritu dugu, eta larri-larri sailkatu gara. Hala ere, lehen helburua bete dugu: Kontxan egotea».
«Kolpe handia da berriz zortzigarren postuan geratzea»
Gorka AranberriZarauzko patroia
«Pena handia izan da berriro gutxigatik Kontxatik kanpo geratzea. Bagenekien zaila izango zela lehen zazpi ontzien artean sailkatzea, baina bagenekien ere itsaso nahasiarekin aukera izango genuela. Halere, ez dugu lortu. Kolpe handia da berriz zortzigarren postuan geratzea».