ARRAUNA. LAREDOKO IX. BANDERA. ARRAUNA

LAREDOKO IX. BANDERA. Ondo izerdituta kendu dute ajea. Castrok beste bandera bat irabazi du Laredon; ongi, gainera. Hondarribia sailkatu da bigarren. SAILKAPENA. IKUS PDF-A

Igor Susaeta.
2006ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Zerbait handia ospatu eta gero, normala da ajea edukitzea. Nekatuta egotea. Alferkerian ibiltzeko nahia edukitzea. Castrok Kontxako Bandera irabazi zuen pasa den igandean, eta ondo asko ospatu zuten. Aste osoa ajeak jota ibili dira arraunalariak, baina atzo, Laredon (Kantabria, Espainia), San Miguel Ligako 15. proba puntuagarrian, aje guztia kendu zuten ondo izerdituta, eta beste bandera bat erakustaldia emanez irabazita. Hirugarren trapua du aurtengo ligan. Hondarribia bigarren izan zen, 16 segundora. San Miguel Ligako lidertza sendotu du Ama Guadalupekoa-k. Lehiaketa amaitzeko hiru estropadaren faltan 12 puntu kentzen dizkio bigarrenari.

Kontxan erakutsitako nagusitasun berarekin gailendu zen atzo Castro. Jose Luis Kortak pare bat aldaketa egin zituen La Marineraren tostetan. Kontraurreko postuetan Vilella eta Carasa aritu ziren, Vilariñoren eta Olazarren ordez. Ontziak, baina, ez zituen aldaketa horiek igarri. Itsasoa ez zegoen jolasean ibiltzeko. Haizeak gogotik putz egin zuen. Kontrarioak ere ez zeuden jolaserako.

Baina Castrok Kontxako ajeakentzeko intentzioa zuen atzo. Aurreneko txanpa indartsua jo ondoren, buruan jarri zen. Hondarribiak, baina, ondo eutsi zion lehen luzean. Bigarrenean, poparean, saiatu zen Ama Guadalupekoa. Maniobran, baina, sei segundo kendu zizkion garaileak. Hurrengo bi luzeetan gehiago kenduko zizkion, ordea: 16 guztira. Bi ziabogetan arazoren bat edo beste eduki arren, txukun Hondarribia. Pedreña eta Orio, aldiz, atzerago, euren arteko lehian. Espainiakoak aurretik, azkenean.

Estropada txukuna osatu zuen, halaber, Mecosek. Lehen txandan arraun eginda ere, laugarren denborarik onena egin zuen. Zumaiak gertutik jarraitu zion estropada osoan zehar. Horregatik, Telmo Deun ontziak denboraldiko posturik onenetakoa lortu zuen Laredon. Bi ontzi horiek, gaur arraun egingo dute azken aldiz denboraldi honetan.

Cabo da Cruz izan zen azkarrena bigarren txandan, Urdaibairi azken metroetan aurrea hartu ondoren. Ligako 16. estropada puntuagarria jokatuko da gaur Bermeon (12:00, ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.