ARRAUNA. TKE LIGA. Aurreneko txanpa

Vigon etzi jokatuko den estropadarekin ekingo zaio TKe Ligaren hirugarren ekitaldiari; GUZTIRA hemezortzi proba puntuagarri eta hamabi talde, baina faborito bakan batzuk

Igor Susaeta.
2005eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
TKE (Traineru Kluben Elkartea) Ligaren hirugarren ekitaldiak etzi izango du, Vigon, aurtengo denboraldiko aurreneko txanpa. 18 estropada puntuagarri, 12 talde, 241 protagonista (arraunlari) eta bost probintzia. Liga zenbakitan. Dena dago prest. Ontziak uretaratu eta bederatzi hilabeteko lanari ahalik eta etekin handiena ateratzea besterik ez da falta. Horretan saiatuko dira arraunlariak, datozen hiru hilabeteetan, baina Kontxako Banderari begirik kendu gabe. Izan ere, horretan lortutako emaitzaren araberakoa da, oraindik ere, sasoi amaieran egiten den balorazioa.

«Ikuskizuna» da TKEko zuzendaritzako kideek ahotan gehien darabilten hitza. Aurreko bi ekitaldiek gehiago izan dute itzaletik argitik baino. Hasiberriaren ajeak dira horiek. Aurten, ordea, behin Ligaren autogestioa lortuta eta taldeen arteko errezeloak eta ika-mikak baretuta, ikuskizunaren ikur bihurtzeko osagai guztiak ditu TKE Ligak. Taldeak ere boteretsuak dira oso. Arraun munduan profesional gutxi izan arren, prestaketa behintzat ez da txantxetakoa. Urtetik urtera, xehetasunak askoz ere gehiago zaintzen dira. Uretan nabari da hori. Iazko denboraldian marka mordoxka hautsi ziren. Urdaibai, Hondarribia eta Astillero ibili ziren brankan. Azkenean, aurrenekoa nagusitu zen Ligako sailkapen nagusian. Aurten, ordea, mailari eustearekin konformatu beharko du, taldearen bizkarrezurrak Castrora alde egin baitu. Hondarribiak eta Astillerok, berriz, aurrean ibiltzeko intentzioa dute. Asmo hori ekaineko probetan berretsi dute, aurreneko banderak astinduz. Fitxaketa gutxi egin dituzte. Horiek, halere, sona handikoak dira. Joxean Olaskoaga Aizperrok, esaterako, Ama Guadalupekoa ontziaren tostetan arraun egingo du aurten. Castrok izenez eta izanaz betetako taldea osatu du. Muturrean ibili beharra dauka. Zer esanik ez Orioz. Historiaren eta zaleen pisua aldean daramate beti.Liderraren maillotak, indartsuena besteengandik bereizteko balioko du aurten. Berritasun bat arrauna bezalako kirol zahar batean. Uretan, ordea, ez dago garaipenik ziurta dezakeen elastikorik. Txanpak bata bestearen atzetik egin behar dira, aurkariari popa erakutsi arte. Etzi, denboraldiko aurrenekoa, Vigon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.