Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: C multzoa

Arriskua, ezkutuan

Eurokopa irabazteko hautagai nagusia dago C multzoan: Espainia, gaur egungo txapelduna. Italia, Irlanda eta Kroazia talde onak dira, eta hau izan daiteke lehen faseko multzo arriskutsuena.

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Multzoen zozketa egin zenean, azkar esan zuten Espainian erraza izango dela final-laurdenetara pasatzea. Baina kontuz! Italia, Irlanda eta Kroazia talde onak dira, ondo landutakoak, eta Eurokopa honetan, litekeena da multzo hau izatea beldurgarriena. Izenez, Espainia eta Italia dira indartsuagoak, baina Irlandak eta Kroaziak izana dute, izenaz haratago.

Espainia

Goi-goian dago

Eurokopa hau irabazteko faborito nagusia da Espainia, dudarik gabe. Eta ez zaio ematen izen hori azkeneko bi txapelketa handiak irabazi dituelako (Eurokopa eta Munduko Kopa), irabazteko moduagatik baizik. Joko ikusgarria eta eraginkorra egin zuen, baloia izatean oinarrituz, eta bide berari eutsi dio bi urte hauetan. Berriz ere txapeldun izaten bada, inork lortu gabea egingo du: bi Eurokopa eta Munduko Kopa bat segidan irabaztea. Eta balentria osatzen badu, ez da inor harrituko.

Jokatzeko eredu hori gauzatzeko, oso jokalari egokiak dauzka. Partida bakoitzeko golak sartzeko, aukera ugari sortzen dituzte, eta asko izanik, sartzeko aukerak handiagoak dira, nahiz eta David Villa golegile nagusia ez egon, lesio larri bat tarteko. Hor ariko dira Fernando Torres, Negredo, eta Fernando Llorente. Hiru aurrelari horien eraginkortasuna oso garrantzitsua izango da txapelketa ona egiteko. Denak ez dira fio, eta zalantzaren arrakalak hortik hasi dira azaltzen Espainiaren inguruan.

Xavi da taldearen argia, eta ikusi egin beharko da nolako sasoian dagoen. Bartzelonak ez du denboraldi on-ona ere izan, lesioak tarteko, eta ematen du urteetako zama gainean pilatzen hasi zaiola. Cazorla eta Silva ere hor daude antzeko lana egiteko, baina ez dira Xavi bezain erregularrak. Atzealdean, Puyol ez da egongo, minez delako, eta zulo handia utziko du.

Eredu fidagarria, jokalari trebeak, Villaren eta Puyolen hutsunea, aurrelarien inguruko zalantzak eta Xaviren sasoia. Horiek dira Espainiaren inguruko kontu nagusiak. Batzuk aldekoak, besteak ikusi egin behar kontrako ez zaizkion bihurtzen. Halere, faborito nagusia da.

Italia

Eredu berriarekin

Herrialde horretako selekzioaren izena entzun, eta jokatzeko eredu jakin bat burura etortzea bat izaten zen. Defentsako lan zorrotza oinarri hartuta aritu izan da historian zehar. Baina orain iraultza heldu da Italiara. Cesare Prandelli entrenatzailea da iraultzailea. Buelta eman dio ereduari: lehen bistan zegoena ezkutuan da orain, eta alderantziz. Defentsako lana baino gehiago, erasokoa da egun oinarria.

Ez da aldaketa makala. Ez du ematen molde berrira jartzea egun batetik besterako kontua izan daitekeenik. Eta kostatzen ari zaio taldeari. Dena dela, eredu berriarekin ere zitala bezain arriskutsua da Italia. Jokalariak, horrela jokatzeko, beti eduki ditu, baina historiak zehaztu izan du beti bidea, futboleko kultura batek. Orain, jokalari on horien ezaugarriak beste eredu bati lotu zaizkio, eta ondo ari dira. Ariko ez dira bada, teknika aldetik abilak izanik. Ez du bide txarra aukeratu Prandellik.

Izenei dagokienez, beteranoen eta gazteen uztartzea dago. Betikoak daude, batetik: Buffon atezaina, Pirlo eta De Rossi erdilariak. Berriagoak, bestetik: Giovinco, Montolivo eta beste hainbat. Eta bi jokalari on bezain bereziak ere bai aurrealdean: Ballotelli eta Cassano. Idatzitako izen horietako gehienekin joka daiteke erasora. Horretan ez da arazorik. Buruko minak ere badira, ordea. Atzeko lanean ez du betiko sendotasunik Italia honek. Bitxia da hori horrela izatea, baina futbolean jokatzeko hainbat eredu daude, eta esan daiteke mutur batetik bestera igaro dela taldea. Aldaketak aldaketa, Italia beti izango da Italia, eta, txapelketa guztietan bezala, ezin da baztertu handiren bat egitea.

Irlanda

Harria bezain sendoa

Errepide bazterretan, harri ugari dago Irlandan. Gogorrak dira. Mendez mende irauteko, hala izan behar. Horrelako ezaugarriekin osatu du taldea Giovanni Trapattoni entrenatzaile beteranoak. Harri sendoa bezain gogorra da selekzioa. Italiaren betiko defentsako jokoaren ordezkaria izango da Irlanda. Horretan oso trebea da, eta talde zaila da aurkarientzat. Beste muturrean dago partidak irabazteko zailtasuna. Berari irabaztea ez da erraza, baina berari ere kosta egiten zaio irabaztea. Jokalarien izenen gainetik, taldea dago.

Itsusia, zatarra, ikuskizunaren kontrakoa... halakoak eta bi entzun beharko dituzte. Baina, dagoeneko, ohituta dago Trapattoni beteranoa (73 urte bete ditu). Azken batean, bizi osoa darama berdin jokatzen. Eta makina bat arrakasta lortu du. Zertarako aldatu orduan? 2008tik dago Irlandan lanean, eta berehala ezarri zuen bere eredua. Gutxi behar izan zuen 2010eko Munduko Koparako sailkatzeko; Frantziaren aurka galdu zuen kanporaketa, Henryk eskuarekin jotako baloi haren erruz. Handik bi urtera, Eurokopan da. Eta lanak emango ditu multzo honetan.

Kroazia

Badakite zer nahi duten

Onena eta txarrena egiteko gauza da. Onena egin dezake, jokalari onak dituelako. Horien artean, Modric nabarmentzen da. Haren inguruan dago antolatuta taldea. Baina ez da on bakarra. Talentuaren jabe dira, eta egun ona izaten badute, edozein menderatzeko gai dira.

Esperientzia ere aldeko ezaugarri dute. Slaven Bilic jokalari ohia da hautatzailea, eta urteak daramatza selekzioa zuzentzen. Berarekin ari den jokalari multzoa ia bera da beti, eta ondo dakite zer nahi duten.

Aldeko ez dituen ezaugarrietan, hau da handiena: ez da fidagarria. Onena egiteko gai den bezala egin dezake txarrena. Sendotasunik ez du talde gisa. Beti gertatu izan zaio gauza bera. Onaren eta txarraren arteko borroka horretan zein nagusituko, halako txapelketa egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.