Arriskua saihestera

Osasunak Getafen galtzen badu, eta Sportingek irabaziz gero, jaitsiera postuetan izango da Camachoren taldea

Iruñea
2009ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Lehen itzulia hamahiru punturekin azken postuan amaitu ondoren, ezinezkoa zirudiena lortu zuen Osasunak hiru jardunalditan: bigarren itzuliko lehen hiru partidetan zazpi puntu lortu eta jaitsiera postuetatik at zen Jose Antonio Camachoren taldea Ligako hogeitabigarren jardunaldian. Harrezkero jokatu dituen hamabi jardunaldietatik bederatzitan azken hiru postuetatik kanpo egon da Osasuna, baina zulotik erabat aldentzeko aukera izan duten guztietan kale egin dute nafarrek: Sportingen aurka lehendabizi, eta Malagaren eta Recreativoren aurka etxean jokatutako lehietan gero. Gaur arratsaldean Getafen galtzen badu, berriro azken hiru postuetan egon daiteke Osasuna, sei jardunaldi geroago. Hori jakinda, arriskua saihestea izango da gorritxoen asmoa Getafen. Etxekoek ere iraupena dute jokoan, dena dela. Jaitsiera postuetatik gertuen dauden bi taldeak izango dira gaur aurrez aurre, eta partida zaila izango dela argi dago.

Etxean jokatutako azken bi partidak galtzeak kalte ikaragarria egin dio Osasunari; jarraian hiru partida irabazi eta gero -Espanyol, Atletico Madril eta Athletic-, hurrengo lau jardunaldietan puntu bakarra batu du Camachoren taldeak, eta behetik gora zihoan taldearen lasaitasuna desagertu egin da Iruñean. Berriro goitik beherako joeran ikusten dute taldea zaleek, eta alarma hotsak ozen entzun dira aste honetan. Eta alarma hotsak are eta ozenago entzun ez daitezen, gaur arratsaldean ez galtzea du bide bakarra Osasunak. Puntu premian dauden taldeentzat berdinketa ez da sari handia sasoiaren une honetan, baina berdinduz gero, Getafek gorritxoen atzetik jarraituko du sailkapenean gutxienez; bide batez, beste astebete jaitsiera postuetatik kanpo egin ahal izango dute gorritxoek. Sportingek soilik hartu ahal die aurre sailkapenean nafarrei baldin eta Getafen berdinduz gero -Almerian jokatzen dute Gijongoek-.

«Irabaztea da gure asmo bakarra, hori esan eta esan ari naiz beti partiden atarian, eta azken boladan ez dugu lortu emaitza onik, baina irabazteko asmoz zelairatuko gara gu berriro Getafen, irabazten badugu jaitsiera postuen eta gure artean gutxienez talde bat egongo dela badakigu-eta», esan zuen atzo Camachok, Madrilera eramango zituen trena hartu aurretik egin zituen adierazpenetan. Taldea behar baino azkarrago lasaitu zela badaki Camachok, eta erne ikusi nahi ditu bere mutilak, jokoan dagoena ez baita txantxetakoa: «Oraingoa baino egoera zailagoetan izan gara sasoi honetan, eta taldeak barruan zuen guztia eman izan zuen beti. Aldiz, arriskutik at ikusi orduko lasaitu egin da taldea, lo hartu du, eta beharrezko kontzentraziorik eta ganorarik gabe jokatuz gero ez gara hain talde sendoa», jarraitu zuen atzo gorritxoen entrenatzaileak.

Partidaren bezperan hasierako hamaikakoa erabaki gabe zuen atzo Camachok, aspaldiko partez. Azken boladan lesioak eta zigorrak direla-eta egin ditu aldaketak hamaikakoan entrenatzaile espainiarrak, baina azken emaitza txarren ostean, zalantzak agertu zaizkiola dirudi. Getafeko partidarako Sergio eta Nekunam ditu zigortuta Camachok, eta euren ordez Josetxo eta Vadocz ariko dira hasieratik. Baina derrigorrez egin beharreko aldaketa horiez gain, beste bi postu ere erabaki gabe ditu Camachok, eta lau gizonen artean aukeratu beharko ditu bi postu horietarako jokalariak.

Hamaikakoa zehaztu gabe

Javier Flaño eta Masud eskuin hegalean Azpilikuetaren lagun izateko lehian ari dira -batak ala besteak jokatu, Azpilikuetak hegalean atzerago edo aurrerago jokatuko du-, eta aurrealdean Pandianiren bikotea izateko hautagaiak Sola eta Hidalgo dira, ostegunean Portillorekin ere probatu zuen arren. Ligako azken txanpan zalantzak agertu zaizkio berriz Camachori, eta ez da seinale ona, baina ea bere erabakietan asmatzen duen.

Zaleen babesa ziurtatuta dute gorritxoek gaur ere. Osasunak 30na euroko 1.300 sarrera erosi zizkion Getaferi bere bazkideen artean 5na eurotan saltzeko, eta Osasunako bazkideek bikain erantzun dute. 1.300 sarrerak berehala agortu ziren, eta sarrera garestiagoak erosita Getafera joango diren zaleak ere badira. 17.000 lagun eskas sartzen dira Getaferen zelaiko harmailetan, eta askotan Getafeko zaleek ez dute behar bezala erantzuten, gainera. Osasunak ia 2.000 lagunen babesa izan dezake Alfonso Perez zelaian. Haien guztien laguntza ere beharko dute Camachoren mutilek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.