Arriskua seguru bilakatu zuen medikua

Orain astebete hil zen Sid Watkins ingelesa, hogeita bost urte baino gehiagoan Nazioarteko Automobilismo Federazioko eta 1 Formula Txapelketako Zerbitzu Medikoetako buru izandakoa. Watkinsek segurtasunaren bidea hasi zuen, duela berrogei urte.

Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Aurreko astean, 1 Formulak bere kide berezienetako bat galdu zuen. Sid Watkins doktorea aurreko asteazkenean hil zen, 84 urterekin. Izugarri zor diote gaur egungo gidariek Watkinsi, eta ez bakarrik Rubens Barrichellok, Gerhard Bergerrek, Mika Hakkinenek edota Karl Wendlingerrek. Horiek guztiek eta beste askok istripu larriak izan zituzten lehiatzen ari zirela, eta pistan artatu zituen Watkinsek berak. Gaur egun, ohikoa da istripua izan eta segituan mediku prozedurak martxan ikustea. Zirkuitu guztiek dute goi mailako medikugune bat, zauritutako gidari edo lagunak berehala artatzeko. Horiek guztiak pentsaezinak ziren duela 20-30 urte, 1 Formula zirkuituak asfalto pista soila zirenean, kasik.

Watkinsek behin bakarrik hartu zuen parte auto lasterketa batean. Gutxi iraun zuen, ordea; lehen etapa osatu ondoren erretiratu zen. Hortik aurrera, gidarien osasunaz arduratu zen. Neurokirurgian aditu izanik, AEBetan lan egin zuen, eta han hasi zen lasterketetara mediku gisa joaten, Watkins Glen zirkuitua gertu zuela baliatuz. Beste lau lankide hartu zituen gero, gidariei zaintza hobea emateko asmoz. Ingalaterrara itzuli zenean, berehala fitxatu zuen hango automobilismo elkarteak, RAC entzutetsuak. Garai hartan, segurtasuna ez zen eguneroko bizitzako kezka bat. Lanpostuetan ere ez zen gaur egungo segurtasun pentsaerarik, eta 1 Formulan, zoritxarrez, ohikoak ziren tragedian amaitzen ziren istripuak. Watkinsek ez zuen mediku lana egiten soilik: segurtasun neurrietan eman zuen aurrerapauso nagusia.

Horregatik, esan daiteke zuzenean artatu zituen haiez gain ordutik hona bizirik daudenak ere zorretan daudela harekin. Felipe Massa kasko sendotuari esker dago bizirik, baita zirkuituko ospitaleagatik ere. Bi horietan, parte-hartze zuzena izan zuen Watkinsek, zirkuituetan mediku izateari utzi bazion ere. Bere lanak aurrera egin zuen ikerketan, eta zirkuituen segurtasun arloa ere landu zuen. Hogei urte beteko dira laster 1 Formulan gidari batek bizia galdu zuen azkeneko alditik: alegia, Watkinsen lagun-mina zen Ayrton Senna mitikoa hil zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.