Aulkitik begira

Arriskuan bizi

Aitor Manterola Garate.
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Presioa. Jose Luis Mendilibar entrenatzaile duenetik, beste zerbait dauka Osasunak. Berritasunik handiena erritmo bizia da. Baloiarekin eta baloirik ez duenean. Azkeneko alor horretan, presioa erabiltzen du erritmoa bizitzeko. Aurkariaren zelaiaren beste muturrera joan behar badu ere, han joaten da taldea. Ausarta da Mendilibar. Bere agindupean egon diren talde guztietan erabili du presioa. Horri esker, aukera izaten du Osasunak baloia aurkariaren atetik gertuago jokatzeko, eta igandean, txukun ibili ziren eremu horretan jokatu zutenak. Baloiarekin ere bizi ibiltzen da orain, eta bizitasunak zehaztasuna eskatzen du. Zehaztasuna baloia jotzerakoan eta kontrolatzerakoan, eta zehaztasuna baloirik ez duten jokalarien mugimenduetan. Baina horrek denak arriskuak dauzka. Presioa goian egiten bada, taldeko azkeneko lerroa ere aurreratuta egoten da, metro asko utziz bere atzean. Eta presioa egiteko aurreneko ahaleginean, aurkariaren zelaian, huts egiten bada, harrapakin erraza bilakatzen da azkeneko lerroa aurkariarentzat. Arriskuan bizi ibiltzen da Osasuna, baina arriskuan bizi da.

Atzealdean, zehaztasun gutxi. Arrisku handiak hartzea da, esate baterako, taldea erasoan doanean bi hegaleko atzelariak gorantz igotzea. Erdiko bi atzelariak bakarrik gelditzen dira. Hori baliatu zuen Atletico Madrilek txikizioa eragiteko Nafarroako Erresuman. Hori, eta Osasunako atzelarien zehaztasun eskasa baloia erabiltzeko garaian. Taldeak bizi jokatzen duenez, denek egin behar dituzte gauzak azkar, eta atzelariak ez dira zelai-erditik aurrera jokatzen dutenak bezain abilak. Gabeziak biluzik dituzte orain Osasunako atzelariek, eta horietako huts bat ederki probestu zuen Diego Costak bere hiru goletako bat sartzeko. Atzelariak, batez ere erdikoak, ez direnez oso trebeak baloia jotzeko teknikan, gabezia hori konpon daiteke laguntza ematen dieten taldekideen kokapen egokiarekin; taktikarekin, alegia. Baina horretan ere huts igandean. Sergio atzelariari laguntza ematera eta baloia eskatzera aurrez aurre joan zitzaion zelai-erdikoak bazeukan albo batera egitea mugimendua, eta bere atera zeharka begiratuz. Sergioren zehaztasun txikia ez zen hain nabarmen ikusiko.

Itxi ez, eta ireki. Etxetik kanpo 1-3 irabazita, Athleticen partida ikusi ez zuenak pentsa dezake aurreneko kolpean erraz irabazi zuela. Asko-asko ere ez zitzaion kostatu, egiari zor. Baina markagailuak adierazten duen alde handia baino txikiagoa ikusi zen Almeriaren zelaian. Nahiz eta bi goleko aldearekin ibili, partida irekiegia egon zen. Ez zeukan kontrolpean Athleticek. Ezta Almeriak ere, eta hori bada zerbait. Baina gehiago lotu beharko zuela iruditzen zait. Errezeloa daukat Almeria ez ote zitzaion erraz antzean iritsi Iraizozen area inguruetara. Momentu horretan, emaitza 1-3 zela, taldeak ez zuen defendatu eta ez zuen erasotu. Ez bata, ez bestea. Eskerrak Almeria zeukan aurrean. Zerbaitegatik doa azkena. Baina arriskua hor izan zuen Athleticek.

Estu eta larri. Realaren gabeziak zein diren esana eta idatzia dago. Zuzentzeko lan asko egin behar da, eta litekeena da denbora nahikoa ez edukitzea landu behar den guztia lantzeko. Beste zerbait asmatu beharko du Martin Lasartek. Erasoan ditu gabeziak, eta hortik datoz gainerako guztiak, baita defentsako lan biguna ere. Ikusirik taldeko abilenak ez daudela sasoiko, ezin daiteke orain arte bezala jokatu. Edo jokalariak aldatzen ditu, edo jokatzeko eredua eraberritzen. Edo biak: jokalariak aldatu eta horien ezaugarrien araberako eredua aukeratu. Egin dezake erasoan gutxiago arriskatzearen aldeko hautua, kontraerasoan jokatzeko. Bolada txarrak sendatzeko botika eraginkorra izaten da baloirik gabeko lana sendotzea: bost atzelari jarri, edota lerroak atzeratu gero kontraerasora jokatzeko. Marka da gero, baina orain ere, arriskuan bizian da Reala Lehen Mailan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.