Arriskutsua da puztea

Lagun Arok Valladolid hartuko du, eta denek garaipen erraza ikusten duten tokian, zuhurtzia eskatu du Sito Alonsok

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Emaitzak onak badira, zertarako aldatu diskurtsoa? Lagun Aro elitearekin dago azken asteetan, ligako aberatsekin, baina umiltasunez jokatzen segitzen du, azken asteetako lorpen hori behin-behinekoa izan daitekeela jakitun, batez ere arrakastarekin puzteko joera baldin badago. Puztea arriskutsutzat jotzen dute Donostian, Sito Alonso entrenatzaileak denetan lehena, eta bera gidaria den heinean, zaila izango da jokalariek euren tokia galtzea eta handinahikeriaz jokatzea.

Kirolaren psikologia ondo ezagutzen du Alonsok, baita komunikabideen indarra ere. Ostiraleko prentsaurrekoan zuhurtzi mezua zabaltzeko asmotan ekin zion, eta bere esanak nola argudiatu zituen aztertuta, lortu zuela esan daiteke. Hurrengo pausoa kazetariek mezu berbera hedatzea litzateke. Alegia, ez dela komeni puztea, arriskutsua dela eta bertan behera gera daitekeela azken hilabete eta erdiko emaitza bolada ona.

Sito Alonsoren lehen argudioa: komeriak pasatu ditugu sailkapeneko zuloan dauden taldeen aurkako partidetan. Egia. Murtzia zuloan zegoen, eta taldeak azken laurdenean izan zuen susperraldia izan ez balu, muturreko handi samarra hartuko zuen: «Zortzi minutu falta zirela, hamabost punturen aldearekin galtzen ari ginen», gogoratu zuen entrenatzaileak. Obradoiroren partidaren inguruan ere antzeko analisia egin zuen: «Hamazazpi punturen aldea lortu genuen, eta hirura hurbildu ziren. Beheko taldeak estu dabiltza, eta ez daude barkatzeko prest. Serio jokatzen ez badugu, galdu egingo dugu, edozeinek irabaz baikaitzake».

Bigarren argudioa. Valladolideko zuzendaritzak kargutik kendu du Luis Casimiro entrenatzailea, emaitza txarrengatik, baina ez du beste entrenatzailerik fitxatu. Taldean hamar urte daramatzan etxeko teknikari bat jarri du postu horretan: Roberto Gonzalezi. «Entrenatzaile aldaketek hoberako erreakzioa izaten dute. Jokalariek aurreko entrenatzaileari huts egin diotela pentsatzen dute, eta gauzak hobeto egiten saiatzen dira. Valladolid ere bai».

Arantzaz betetako bidea

Gaztelako taldeak nahiko itxura txarra dauka. Aldaketa asko egin dituzte denboraldia hasi zenetik, eta jokalariek hilabete pare bat daramate soldatarik poltsikoratu gabe. Arazo horrek egoera gaiztotzen du nabarmen, eta irtenbidea bilatzen ez zaion heinean, litekeena da hainbat jokalariren konpromisoa apaltzea. Valladolidek, gainera, sasoiko berri txarrena jaso zuen Fuenlabradan: taldeko jokalari onenetakoak, Stephane Dumas joko antolatzaile frantziarrak, ia-ia sasoia bukatu bitartean ez du jokatuko, lesio larria izan baitu.

Lagun Arori dagokionez, apaltasunez segitzen du. Hamargarren garaipena lortzea da haren asmoa, eta gero gerokoak. Badaki hamabi garaipenekin Endesa ligan jarraituko duela, eta hori lortu arte, ez da aldatuko diskurtsoa. Zortzi onenen artean jarraituta ere. Peter Lorantek segundo batzuk jokatu zituen Santiagon, eta asteek aurrera egin ahala, denbora gehiago jokatuko du. Kopa iritsi arte, ordea, ez du sasoi onik lortuko. Jaroslav Korolev errusiarra ere korrika hasi da, baina martxoa arte ez da bueltatuko.

LAGUN ARO-VALLADOLID

Txapelketa. ACB ligako 19, jardunaldia.

Lagun Aro GBC. Neto, Salgado, Papamakarios, Lander Lasa, Baron, Vidal, Panko, Lorant, Ogide, Doblas eta Betts.

Valladolid. Uriz, Zamora, Samo Udrih, Diego Garcia, Isaac Lopez, Robinson, Nacho Martin, Anagonye, Toure, Hernandez-Sonseca eta Bortchard.

Sailkapena. Lagun Aro zazpigarren postuan dago: 9-9 (+50); Valladolid, berriz, azkena da: 4-14 (-139).

Lekua. Illunbe (10.600 ikusle)

Ordua. 18:00
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.