Daukanak nahi ez, eta ez daukanak hark edukitzea nahi. Jolas polita izan zen atzo Italiako Giroko hamabigarren etapan. Datozen etapak gogoan, Joaquim Rodriguezen elastiko arrosa oparitzeko prest zegoen Katuxa. Liderraren maillotik ez, presiorik ez. Horiek ziren kalkuluak. Aldaketarako txirrindularia ere aukeratu zuten: Sandy Casar (Francaise des Jeux). 48. kilometroan hasi zen gorpuzten ihesaldia, zazpi txirrindularikoa hasieran, eta bederatzikoa gero; tartean zen Amets Txurruka (Euskaltel-Euskadi). Frantziarra ageri zen sailkapen nagusian galera txikienarekin, Rodriguezengandik 4.01 minutura.
Polita izan zen pultsua. Esprinterren taldeek lan egin zuten hasieran. Baina, lau mendate tartean zirela, ezinezkoa zen atzoko etapa esprintarekin amaitzea. Esprinterren taldeak bakean, Katuxa gora begira, Liquigas eta Lampre ere ardura hartzeko nagituta... Helmugara iristeko 70 kilometro falta zirenean, bi minuturena zen aurreko bederatzien aldea; 50 kilometro falta zirenean, bostena; eta 38 falta zirenean, zazpirena.
Atzean zegoen jolasa. Katuxak ez zuen nahi lidergoa, baina Liquigasek eta Lamprek Katuxari eman nahi zioten ardura hori. Aldea zazpi minututik igotzearekin batera hasi zen Liquigas bete-betean lanean, eta hamar kilometro eskaseko tartean lau minutura jaitsi zuten aldea. Arrosa Katuxarentzat berriz ere. Etapa eta lidergoa nahi zituen Casarrek, eta etapa gainerakoek. Michal Golasek (Vacansoleil) jo zuen lehen erasoa, baina azken kilometroan sartuta, Lars Ytting Bak (Lotto) ibili zen bizien. Denak elkarri begira zeudenean jo zuen erasoa, eta bi besoak altxatuta helmugaratu zen. Casarri, berriz, 26 segundo falta izan zitzaizkion ametsa betetzeko. Katuxaren kalterako, Liquigasek jan zituen 26 segundo horiek.
Txirrindularitza. Italiako Giroa
Arrosarekin jolasean
Lars Ytting Bak danimarkarrak irabazi du Giroko hamabigarren etapa, eta lidergoa hartzeko zorian egon da Sandy CasarBederatzi laguneko ihesaldian sartu da Amets Txurruka, baina lehertuta amaitu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu