Arsenal-Bartzelona eta Inter-Bayern Munich dira lehia erakargarrienak

Iazko finala jokatu zuten bi taldeak elkarren aurka ariko dira Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako zozketak kanporaketa erakargarri bat baino gehiago ekarri du, baina guztien gainetik Inter Milanek eta Bayern Munichek jokatuko dutena nabarmentzen da. Milango taldea ez da fin ibili sailkatze multzoan, eta iazko bi finalistek lehen kanporaketan neurtuko dituzte indarrak. Arsenalek eta Bartzelonak ere kanporaketa erakargarria jokatuko dute, eta nabarmentzekoa da Milan eta Tottenham elkartuko dituena. Ingalaterrako talde erasokorra lehen faseko ustekabeko gozoetako bat izan da.

Kanporaketak bi hilabete barru jokatuko dira, Europako iparraldean negu partean lehia gelditu egiten delako. Final-zortzirenetako joaneko partidak otsailaren 15, 16, 22 eta 23an jokatuko dira,launa partida aste bakoitzeko. Itzulikoak, berriz, bi aste geroago, martxoaren 8, 9,15 eta 16an. Oraindik erabakitzeke dago kanporaketa bakoitza noiz jokatuko den. Partida guztiak lehen faseko lehen sailkatuen eta bigarren sailkatuen artekoak dira, eta lehen sailkatuek itzulerako partida etxean jokatuko dute.

Inter eta Bayern Munichen arteko kanporaketa da erakargarriena, eta alemaniarrak iazko finaleko zorrak kitatzen saiatuko dira. Horretarako, bigarren partida etxean jokatzeko abantaila izango dute. Bartzelonak eta Arsenalek ere 2006ko finala jokatu zuten, eta orain berriz neurtuko dituzte indarrak. Biak dira titulurako hautagaiak, eta itzuliko partida Katalunian jokatuko da. Arsenal zen lehen sailkatu guztiek saihestu nahi zuten aurkaria. Fabregas Arsenaleko kapitain kataluniarrak heldu den denboraldian Bartzelonan jokatuko du ziur asko, eta ikusmina piztuko du Camp Noun ematen duen mailak.

Lehen sailkatu guztiek saihestu nahi zuten bigarren taldea Milan zen, eta Lombardiako taldeak Tottenhamek lehen ligaxkan emaniko irudi ona aztertuko du. Itzulera Londresen jokatuko da. Deigarria da ere bai Lyon eta Real Madrilen arteko kanporaketa. Iragan sasoian Lyonek ezustea eman eta bizkarrekoa eman zion madrildarren proiektu aberatsari. Bigarren urtez jarraian, itzuliko partida Madrilen izango da.

Europako talde handien artean, Chelsea da zorte handien izan duena, zozketak Kopenhagerekin parekatu baitu, ustez aurkaririk ahulena dena. Itzulerako partida Stanford Bridgen izango da. Manchester Unitedek, berriz, ez du aurkari erraza izango Marseillarekin, baina itzuliko partida etxean jokatuko duenez, eurak dira aurrera egiteko faborito. Azken bi kanporaketei dagokienez, Erroma eta Xakthar Donetsk eta Valentzia eta Schalkeren artekoak, ez dute faborito garbirik. Itzulikoak Alemanian eta Ukrainan jokatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.