Partida hamaseina berdinduta zihoan Artolak eskuak eskuin hankara eraman zituenean. Aurrelaria ez zen saiatu ere egin Urrutikoetxeak eginiko azken dejadara iristen. Medikuari begiratu, eta sartu-irtena egin zuen aldageletan. Saiatu zen berriz ere jokatzen, baina tanto bat besterik ez zuen iraun. Gauzak hala, partida Urrutikoetxea-Imaz bikotearentzat izan zen: 22-16. Bi jardunaldiren ostean, garaipena eskuratu ezinda daude, berriz, Artola eta Aranguren.
Partida sendo hasi zuten urdinek. Urrutikoetxearen eta Imazen ezina aprobetxatuz, 3-11 eta 4-12 aurreratu ziren Artola eta Aranguren. Haiek lan erdietara iristearekin batera, ordea, gorriak esnatu egin ziren. Markagailuan 9-15 jarri ostean, 7-1eko partziala eskuratu zuten, partida berdintzeko. Beraz, Artolaren lesioa iristerako, gorriak jokoan nagusitzen ari ziren, baina partida irekita zegoen oraindik.
Orain, itxaron egin beharko da jakiteko ea Artola gai izango ote den Peña II.aren eta Albisuren aurkako partida jokatzeko. Ezin badu, Baiko enpresak ordezko bat izendatu beharko du.
Gaur amaituko da Binakako Txapelketako bigarren jardunaldia, Jaka-Martija eta Elezkano II-Zabaleta bikoteen arteko partidarekin. Lehenengoek ezin izan zuten txapelketa garaipen batekin hasi; bigarrenek, berriz, 22-3 hartu zituzten mendean Ezkurdia eta Ladis Galartza.